Bermeoko XXXV. Musika Astea, zapatura arte martxan

Bizkaie! 2020-08-03 11:46   Musikea

Sei kontzertu dagoz programazinoan.

Abuztuko lehenengo astea musikaz blai dator Bermeon. Astelehenetik zapatura, egunero kontzertu bat antolatu dabe, XXXV. Musika Astearen barruan, doban. Covid-19ari aurre egiteko neurri zorrotzak hartuko ditu Udalak emonaldi guztietan, eta aurretik gonbidapenak eskatu beharko dira, antolatzaileek aforoa kontrolau ahal izan deien. Kultur Etxean banatzen dabiz gonbidapenok.

Abuztuaren 3tik 7ra bitarteko kontzertuak Santa Maria eleizan egingo dira, 20:00etan. Abuztuaren 8koa, ostera, Goiko Plazan izango da, aire zabalean. Azken kontzertu honetan ehun jesarleku jarriko ditue eta ez da gonbidapenik eskatu beharko, lehenengo heltzen danak lekua izango dau.

Egitarauan sei kontzertu dagoz, egun bakotxeko bat. Honeek dira:

- Astelehena: Basabi. Boskote honen helburua da espezializauta dagozan estiloak euren eremutik atera eta estereotipoak desegitea. Musika klasikoa eta txalapartea buztartzen ditue, eta Kronos izeneko emonaldia eroango dabe Bermeora.

- Martitzena: Euskadi Brass Ensemble. 2014an sortutako taldea. Soinu ibilaldi baten bidez, Mahler, Bizet, Langford eta Hazell konpositoreen lanak aurkeztuko ditue Bermeon.

- Eguaztena: Ramón Bassal eta Marc Piqué. Biolontxeloaren eta pianoaren arteko alkarrizketea dakarre artista biek, eskarmentu handiko ibilbide musikal bi buztartuta. Beethovenen jaiotzearen 250. urteurrenagaz lotutako errepertorioa izango da ardatza.

- Eguena: Jone Martinez eta Itxaso Sainz de la Maza. Kontzertu liriko honetan, pieza ezagunak kantauko ditu Martinez sopranoak, Sainz de la Mazaren pianoaren doinuek lagunduta.

- Barikua: Bilboko Orkestra Sinfonikoaren hari laukotea. Udan herririk herri ibilten dira BOSeko kideak, eta Bermeon hari edo soka laukoteak egingo dau geldialdia, Santa Maria eleizako publikoaren gozamenerako.

- Zapatua: Two 4 the road. Saul Santolaria (abeslaria, soinu injinerua eta produktorea) eta Diego Lasheras (pianistea) dira bikote honetako kideak. Errepertorio fresko, atsegin eta zabala ekarriko dabe Goiko Plazara: jazz, pop-rock, bossa nova…

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu