José Luis Herrerías: 'Garbi geratu da banderak irabazteko burrukan egon gaitekezala barriro'
2020-08-10 07:57 BarriketanZierbena Arraun Alkarteko presidentea.
Garagarrilaren 31tik abuztuaren 2ra arteko asteburua historikoa izan zan Zierbena Arraun Alkartearentzat. Klubaren historia luzean lehenengo aldiz, Euskadiko Txapelketea irabazi eban, Lekeitioko uretan, eta, egun bi geroago, Espainiako txapeldun izan zan Pedreñan (1947an eta 2018an be irabazi eban hori). Denporaldia nahi baino makalago hasi eban Zierbenak, baina, duda barik, garaipen bi honeek arraunlarien eta zaleen animoak bizitu ditue.
José Luis Herrerías presidenteak kontau deuskunez, EuskoLabel Ligako sailkapenean gora egitea gatx ikusten dauen arren, banderaren bat irabazteko asmoz ekin deutse sasoiaren bigarren parteari. Bat, behinik behin, eroan dabe etxera, Ondarroakoa, abuztuaren 9an. Ganera, begiz jota daukie Kontxakoa be.
1.- Euskadiko txapeldun lehenengoz, ondoren Espainiako txapeldun. Zierbena Arraun Taldearentzat ze eragin dabe garaipenok?
Aurtengoa urte konplikadua izan da danontzat, eta honek indarra eta segurtasuna emongo deusku denporaldiko azken zatiari aurre egiteko. Ganera, aurten ez jakuz gauzak pentsautako moduan urten, lehenengo lauren artean ibiltea zan helburua, baina lehenengo estropadak eskasak egin genduzan eta atzean geratu ginan. Trainerua sensazino onak berreskuratzen hasi da.
2.- Herrian zelan hartu zaitue Euskadiko eta Espainiako txapelketak irabazi eta gero?
Poztasun handiz, duda barik. Euskadiko Txapelketea sekula irabazi barik egon gara. Gurea herri txikia da, horregaitik barri bikaina da gure trainerua Kantauri Itsasoko klubik handienakaz lehian ikustea.
3.- Zierbena horren txikia izanik (1.500 biztanle inguru), traineru indartsua daukazue, bai azken urteetan eta baita historiako beste momentu askotan be. Zein da sekretua?
Garrantzitsua da babesleek emoten deuskuen babesa, urte askoan ibili dira gugaz. Herrian bertan be, txikia dan arren, jente asko gabiz dedikazino handia klubari emoten, goi mailako traineru bat uretan izan daigun. Urterik urteko lana da, eten bakoa.
4.- Sailkapenaren erdi partean, ez gora ez behara begira geratu da Zierbena. Azken garaipenok motibazinoa emongo deutsue lehiatzen segiduteko?
Oraindino liga erdia falta da, ahaleginduko gara gorago igoten, posturen bat hobetzen behinik behin. Pixkanaka joan nahi dogu, eta ia bandearen bat irabazten dogun. Dana dala, transizinozko urtea da hau, zentzun askotan konplikadua, beraz ligea trankil amaitu ahal izatea bada gauza positiboa.
5.- Kontxako estropadea be laster dator. Hor kupoak nasaiagoak dira, aukerak ikusten deutsazuz Zierbenari?
Garbi geratu da banderak irabazteko burrukan egon gaitekezala barriro. Trainerua polito dabil lanean, gero eta hobeto, eta denporaldi amaiera ederra izan geinke. Lasaitasunez preparauko dogu Kontxa, onenakaz egoteko asmoz. Kupoenak, dana dala, ez pentsau horrenbeste eragiten deuskunik, esate baterako, Espainiako txapelketea irabazi genduanean etxeko arraunlari asko joan ziran traineruan, 19 urteko bi gazte mailetatik igon barriak ziran.
6.- Bizkaiko taldeak punta-puntan dabiz, eta EuskoLabel Ligako taldeen erdiak bizkaitarrak dira. Loraldian dago hemengo arrauna?
Ziklo kontua izaten da hori, eta orain bizkaitarron momentua da. Aprobetxau egin behar dogu loraldia, ahalik eta urte gehien maila on honi eutsi. Askotan suberte kontua be bada nor dabilen punta-puntan: arraunlari gazteak eta onak daukazuzan, inguruko babesa ... Alde horretatik, erakunde publikoek emoten deuskuen babesa eskertu behar dot, uste dot arrauna bultzatzeko lan ona egiten dabizala, esate baterako Bizkaiko Foru Aldundia.
7.- Harrobia osasuntsu dago Zierbenan?
Pandemia heldu baino lehen, kadeteen mailatik beherako 25 neska-mutil euki doguz harrobian, Zierbenakoak eta inguruko herrietakoak. Horri jubenilen batela gehitu behar jako. Orain udako ikastaro batzuk antolatu doguz, umeek arraunaren mundua ezagutu deien, oinarrizko teknikea ikasi... Hor be 30 neska-mutil badabiz. Etorkizun ona dogu, harrobia ondo dabil lanean. Emoitzak ikusten hasi gara, AN Castroko nagusien traineruan hiru gazte egozan, gure jubeniletatik pasautakoak. Eta gure jubenilen batela bere mailako txapeldun izan da urte bi segiduan, ganera urte batetik bestera arraunlari barriak sartuta.
8.- Amaitzeko, Covid-19ak arraunean dauen eragina be aitatzekoa da. Txapelketak jokatzen zabize, baina zuen egunerokoa asko aldatu dau pandemiak?
Hasieran nork bere etxean egin genduzan entrenamenduak, entrenatzailearen eta medikuen kontrolpean. Orain be, egunero egiten doguz kontrolak, arraunlarien osasuna jagoteko. Baina ez da arraunlarien ardurea bakarrik, inguruan gabizanok be kontu handiz ibili behar gara. Ia denporaldia ganoraz eta berme guztiakaz amaitu ahal dogun behintzat.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!