Musika esperimentala jorratuko dabe Azkuna Zentroak eta BOSek
2020-07-28 12:40 MusikeaAbuztuaren 6an hasiko da Musika Loturak zikloa.
Bilboko Orkestra Sinfonikoak eta Azkuna Zentroak bat egin dabe musika esperimentalaren inguruko proiektu barri bat martxan jarteko, Musika Loturak izeneko zikloa. Abuztuko eta iraileko eguenetan emonaldi bereziak antolatuko ditue, musikearen alor esperimentalean sakontzeko asmoz, eta sartzea doban izango da.
Antolatzaileek azaldu dabenez, Bilbao Orkestra Sinfonikoaren ohiko taldeaz gan, alkarte horretako ensembleak, hari-talde bat, perkusino-talde bat, metalezko haize-boskotea, egurrezko haize-boskotea eta ganbera-orkestrea egongo dira parte-hartzaileen artean. Era horretara, askotariko doinu eta estiloak buztartuko ditue, goi mailako zuzendarien esanetara.
Abuztuaren 6an hasita, eguenetan izango dira emonaldiak. Entzule gehiagori aukerea emoteko, egun bakotxeko kontzertua bi bidar joko dabe, 18:30ean eta 20:00etan. Lehenengo eguneko programan, Erik Nielsen zuzendariaren esanetara, Mozart, Fujikura eta Rossiniren piezak joko ditue BOSeko musikariek.
Hurrengo hitzorduetan be (13an eta 20an behinik behin), Erik Nielsen izango da zuzendaria. Gehienbat antxinako konpositoreen piezak joko ditue, baina gaur egungoen doinuak be tartekatuta. Bakarlari ospetsuak konbidauko ditue kontzertuotara.
Covid-19ak eragindako larrialdia dala eta, kontzertuotan segurtasun neurri bereziak ezarriko dira. Hasteko eta behin, aforoa normalean baino txikiagoa izango da, eta horregaitik erabagi dabe emonaldi bakotxaren sesino bi egitea. Emonaldiak Bilboko Azkuna Zentroaren atarian egingo dira.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!