'Hogwartseko ihesgela digitala' eta 'Gose jokoak', euskeraz

Bizkaie! 2020-08-06 08:35   Euskerea berbagai

Egia Kultur Etxeko liburutegikoek egin ditue itzulpenak.

Liburu eta film ospetsuetan oinarritutako joko digital bi euskeraz be gozau leitekez orain, Donostiako Egiako Kultur Etxeko liburutegiak egin dauen ahaleginari esker. Hogwartseko ihesgela digitala Harry Potter pertsonaiaren abenturen ingurukoa da; Gose jokoak, ostera, izen bereko liburu eta filmakaz lotuta dago.

Konfinamendu bete-betean, apirilean, egundoko arrakastea batu eban Hogwarts Digital Escape Room jokoak, iges gelen antzeko funtzionamendua pantailara eroan ebalako. Ordenagailu, tablet edo eskuko telefonoaren bidez, jokalariak Harry Potterren mundu magikoan sartu leitekez. Benetako iges gela baten legez, jokalariek probak eta buruhausteak gainditu behar ditue aurrera egiteko.

Pennsylvaniako liburuzain batek sortu eban jokoa, eta berehala izan eban arrakastea ikusita, beste hizkuntza batzuetara itzulpenak egiten hasi ziran. Donostia Kultura erakundeak azaldu dauenez, Egiako Kultur Etxeko liburutegian euskerara itzultzeko lanari ekin eutsen. Hogwartseko ihesgela digitala jaio zan holan.

Ondoren, Pennsylvaniako liburutegikoek Gose jokoak sailean oinarritutako beste joko bat aurkeztu eben. Hori be euskeratu dabe. Kasu honetan, iges gela formatuko jokoa baino, aukera eizu zeure abenturea erakoa da. Mundu distopiko eta apokaliptiko baten sartuko da jokalaria, eta erabagi egokiak hartu beharko ditu bizirik urteteko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu