16.430 personak emon dabe izena euskal unibersidade publikoan

Bizkaie! 2020-07-27 09:27   Pil-pilean

Igaz baino ia mila gehiago dira.

Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibersidadeak (UPV/EHU) garagarrilaren 27an ekingo deutso 2020-2021 ikasturtean graduko ikasketak hasiko dituen ikasle barrien matrikulazinoa, hain zuzen be, izena emon daben 16.430 personen eskaerak ordenau eta igaz baino ia mila gehiago dira. Astelehenetik eguenera, lehen deialdian deitutakoak UPV/EHUra bertaratuko dira matrikula egiteko.

Ondokoak dira gitxieneko notarik altuena izan daben graduak: Lehenengoan, Fisika + Injinerutza Elektronikoko Gradu Bikotxa 13,199; bigarrenean, Biokimikako eta Biologia Molekularreko Gradua 13,085; hirugarrenean, Medikuntzako Gradua 12,871; eta laugarrenean, Medikuntzako Gradua (euskeraz) 12,631.


8.488 plazen eskaintzea

Euskal Herriko Unibersidadeko fakultade eta eskoletan danetara 8.448 plaza eskainiko dira datorren ikasturtean. Plaza horreei gehitu behar jakez UPV/EHUri atxikitako hiru ikastegietako (Bilboko Merkataritza Ganberako Unibersidade Eskolea; Gasteizko Erizaintza Eskolea; IMHko Injinerutza Dualaren Unibersidade Eskolea), hiru graduenak (danetara, 230 plaza).

Gradu kopuruari jagokonez, UPV/EHUk 2020-2021 ikasturtean 103 gradu eskainiko ditu, tartean barrikuntza honeekk: osorik ingelesez dan gradu bikotx bat, Business + Economics; beste hiru gradu bikotx (Kazetaritzea + Publizidade eta Hartu-emon Publikoak, Ikusentzunezko Komunikazinoa + Kazetaritzea, eta Politika Zientzia eta Kudeaketa Publikoa + Soziologia) eta Adimen Artifizialeko gradu barria Informatika Fakultadean. Euskal unibersidade publikoaren eskaintza barri horrek harrera bikaina izan dau ikasleen artean, izan be, bost titulazino berri horreek gitxieneko notarik altuena dabenen artean dagoz: Datuok erakusten daben moduan, UPV/EHUren eskaintza barriak gizartearen eskaereari erantzuten deutso eta nabarmentzekoa da gradu bikotxen harrera ona, izan be, unibersidadeak eskaintzen dituan hamabietatik zortzi gitxieneko notarik altuena dabenen artean dagoz, nabarmendu dau Graduko eta Graduondoko Ikasketen errektoreorde Araceli Garinek.

Bestalde, graduko hamabost titulazinoetan unibersidadea-enpresa prestakuntza duala egiteko aukerea egongo da. UPV/EHU aitzindaria da modalidade horretan, bidez ikasleak aukerea baitauka graduko ikasketen zati bat enpresa edo erakunde sozial batean egiteko eta, beraz, arlo praktikoak aparteko garrantzia dauka. Era berean, hogeita hamar baino gehiago dira nazinoarteko titulazino bikotxak. Prestakuntza programa horreek ikasleei aukerea emoten deutse graduko titulu bi eskuratzeko, bata UPV/EHUn eta bestea atzerriko unibersidadean.


Matrikula prozedurea

Garagarrilean Unibersidadean Sartzeko Ebaluazinoaren ohiko deialdian gainditu eben Batxilergoko ikasleak matrikuletan dira, berbarako, Goi Mailako Heziketa Zikloetako ikasleak, 25 eta 45 urtetik gorakoak eta lan esperientzia dabenak eta titulatuak. Garagarrilaren 27tik 30era luzatuko dan lehenengo matrikularako
epe horrezaz gan, bigarren deialdian (abuztuak 4) deitutakoak abuztuaren 5ean matrikulauko dira eta hirugarrenean (abuztuak 5) deitutakoak, abuztuaren 6an. Deialdi bi horreetan aurreko ordenazinoan libre geratutako plazak esleitzen dira. Geroago, irailean beste hiru deialdi egongo dira.

Osasun egoerea dala eta, matrikula egiteko hitzordua daben guztiei gogorarazo behar jake maskarea eta boligrafoa eroan behar dabela, personen arteko distantzia gorde behar dabela eta gaixotasun sintomaren bat izan ezkero, ez dabela joan behar; holakoetan, ordezko beste persona bat joango da dokumentazino guztia eroaten.

Onarpen eta matrikuleari buruzko informazino gehiago hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu