Organuaren mendeurrena ospatuko dabe Gorlizen
2020-08-11 09:35 MusikeaEguaztenean, hilak 12, kontzertu berezia egongo da.
Andra Maria Sortzez Garbiaren eleizan dago Gorlizko herriak daukan altxor nagusietako bat, ehun urteko organua hain zuzen. 1920ko bagilaren 18an aurkeztu eben jentaurrean tresna barria, J. Melcher alemaniarrak egina. Ekitaldian Jesús Guridi tenorrak kantau eban.
Ehun urte geroago, mendeurrena ospatzeko ekitaldia be kalidade handikoa izan daiten ahalegina egin dabe Gorlizko Udalak eta herriak. Abuztuaren 12an, eguaztena (20:00), kontzertu berezia egongo da, Ana Belén García organo jole eta adituaren eskutik. Ganera, Miren Urbieta sopranoak kantauko dau. Egitarauan barroko frantses eta italiarretik XIX. mendeko erromantizismora eta XX. mendearen erdialdeko euskal musikara doazan piezak tartekatuko ditue (ikusi programea behean).
Diego Amezua Bizkaiko Organoaren Lagunen Alkartearen laguntzinoagaz antolatu dau Gorlizko Udaleko Kultura Sailak emonaldi berezi hori. Gonbidapenak Kultur Etxean jaso leitekez (8:30-14:00) edo 94 677 40 00 zein 688 62 50 67 telefono zenbakietara deituta.
Ganera, mendeurrena modurik disdiratsuenean ospatu ahal izateko, oraintsu goitik behera zaharbarritu dabe organua, Alejandro Turanzas organogilearen tailerrean. Estilo erromantikoko instrumentua da, oso moldakorra, askotariko tinbreak ditu eta horrek konbinetako aukera ugari emoten ditu.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!