Aingeru Astui: 'Feedback itzela dago Museoaren eta Bermeoren artean'
2020-08-03 08:01 BarriketanBermeoko Arrantzaleen Museoko zuzendaria.
Aingeru Astuirentzat Bermeoko Arrantzaleen Museoa bigarren etxea da. Bermeon jaio, eta beti bizi izan da han: ederto ezagutzen ditu herriko historia, arrantza tradizinoa, jentea eta ohiturak. Ertzilla torreko talaiatik, 37 urte daroaz Arrantzaleen Museoko zuzendari, beraz, han barruan ezkutauta dagoana erakusteko persona egokiena da.
Bizkaiko Foru Aldundiak, ondarea jagoteko BizkaiKOA erakundearen bidez, Aingeru Astuiri egin deutsan alkarrizketea dogu honako hau:
1.- Zein esangura dau Arrantzaleen Museoak Bermeorentzat? Eta Bermeok Museoarentzat?
1983ko martian hasi nintzan Museoan lan egiten, uholdeen urtean hain zuzen, baina guri, zorionez, ez euskuen eragin. Kalkulau, beraz, gizartea zenbateraino aldatu dan. Datu bat: Bermeoko orduko bajurako arrantzan 200 itsasontzi inguru ebizan eta, gaur egun, 30 besterik ez... Museoa be nabarmen aldatu da: objektu zaharren enkante antzekoa izatetik behar dan legez hornidutako kulturgune erreferente eta aktiboa izatera pasau da. Ez dau ezelako zerikusirik orain dala 37 urtekoagaz; instalazinoak eta langileak bestelakoak dira.
Museoa eta Bermeo alkarri lotuta dagoz, alkarregaz bizi dira... Bermeotarrontzat Arrantzaleen Museoa Museoa da, ezagutza guztia batzen ei dauen lekua, eta atzerritar guztiak bidaltzen doguz hara. Museoa Bermeotik bizi da. Zer kontauko geunke Bermeo epizentroan ez bagendu? Nondik aterako gendukez arrantza-munduko informazinoa, objektuak, irudiak...? Feedback itzela dago Museoaren eta Bermeoren artean.
Museoaren ontziburu izatea egokitu jatan denporaldian, Museoa ezagutarazotea eta aintzat hartzea lortu dala uste dot, dibulgazinorako baliabide eta instalazioez hornidu dogu, jentearentzako argitasun didaktikoaren erispideen arabera. Museoaren helburu nagusienetako bat Euskal Herriko arrantza-munduko ezagutzea sustatzea da, arrantzaz ez dakien edonork mundu horren gaurkotasunaz eta izandako aldaketez ahalik eta argien jakin deian.
2.- Zein zeregin dau Arrantzaleen Museoak ondare hori ikertu, jagon eta zabaltzen?
Horixe da, hain zuzen be, Museoaren alderdi ezezaguna, eta Museo guztiena be bai, nire ustez. Museoaren jarduera bakotxa –umeentzako tailer, aldi baterako erakusketa, bisitaldi gidatu edo sareetan argitaratutako argazkia– egin aurretik dagoan ilunpeko lana. Ez badogu jagoten eta ikertzen, ez dago zabalkunderik.
3.- Museoak lotura estua dau Bermeoko dinamika kulturalagaz. Zein ekarpen nabarmenduko zeunke?
Museoa erreferente kulturala da Bermeon eta, horregaitik, uribilduaren bizitza kulturalean buru-belarri parte hartzeko beharra dau. Beti gagoz hartu-emonetan Udaleko Kultura Sailagaz, Turismo Bulegoagaz, bertoko talde kulturalakaz, norbanako, artista eta ikertzaileakaz... Hori dala eta, honeek be eskaintzen doguz: kontzertuak, era askotako adierazpen artistikoak, berbaldiak, erakusketak, kaleko emonaldiak, liburu aurkezpenak, baita ezkontza zibilak be. Guztiek dakie euren esanetara gaituela, ahal dan guztietan.
4.- Arrantzaleen Museoak dino bakarra dala Euskal Herriko arrantza-mundua erakusten. Hori egia da?
