Urmuga heldu da helmugara

Bizkaie! 2020-08-03 09:25   Musikea

Mendirik mendi eta musikea lagun, Urduñatik Hiru Erregeen Mahaira joan dira.

Plan barria eta, batez be, barritzailea aurkeztu eban Urmugak orain dala aste batzuk: Urduñan hasi eta Hiru Erregeen Mahaian amaitu, isurialde atlantikoa eta mediterraneoa banatzen dituan lerrotik mendi ibilaldia egiteko asmoa eben, etapaka, egun bakotxean paraje natural baten kontzertuak antolatuta. Mendia eta musikea bat eginda. Idea zoro hori martxan jarri, eta dagoeneko helmugara heldu dira parte-hartzaileak.

Azken eguneko emozioa eta sareetan zabaldutako mezuak irakurrita, esan leiteke esperientzia bikaina izan dala Urmuga. Euskal Herria musikaz busti eta mendiz mendi josi dogu danok batera, adierazo dabe antolatzaileek. Azken etapea, agurra baino gehiago, ospakizuna izan zan. Donostiako Orfeoiak jo eban azken kontzertua, Hiru Erregeen Mahaiaren inguruetako Linza lepoan, eta Joan Mari Torrealdai hil barria be gogoan hartu eben.

Abuztuaren 14an hasita, 19 eguneko zeharkaldia izan da Urmuga. Batzuek oso-osorik bete dabe ibilbidea, beste batzuek etapa batzuk aukeratu ditue proiektuagaz bat egiteko. Mendizaleakaz batera, musikariak konbidau ditue aldatzean gora igon eta euskal mendietako paraje ikusgarrietan jotera.

Et Incarnatus laukotea, Flavio Blanterla, Maider Zabalegi eta Amaia Elizaran izan ziran lehenengo artistak, Tologorriren azpiko La Ponata inguruan. Azkenak, esan dogun moduan, Donostiako Orfeoikoak. Tartean, musikari ugarik egin dabe bat Urmugagaz. Hertzainakeko Josu eta Gari, Miren Narbaiza, Maddi Oihenart, Oreka TX, Txomin Artola, Niko Etxart, Mikel Urdangarin, Alex Sardui, Amak... animau dira.

Esperientzia ederra izan da Urmuga. Datorren urtean barriro egingo ete daben, oraingoz ezin da jakin, baina gehiagorako gogoz geratu dira antolatzaile, musikari eta parte-hartzaileak.

 

Argazkiak: Urmuga.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu