Hego Euskal Herriko zaldunak XVIII. mendean
2020-07-30 10:49 KultureaDanetara, 5.588 personarentzako 5.650 abitu eta gurutze zenbatu ditu egileak.
UPV/EHUko Argitalpen Zerbitzuak Los caballeros vascos y navarros en el siglo XVIII. Honores, ascenso social y repercusiones en el territorio liburua argitaratu dau, Yolanda Aranburuzabala Ortiz de Záraterena. 1700etik 1808ra bitartean Ordena Militarrean eta Karlos III.aren Ordenan abituak lortu zituen Hego Euskal Herriko zaldunak aztertzen dira liburu horretan. Lanean argi adierazoten da Hego Euskal Herriko zaldunek ordezkaritza handiegia izan ebela monarkia osoan, XVIII. mendean, Borboiek boterea eskuratzeagaz batera Hego Euskal Herriko persona ugarik goraldi sozial eta politikoa izan ebelako.
Karlos II.a hil zanean eta Felipe V.ak –Borboi etxekoak– Espainiako tronua lortu ebanean, oinordetza gatazkea egon zan, eta gatazka horren inguruan sortutako egoereak aparteko aukerea emon eutsen atzerriko eta peninsulako periferiako gizonei –Hego Euskal Herrikoei, kantabriarrei eta Burgoseko, Soriako eta Errioxako menditarrei– monarkia barriaren agintaritza taldeetan sartzeko. Iparraldekoak ziran, kaparetasun unibersala eben eta, askotan, merkataritzeagaz lotutako enpresen parte izaten ziran; holan, peninsulearen iparraldearen eta Europa zein Amerikaren arteko merkataritza sareak eratzen zituen enpresa horreen bidez. XVII. mendearen bigarren erdialdetik aurrera, Espainiako merkataritzearen zirkuitu inperialean moderatzaile izan zieran eta gailentasun horrek hurrengo mendera arte iraun eban. Negozio gizon aberatsak ziran, errege finantzetan parte hartu, Koroaren jeraekuetan eta ogasun administrazinoan egon ziran eta, askotan, erregearen bankari nagusi be izan ziran.
Aitaturiko liburuan jasotako ikerketak holako personen ikuspegi orokorra emoten deusku eta horreen ezaugarri ugari aztertzen ditu, jatorri geografikoa, profil sozioprofesionala, mobikortasun geografiko eta soziala, izandako hazkundearen oinarrian egon ziran familia mekanismoak eta horreen igoera ekonomikoak –eta ohorezkoak– jatorrizko lurraldeetan izandako ondorioak.
Horretarako, 1700 eta 1808 artean ordena militarretako (Done Jakue, Alcántara eta Calatrava) eta Karlos III.aren Ordenako kide izan ziran Hego Euskal Herriko zaldunetan ipinten dau arretea. Testuinguru orokor bat ezartzeko, ordena horreetan egondako zaldunen guztizkoa zenbatuz hasten da lana, aldi hori guztia eta hispaniar monarkiaren lurralde osoa kontuan izanik. Danetara, 5.588 personarentzako 5.650 abitu eta gurutze zenbatu ditu egileak eta persona horreen banaketa geografikoa aztertu dau jaioterrien arabera. Eskualde bakotxeko biztanleriaren eta zaldun kopuruaren arteko lotureak argi erakusten dau peninsulako kapare iparraldeko lurraldeek ordezkaritza handiegia ebela: Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Nafarroa, Kantabria, Burgos iparraldea eta Errioxa. Beste modu batean esanda, Felipe V.aren erregealditik Borboien monarkiaren agintaritza taldeetako harrobi nagusi izan ziran kapare proportzino handia izan eben lurralde hareek.
Gainera, abitu eta kurutzeen lorpena senidetasun talde batzuen dinamikan txertatzen zan, horreen sare sozialek konektetan zituelako monarkeagaz eta horren ministroakaz. Horregaitik, abituen eta kurutzeen banaketeak argi dakar zelan birmoldatu zituen Borboiek erresumetako eliteak: kargu eta ohoreen bidez. Koroak hainbat baliabide erabilten zituan erregearen zerbitzarien ahaide jakin batzuei igoten laguntzeko eta, ahaide zehatz horreetatik harago, profil jakin bat izango eban klase politiko borboitar bat eratzeko; ohoreak entregetea baliabide horreetako bat izan zan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!