Euskaltzaindiak eta Nafarroako Gobernuak hitzarmena sinatu dabe
2020-07-28 09:08 Euskerea berbagaiHiztegietan eta ikerketa toponimikoetan hobekuntzak ekarriko ditu akordioak.
Aurreko urteetan egin daben legez, 2020 honetan be alkarren arteko lankidetzea bultzatzeko hitzarmena sinatu dabe Euskaltzaindiak eta Nafarroako Gobernuak. Iruñean egindako ekitaldian egon dira, Akademiaren partetik, Andres Urrutia, Erramun Osa, Sagrario Aleman eta Andres Iñigo. Gobernuaren ordezkariak Ana Ollo kontseilaria eta Mikel Arregi Euskarabideko burua izan dira.
Euskerea Nafarroako berezko hizkuntzea izanik, beronen garapena, azterketea eta ikerketea normalizetea eta lantegi horretan laguntzea dira helburuak. 1918an, Euskaltzaindiaren sortzaileetako bat izan zan Nafarroako Foru Diputazinoa; hortaz, hasiera-hasieratik izan dau Euskaltzaindiak bidelagun.
Hitzarmenaren arabera, Nafarroako Gobernuak Euskaltzaindiari diruz lagunduko deutso hainbat proiektutan, Euskarabidea erakundearen bidez. Esate baterako, Euskaltzaindiaren Hiztegia-ren eta Euskal Hiztegi Historiko-Etimologikoa-ren 2020ko programan parte hartuko dau, eta onomastika zein toponimiako lanak be babestuko ditu.
Horrezaz gan, Euskaltzaindiaren XXIII. Jagon Jardunaldiko lanak argitaratzeko laguntzinoa emongo dau Gobernuak, topaketa haretan esandakoak interesdun guztien eskura egon daitezan, Jagon bildumearen bidez. Joakin Lizarraga idazlearen lexikoa ikertu eta aztertzea be jasoten dau hitzarmenak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!