Ahoskerea landuko dabe irailaren 18ko ikastaroan

Bizkaie! 2020-08-04 09:41   Euskerea berbagai

Euskaltzaindiak Mendeurreneko ekitaldietan ikusi eban gaia jorratzeko beharra.

Irailaren 18an Donostiako Luis Villasante Euskerearen Ikergunean egingo dabe Euskaraz ahoskatzen ikasi eta irakatsi izeneko ikastaroa, euskera jasoa zelan ahoskatu behar litzatekeen aztertu eta parte-hartzaileei jarraibideak emoteko. Udabarrian zan egitekoa Euskaltzaindia era horretako ikastaroren bat, baina pandemiagaitik ezin izan zan, eta irailerako itxi dabe, birusak trabarik jarriko ez dauelakoan.

Halandabe, euskerearen ahoskerearen ganeko ardurea atzeragotik dator. Idatzizko hizkuntzearen aldean, ahozkoarena ez dago horren zehaztuta Euskaltzaindiaren arauetan, eta Akademiaren Mendeurreneko jardunaldietan hasi ziran pentsetan gaiari heldu behar jakola. 2019ko zezeileko jardunaldiak emondakoa ikasketen arlotik jorratzen segitzeko asmoa agertu eban Ahoskera Batzordeak.

Lehenengo ikastaro aurreratua Gasteizko Oihaneder etxean egin zan, 2019ko urrian. 2020ko irailean, beraz, bigarren hau dator, zati bitan banatuta: Lehenengoan (09:30-10:30), Ahoskera Batzordeko buru Lourdes Oñederrak jakingarri teorikoak emongo ditu. Ondoren (13:30ak arte), Julia Marin Arteagak alderdi praktikoa landuko dau. Antzerki-itzultzailea eta komunikazino tekniken irakaslea da bera.

Euskaltzaindiak jakitera emon dauenez, jentaurrean euskeraz sarri berba egin behar dabenentzako ikastaro aproposa izan leiteke irailekoa: Adibidez, irakasle eta esatarientzat, edo lanbide horreetarako ikasten dabizanentzat. Bestela, ahozko hizkuntzan interesa daben guztiek be probetxua aterako deutse ikastaroari.

Hori bai, izena emoteko bizi ibili behar da, hamabi laguneko taldea izango dalako gehienez, Covid-19ari aurre egiteko neurriak dirala eta. Irailaren 11ra arte emon leiteke izena, donostiaordez@euskaltzaindia.eus helbidera idatzi edo 943 42 80 50 telefono zenbakira deituta.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu