Botaba argazki-lehiaketea antolatu dau Labayruk
2020-07-30 10:33 Euskerea berbagaiEuskal esamoldeen mundua ezagutarazotea da helburua.
Bagiletik martxan dago Botaba euskal esamoldeen inguruko ekimena. Olgeta, proba eta erronka ugariren bidez, gazteek esakuneak ezagutu, landu eta erabili ditue, euskal erregistro kolokiala modu dibertigarrian ikasiz. Orain, ekimenaren lehenengo fasea amaitzeko, argazki lehiaketea antolatu dau Labayru Fundazinoak, pepe eginda bizi esaldia oinarri dala.
Gazteentzat erreferente diran Dj Bull eta Zuriñe Hidalgoren laguntzinoagaz, egunotan udeari lotutako esamoldeak lantzen ibili dira Botaban, esate baterako, Hi bizi haiz hi alper-alperrik! eta goian aitatutako pepe eginda bizi. Azken hau erakusten daben argazkiak bialdu behar izan ditue lehiaketako parte-hartzaileek. Argazkietan irudimena erabilteko eskatu deutse gazteei.
Instagram bidezko lehiaketea danez, argazkiak bertara igon behar izan ditue parte-hartzaileek, @botabaunibertsoa kontua etiketauta. Irabazleak nortzuk diran be kontu horretan esango dabe. Bat-bateko argazkiak egiteko Polaroid argazki-makinea emongo deutse argazki onenari.
Botaba ekimenak agur esango dau, beraz, abuztuan deskantsua hartu eta uda ostean indarbarrituta bueltetako. Aurreko asteetan jente ezagun ugarik hartu dau parte, gazteak euskal esamoldeen mundura erakarteko: Alex Sardui, Izaskun Moyano, Ainhoa Etxebarria, Pello Bilbao, Julian Jantzi eta Itziar Atienza dira horreetako batzuk.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!