Igor Legarreta: 'Fantasia ikutuko dramea egin dogu'

Koldo Isusi Zuazo 2020-07-27 07:55   Barriketan

Zinemagile bizkaitarra.

Konfinamenduak eragindako etenari aurre eginez, Ilargi guztiak. Todas las lunas izenburukoa da zuzendari bizkaitarraren bigarren film luzea; bagilaren 20an amaitu zituen lanak Bizkaian, Erandion, hain zuzen be.

Aktore beteranoak, besteak beste, Zorion Eguileor eta Itziar Ituño eta lehenengo interpretazino lanak egin dituen 12 urteko Haizea Carneros aktoreak buztartu ditu Legarretak.

Euskeraz filmautako pelikulea da, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan.


1.- Pandemiaren erdian pelikula bat amaitzeak ze sentsazino eragin deutsu?

Esperientzia barria eta nahiko arraroa izan da. Hasteko, eten egin eta gero, ez genkian noiz eta zelan bueltauko ginan. Gero, isolatuta egon behar genduan, filmazino lanak hasi aurretik tenperaturea neurtu, segurtasun tarteari eutsi, maskarak eta enparauak. Kasu batzuetan, nekagarria zan, enbarazua, burukomina baina horreek danak ahaztu, lanak amaitu genduzan eta hori da inportantenea. Denporatxua beharko da oraindino zinema-aretoetan ikusteko baina pelikulea eginda dago eta pozarren gagoz.


2.- Lau aurreikusi arren, bost hilebete emon dozuez beharrean. Kalte ala mesede egin dau horrek?

Ez dogu beste erremediorik izan. Filmazinoa eten eta gero, saiatu gara denpora aprobetxetan, asko entzun da konfinamendua gogoetarako, gauzak pentsetako, hausnartzeko aukera ezin hobea izan dala eta horretan ibili gara, pelikulearen gorabeherei buelta batzuk emoten zein aurremuntaketea egiten, bueltan gauza asko eginda izateko.


3.- Filmaketeari Gipuzkoan, Mutrikun ekin zeuntsien zezeilaren 17an baina Bizkaian eta Nafarroan be ibili zarie...


[Barreka] Ia ia Euskal Herria osoan ibili gara: Gipuzkoan, Mutrikun, Aian eta Zizurkilen. Bizkaian, Orozkon, Gallartan eta Erandion. Eta Nafarroan, Urbasan, Gorostapolon, Iturenen, Leurtzan eta Artikutzan (Legeari begituta, Gipuzkoa ei da). Oso leku ederretan ibili gara, gurea lako herrialderik ez da.


4. Genero fantastikoa da landu dozuena ala bestelakok be antzemon leikez ikusleak?

Beti esaten dot Ilargi Guztiak drama bat dala, baina fantasia ikutuagaz. Genero fantastikoa landu dogu sinisgarria egiteko, barrenean dagoan drama hori ez galtzeko eta pelikuleari normaltasun ikuspuntua emoteko. Dramearen eta fantasiaren arteko buztarketa hori oso interesgarria dala begitantzen jat.


5.- Haizea Carneros, 12 urtekoa da, filmeko protagonistea, Ilargi guztiak horretan ibilitako gazteena. Zelako lana egin dau?

Larregi kontau barik baina III. Karlistadearen barrenean (1872-1876), umezurtza da Haizea eta duda-mudatan dabil aurrean agertzen jakon emakume baten jokabideakaz. Lan itzela egin dau Haizeak, oso gustora geratu naz. Protagonista nagusia da eta, ezelako urduritasun eta bildur barik, aurre egin deutso pelikuleari; esperientza barik ekin deutso, talentu handia dauka, oso heldua eta erantzukizunak hartzen dakiana da. Pelikula honetan ezustekorik handiena izango da.


6.- Ganerako aktore zein gidoilarien artean zeintzuak nabarmenduko zeunkez?

Hemen, etxekoak nabarmenduko dodaz; aktoreen artean, Josean Bengoetxea (Oreina, 2017, Malas Temporadas, 2005) bikain dabil, eskarmentu handikoa, talentu handikoa eta eskuzabala da. Askotan esan dot: zuzendari batentzako, aktoreen konfidantzea izatea oso inportantea da. Oso lan fina eta polita egin dau Ilargi Guztiak izenburuko honetan.

Eta Itziar Ituño (La casa de papel, 2017; Errementari 2017; Lasa y Zabala, 2014; Loreak, 2014), itzel, zer esango dogu ba...

Zorion Eguileor (El Hoyo, 2019 eta Agur Etxebeste, 2019) be ez dot ahaztu gura, lan bikaina egin dau.

Gidogileen artean, Jon Sagalá (La sala, 2019; Bosque de sombras, 2006) goraipatu behar dot, laguna ta lankidea, bera izan da proiektu honen motorra. Ausarta eta irudimentsua.

Era berean, Goyak irabazita dagozanak be ez dodaz ahaztuko Laurent Dufreche, Mikel Serrano Pascal Gaigne, Mariano García, Imanol Nabea, Alazne Ameztoy...


7.- Bigarren film luze egin dozuz orain arte. 2017ko Cuando dejes de quererme filma egiteko prozesua zelan gogoratzen dozu?

Esperientzia oso ona izan zan, bildurtxuagaz edo errespetuagaz zoaz, makinatxu bat burukomin, dirua behar da dana aurrera eroateko baina kostata bada be, bide luzea eta neketsua egin ostean, abentura ederra izan zan eta ondo gogoan daukat.


8.- El trabajo saritua eta El Gran Zambini film laburrak be sortu izan dozuz. Non zabiz gustorago laburretan ala luzeetan?

Biak gustetan jataz baina, zoritxarrez, ez da arrunta film laburrakaz bizimoduari eustea, autortza handiagoa mereziduko leukie, eskola moduan, ikasteko eta onak dira laburrak baina... Zinemearen munduan luzeak dira jenteak gehien begituten dituanak eta geu be, akaso, hor gabiz gustorago.


9.- Orain urte batzuk, Antonio Banderasek interpretautako Automata filmaren gidoia be idatzi zenduan...

Bai, holakoak be izaten dira; erronkea handia zan eta asko ikasi neban. Banderas puntaren puntan dabilen arren, oso jatorra da, hurrekoa. laguntzeko prest beti, eskuzabala, asko ikasi neban, bai gidoigile lanetan, baita bigarren unidadeko zuzendari legez be. Pelikuleak ez eban publikoaren erantzun handirik izan baina merezidu izan eban, esperientzia aberasgarria izan zan.


10.- Pandemiak eragin dauen astrapalea ez da girorik onena baina zeintzuk dozuz bihar-etzirako erronkak?

Hirugarren film luzeari ekin gura deutsat baina mundu hau hankaz gora dabil, badago lana. Ilargi Guztiak. Todas las lunas Arcadia Motion Pictures, Kowalski Films, Pris&Batty Films eta Ilargia Filmsen en produkzinoa da, Noodles Productionegaz batera. RTVE eta EiTBren babesa eta ICAA, Eusko Jaularitzea eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzinoa. Filmax etxea arduratuko da Ilargi guztiak hemen eta munduan zabaltzeaz eta ezustekorik ezean, 2021ean estreinauko dogu.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu