Hilabete Gastronomikoak Bermeon, hegaluzea oinarri
2020-08-05 12:05 Jan edanakAbuztutik abendura, herriko hamar jatetxek jaki tipikoak preparauko ditue.
Bermeoko Udalak, Urremendi Landa Garapen Alkarteak eta Bermeo hegaluzearen munduko uriburutzat joten dauen Tuna World Capital ekimenak plan barria atondu dabe hurrengo hileetarako, gastronomia eta ondarea ardatz. Nik, BermeON programearen parte dan Hilabete Gastronomikoak zikloan herriko jatetxeek eta saltzaileek hartuko dabe parte.
Abuztutik abendura, hegaluzea oinarri daben bost plater edo jaki atonduko ditue Bermeoko jatetxeek, hau da, hilabete bakotxeko bat. Euren ikutu berezia emongo deutse ekimenagaz bat egin daben hamar jatetxeek. Hortaz, jaki tipikoak izango dira, baina goi mailako sukaldariek preparautakoak, herritar eta bisitarien gozamenerako.
Lehenengo jakia, abuztuari jagokona, marmitakoa da. Dagoeneko probau leitekez hamar jatetxeotan egindako marmitakoak. Irailean hegaluzea Bermeoko eran izango da protagonista; urrian, atuna tomateagaz; zemendian, atun albondigak; azkenik, abenduan, konserbako atun kutixien txandea izango da.
Abuztuko txandan, egunero jan ahal izango da marmitakoa. Ganerako hileetan, baina, asteburuetan baino ez da egongo kanpaineari jagokon platera jateko aukerea.
Honeek dira ekimenagaz bat egin daben jatetxeak: Almiketxu Erretegia, Artza, Bengoetxe Erretegia, Cannon Etxea, Kafe Antzokia, Kai Alde, San Pedro Erretegia, Akelarre, Bermeoko Kasinoa eta Toki Alai.
Horrezaz gan, hile bakotxean protagonista izango dan jakia ardatz, showcooking saioak egingo ditue, hilean bat. Sukaldari profesionalek hegaluzedun platerak zelan preparau azalduko dabe. Kafe Antzokia, Kasinoa, San Pedro Kofradia, Kai Alde eta Artza jatetxeak arduratuko dira, txandaka, saioez.
Udalak azaldu dauenez, Hilabete Gastronomikoek hiru elementu buztartzen ditue: Bermeoko gastronomia parebakoa, hegaluzea eta herrian saltzen diran goi mailako produktuak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!