Berango eta Sopelako Burdin Hesia ezagutu ahal izango da domekan
2020-08-12 08:20 Pil-pileanAntzezpen historikoen bidez 1937ko burrukaldiak erakutsiko ditue.
Eskualdeko hainbat eragilek egin dabe bat abuztuaren 16ko bisitaldi antzeztua antolatzeko. Batetik, Jata-ondo Landa Garapen Alkartea eta Berangoko Burdin Hesiaren Oroimenaren Museoa dabiz lanean; bestetik, Frentes de Euzkadi eta Orbela alkarteek be hartuko dabe parte. Era horretara, bisitariek Bizkaiko oraintsuko historiako pasarteak hobeto ezagutu ahal izango ditue.
Berango eta Sopela udalerrietako mendietan eregitako Burdin Hesiaren zatira joango dira domekan. Faxistak geratzeko 1936ko gerran egindako defensa-moltsoa izan zan Burdin Hesia, Bilbo inguratzen daben eskualdeetan. Estrategiak porrot egin eban, baina Burdin Hesiaren zati batzuk gaur eguneraino heldu dira, orain dala 80 urte baino gehiagoko jazoeren lekuko.
Ordu bi eta erdi inguruko bisitan, Burdin Hesiaren aztarnak ikusiko ditue parte-hartzaileek eta, Frentes de Euzkadiko kideei esker, orduko giroa bizi ahal izango dabe, antzezpenen bidez. Gerra sasoiko jantzi eta materialen erreprodukzinoak prest daukiez horretarako. Areneburu eta Urkomendiko babesguneetan izandako burrukaldiak gogoratuko ditue, besteak beste. Gitxi gorabehera, 1937ko bagileko egoerea antzeztuko dabe. Azalpenetan euskerea eta gaztelania erabiliko ditue.
Hitzordua goizeko 09:30ean ipini dabe, Sopelako Urko aparkalekuan. Bisitaldian parte hartu nahi dabenek izena emon beharko dabe eta euro bateko prezio sinbolikoa pagau. Izan be, Covid-19a dala eta, talde txikian joan nahi dabe, gehienez 20 personakoa. Izena emoteko info@orbela.com helbide elektronikora idatzi, edo 688 851 043 zenbakira deitu.
Sopela eta Berangoko ibilaldi honen ostean, irailean beste bat antolatu dabe, eskualdean Burdin Hesiaren aztarnak gordetzen dituan beste udalerri baten, Gamiz-Fikan hain zuzen. Irailaren 6an izango da hori.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!