Bikainak izan dira kalidade artistikoa eta publikoaren erantzuna
2020-07-28 08:28 Musikea2021eko garagarrilaren 21etik 25era egingo dan Donostiako Jazzaldiaren zati handi bat prest.
55. Jazzaldia danok gogoratuko dogu, eta ez bakarrik bere kontzertuetara maskara eta edukiera mugatuakaz joan garelako, egoera berezi eta gogorrean, baita kontzertu ikusgarriakaitik, momentu parebakoakaitik eta kalidade bikainagaitik baino. Publikoak modu eredugarrian erantzun dau egoera honen aurrean, erantzukizun handiz, gogotsu eta ia eszenatoki guztiak betez. Nabarmendu nahi dogu ez dala ezelako gorabeherarik izan eta osasun eta segurtasun neurri guztiak bermatu dituala antolakuntzeak eta jarraitu dituala kontzertuetara bertaratutako jenteak.
Aurten, lehen aldiz, hiru Donostiako Jazzaldia Sari emon jakez Jazzaren hiru jeinuri: Jorge Pardo, Chano Domínguez eta Iñaki Salvador; gainera, hirurak izan dira Jazzaldiko eszenatoki nagusietan, Trinitate Plazan, Kursaal Auditorioan eta Victoria Eugenia Antzokian, alkarregaz edota euren bandakaz kontzertu ahaztezinak emoten.
Aitatutakoakaz batera, Espainiako artista eta talde onenen aukeraketa bat ikusi ahal izan dogu. Danak be esker onez ibili dira barriro be zuzeneko kontzertuak eskaini ahal izan dituelako eta artez eta kalidade musikalez betetako momentu zoragarriak erregalau deuskuezalako: Chano Domínguez, Marco Mezquida, Perico Sambeat, Carles Benavent, Chicuelo, Sílvia Pérez Cruz, Antonio Serrano, Raül Refree Lina portugaldarragaz batera, Josemi Carmona, Tino di Geraldo...
Maila handiko euskal talde eta artisten kontzertuak be izan dira: Oreka TX eta Michel Portalek kontzertu bana eskaini eben Trinitate Plazan eta gainera, inprobisazino bateratu bat itxi euskuen, betiko gogoratuko doguna. Iñaki Salvador donostiarrak kontzertu bi eskaini zituan, bata Kursaalean, Chano Dominguezegaz batera eta bestea Victoria Eugenia Antzokian, Jorge Pardo eta Borja Barrueta bizkaitarragaz. San Telmo Museoko klaustroan Donostiako pianista bi, Paul San Martin eta Mikel Azpiroz. Eta Jazzaldiaren azken egunean, Victoria Eugenia Antzokian, Joseba Irazoki eta Lagunak.
Bertoko taldeen zerrendea osatuz, Kursaaleko Terrazetan euskal artista gazteen 21 kontzertu izan dira, formatu barri batean. Danetara, 21 kontzertu ikusi ahal izan dira, danak dobakoak eta kontrolautako edukiereagaz, zuzeneko musika onaz gozetan zan bitartean lasai-lasai zeozer hartzeko moduko espazio batean, hori guztia ikuspegi parebakoagaz eta Jaialdi osoan zehar izan dogun eguraldi ona lagun.
Kontzertu guztietatik onenetako hiru artista portugaldarren eskutik etorri jakuz aurten: Lina, Raül Refree katalanagaz batera Victoria Eugenia Antzokian, Salvador Sobral Kursaalen eta Mariza Trinitate Plazan.
Gainontzeko artistak, batzuk Espainian bizi badira be, nazinoartekoak izan dira, Norvegia, Suedia, Frantzia, Alemania, Serbia, AEB: Rymden, Joachim Kühn, Anja Lechner, François Couturier, Bojan Z., Randy Greer (Valentzian bizi da), Sean Clapis (Madrilen bizi da).
Aurtengo nobedade bat streaming bidez eskainitako kontzertuak izan dira, 15, danetara, mundu osoko zale ugarik jarraitutakoak, dagoeneko 14.000 bistaratze baino gehiagogaz. Dobako zerbitzua izan da, zuzeneko kontzertuetara joaterik izan ez daben guztientzat edegia. Horrezaz gaan kontuan hartzekoa da dagoeneko 34.000 jarraitzaile ditugula gure sare sozialetan.
Txikijazzen zortzigarren edizinoak 4 kontzertu eskaini deuskuz, Tabakalerako Kutxa Kultur Terrazara eta Kursaaleko Terrazetara hurreratu diran familiek asko gozau eta estimautakoak.
Jazz-zaleek ahaztuko ez daben jaialdi bat, kontzertuen maila altuagatik eta, kontrako baldintzen aurrean, Jazz zaleek izan daben erantzun ezin hobeagaitik.
2021eko Jazzaldia
Datorren urteko Donostiako Jazzaldiaren gauza asko prest dagoz; ordurako edukierak jatorrizko dimensinoetara bueltauko diralakoan eta baldintzak normalizauko diralakoan, 2020rako aurreikusitako programearen zati bat berreskuratu egiten da, baina oso izen garrantzitsuak be gehitzen jakoz 56. Jazzaldiari, berbarako, Herbie Hancock, Gregory Porter, Mulatu Astatke, Yann Tiersen, Brad Mehldau eta Lakecia Benjamin saxofoi jotzaile gaztea, musikari handiak gehitu jakoz Jazzaldiaren hurrengo edizinoari.
Simple Minds, Cecile McLorin-Salvant, Kurt Elling-en proiektu barria Charlie Hunter gitarristeagaz, Hiromi, Leon Benavente eta Vintage Trouble artista eta taldeek eutsi deutse Covid aurreko sasoian iragarritako 2020ko programatik.
John Zornek 2022ra atzeratu dau Trinitate plazan egingo dauen Masada laukotearen aurkezpena.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!