Judith Jauregiren disko bat, Opus Klassik sarirako hautagai
2020-08-05 09:07 MusikeaVienan grabau eban Pour le tombeau de Claude Debussy.
Musika klasikoko kontzertu, disko eta grabazinoen alorrean muduko sari entzutetsuenetakoen artean dagoz Alemaniako Opus Klassik diralakoak. Aurtengo edizinoan euskal musikagintzeak ordezkari bat izango dau, zuzeneko diskoen ataleko sarirako izentau dabelako Judith Jauregi piano jole donostiarra.
2019an argitaratu eban Jauregik Pour le tombeau de Claude Debussy, Vienan 2018ko urrian jotako errezitaldiaren zuzeneko grabazinoaren diskoa, ARS Produktion etxearen eskutik. Izenburuak dinoan legez, Claude Debussy konpositore frantziarrari (1862-1918) eskainitako lana da, Jauregiren erreferente nagusietako bat dalako.
Debussyk beste konpositore batzukaz (Falla, Liszt, Chopin eta Mompou) dauen loturea jorratzen dau diskoak, eta, era berean, sortzaile frantziarraren figurea nabarmentzen dau. Bere sasoiko musikagilerik esanguratsuenetako bat izan zan Debussy, orduko jokera artistiko abangoardistetan oinarrituta musikagintzea barritzen lagundu eban.
Honako hau ez da, baina, Judith Jauregiren disko bakarra, dagoeneko sei ditu. Azkena, oraintsu argitaratutako Die Romantische Seele. Zuzeneko lehenengoa dau, hori bai, Claude Debussyri eskainitakoa. Horrezaz gan, errezitaldiak eta kontzertuak emoten ditu munduko herrialde askotan.
Opus Klassik sarietan 25 kategoria dagoz: Urteko abeslaririk onena, zuzendaririk onena, disko onenak, kontzertu barritzaileenak... musika klasikoak urte bakotxean emon dauen onena batzen dabe. Jauregi zuzeneko diskoen atalean da hautagai, eta uda ostean emongo dau epaimahaiak irabazleen inguruko ebatzia. Sariak Berlinen banatuko ditue, urriaren 18an.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!