Museoa gaixo ezezagun izatetik (egunkarietan horren eskelea edo hil-mezua argitaratu zan) Euskal Herriko museorik bisitatuenetako bat izatera pasau da, didaktikoa ez eze atsegina be badalako. 1980ko hamarkadearen hasieran 3.000 bisitari etorten ziran; doban izan zanean, urtero 30.000tik gora; gaur egun, 25.000. Europako hainbat aldizkari espezializaduk gomendatu dabe Museoa bisitetea, arrantza-kulturan interesa dabenek galdu ezin daben lekutzat joten dabe, eta hainbat komunikabidek Espainiako ondare historiko-artistikoko 50 Harribitxi Bakanetakotzat jo eben, eta Espainiako era honetako Hamar Museo Bakanen zerrendan sartu.
5.- 2018an, Museoak 70 urte bete zituan. Zein izan da Museoaren bilakaerea?
Museoan sartu nintzanean, inork ez eutsan erreparetan, ia beti jentearentzat itxita egoten zalako. Ez eukan langilerik, eta objektuak erispide barik erakusten ziran, apaingarria besterik ez zan. Erispide edo helburu argirik ezean, material oso interesgarri batzuk baztertzen zituan, horreen egoerea oso txarra zalako. Helburu argi bako urte hareetan biltegi handia baino ez zan izan.
Aldatzea beharrezkoa zan: inbentarioak egiten eta bildumak ordenetan hasi eta proiektu museografikoa egin genduan, Museoaren aurrerantzeko helburuak eta erispideak ezarteko. Ertzilla torrea barrutik barriztau zan, leku erabilgarria ahalik eta gehien aprobetxetako, eta ordura arte erabilten ez ziren eremuak berreskuratu ziran. 1985ean egin zan hori guztia. Azkenaldion, Ertzilla torrearen barrualdea barriro barriztau dogu espazioak optimizau eta instalazino guztiak modernizetako.
Jakina, hobekuntza nagusia gure eskifaia edo lantaldea handitzea izan da, itsasontzi batean legez, hemen taldean egiten dalako dana.
6.- Zeintzuk dira Arrantzaleen Museoaren bisitariaren ezaugarriak?
Era askotakoak dira bisitariak. Lehen, ikasleak ziran gehienak, baina gaur egun ez. Badagoz emakumeen alkarteak, erretiratuak, aisialdiagaitik datozanak, umeen eta helduen udalekuak... Baina bisitari gehienei itsasoaren eta arrantzearen historia eta kulturea interesetan jakez, eta bakarrik, bikotekideagaz, senideakaz edo lagunakaz etorten dira.
7.- Nola bizi izan dau Museoak COVID-19aren pandemia? Museoaren historian halako beste itxierarik egon da?
Hasiera batean, bihozmin handia izan genduan, hitzartuta geunkazan talde askori esan behar izan geuntsen Museora ezin zirala etorri. Baina berehala antolatu genduan geure burua eta sareetan hasi ginan lanean. Astean hirutan alkartzen ginan jarraipena egiteko. Uste dot jarduera nabarmena izan dogula sareetan konfinamenduan, eta gure lagun askok eskertu egin deuskue. Lehenengo aldia da Museoa kanpoko arrazoiakaitik itxi behar izan dana.
8.- Erretiroa hartu aginean zagoz, zein etorkizun ikusten deutsazu Museoari?
Geure museoa, herritarrona, inguruneagaz bat egiten dauena, Euskal Herriko arrantza-kultureari irauten lagundu eta berreskuratzeko lan egiten dauena, euskal arrantza-unibersoa ezagutarazoten dauena.
9.- Museoa erakusketa garrantzitsua atontzen dabil lehenengo mundu bireari buruz. Argibiderik aurreratu zeinke?
Akurio-Elkano 1519-1522-Vizcaínos en la primera vuelta al mundo da izenburua. Irailean zabalduko da, eta horren eskutik vizcaíno ugari partaide izan zituan espedizinoa zelan egin zan jakin eragin nahi deutsagu jenteari, modu berezian, ze gura barik lehenengo mundu bira bihurtu zan. Kontuan hartu dogu tostarteko vizcaíno horreen artean gehienak bermeotarrak izan zirala, Bermeok emon zituala marinel gehien. Hau kontau nahi dogu: joan ziranak nortzuk ziran, zertara joan ziran, zer egin eta pentsetan eben... Erakusketeagaz batera, horri guztiorri buruzko argitalpen bat, irudiz barra-barra apainduta, atonduko dogu.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!