Euskal kulturearen pentsalari eta bultzatzailea
2020-08-03 07:56 KultureaAgur, Joan Mari Torrealdai (1942-2020).
Barri tristea jaso dau euskerearen eta euskal kulturearen munduak egunotan, Joan Mari Torrealdai hil dalako, XX. mendearen bigarren erdian eta XXI.aren orain arteko zatian ezinbesteko erreferentea. Aztertu, ezagutu, bultzatu eta, jakina, maitatu egin zituan euskerea eta kulturea, eta proiektu esanguratsu asko zorretan dagoz haren lanagaz.
Euskerazko hedabideetan izan dauen eragina egundokoa da, ezer ez egoan lekuan erein zituan haziak, gaur egungo euskal komunikabideen baso oparoaren lehenengo kimuak hazi eitezan. Jakin aldizkariaren zuzendari izan zan, artean Franco diktadorea bizirik egoala, euskeraz irakurteko ezer gitxi egoanean. Hiru alditan izan zan zuzendari, azkena urte luzez, 2014an Lorea Agirreri lekukoa pasau eutsan arte.
Egunero-egunero euskeraz irakurri ahal izateko pausuak etorri ziran gero, eguneroko euskal prentsea sortzeko lanean. 1980ko hamarkadan finkatuta egozan egunkari abertzale batzuk, euskerea be tartekatzen ebenak, baina Torrealdaik eta beste batzuek argi ikusten eben hori ez zala nahikoa, euskera hutsezko egunkaria izan behar zala helburua. Ez neke gitxigaz, baina 1990ean jaio zan Euskaldunon Egunkaria.
Asko zor deutsagu, beraz, euskal hedabideok Torrealdairi. Bidea zabaldu, momenturik gogorrenetan eutsi eta lan egiteko modu zorrotza agertu eban. Han eta hemengo agintariak euskal prentsearen beharraz konbentzidu zituan.
Kazetaritzan eta euskalgintzan ez eze, euskal kulturgintzan be proiektu ugaritan ibili zan. Gure mundu txiki honetan egiten zan guztia jaso eta aztertzeko lan nekeza hartu eban, adibidez, euskal liburuen errepasoa eginaz (XX. mendeko euskal liburuen katalogoa, eta urterik urteko zerrendak). Elkar argitaletxearen sortzaileetako bat izan zan.
Euskal kultureak eta hizkuntzeak izan dituen trabak be jorratu zituan, zentsurearen inguruko lan marduletan (El libro negro del euskera eta ondorengoak; tesia be zentsurearen ganean egin eban). Gauzak zer diran, berak be gordin-gordin jasan eban zentsurearen kolpea: Lehenengo, Jakin aldi baterako zarratu ebenean, diktadurearen sasoian; ondoren, 2003an, Egunkaria itxi ebenean, Torrealdai atxilotu egin eben, eta tratu txarrak emon eutsezen.
Baina ez eban amore eban. Urte batzuk geroago Euskaldunon Egunkariko atxilotu guztiak absolbidu egn zituen arren, proiektua amaituta egoan. Berria-k hartu eban euskerazko egunkariaren lekukoa, eta hor be Torrealdai izan zan bultzatzaileetako bat.
Azken urteotan, betiko zereginei eusteaz ganera, bestelako batzuei be heldu deutse, esate baterako, Puntu Eus Fundazinoko lehendakari izan zan 2015etik 2017ra. Euskaltzain osoa zan 2007tik (emeritu 2017tik). Osasunez makal, minbiziak eroan dau Joan Mari Torrealdai, baina berak egindako ekarpena luzaroan igarriko da euskal kulturan.
Hiletea gaur, hilak 3, egingo da Usurbilgo Salbatore parrokian.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!