Jose Andres chefak irabazi dau Basque Culinary World Prize 2020

Bizkaie! 2020-07-24 07:55   Jan edanak

Munduko erronkarik urgenteenetako bati erantzun globala emoteagaitik saritu dabe.



Basque Culinary Center
-ek eta Eusko Jaurlaritzeak jentaurrean adierazo dabe Basque Culinary World Prize 2020 saria Jose Andres chefak irabazi dauela. Sariaren helburua da inoiz baino gehiago, gastronomiaren indar eraldatzailea nabarmentzea.

Gastronomiaren sektorea egoereak gehien kaltetu dauen sektoreetako bat izan da, baina, horrezaz gan, emon beharreko erantzunean be berebiziko inplikazinoa izan dau. Hori dala eta, 2020. urte honetan, Basque Culinary World Prize (BCWP) ekimenaren erantzukizuna da gaur egungo testuinguruan gastronomiaren indarraren inguruko mezua zabaltzea, arreta berezia eskainiz chefei, izan be, koronabirusak izandako eragina ikusita, erantzun inspiratzaileak ekarri ditue, krisi global eta kolektibo hau arintzeko.

BCWPko irabazleaz gan, ondoko honeek be izan dira aurkezpenean: Joan Roca (El Celler De Can Rocako chefa eta epaimahaiburua), Dominique Crenn (Atelier Crenneko chefa eta epaimahaikidea), Joxe Mari Aizega (Basque Culinary Centerreko zuzendari nagusia) eta Arantxa Tapia (Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituretako Sailburua).

 

Jose Andres

Kozineruak 2020ko Basque Culinary World Prize saria irabazi dau, gastronomiatik abiatuz egungo munduko erronkarik preminazkoenetako bati erantzun globala emoteagaitik. Jose Andresek argi eta sendo islatzen dau nazinoarteko sukaldaritzearen inplikazioa COVID-19aren garaian. Krisiaren aurrean jarduteko erakutsi dauen indarra, azkartasuna eta eraginkortasuna, gainera, inspirazino iturri izan dira hainbat jardueratan parte hartu daben eta sektorea suspertzeko bideratutako programak abian jarri dituen profesionalen artean.

Jose Andresek, World Central Kitchen (WCK) erakundearen bidez, inoiz ez bezela mobilizau ditu sukaldaritza munduko profesionalak eta mobilizazino horretan erabagigarria izan da lekuan lekuko liderrakaz batera lankidetzan eta kosorkuntzan jardun izana. WCK-k zeregin garrantzitsua bete dau larrialdi egoera askotan. Martian pandemia gogor joten hasi zanetik, Jose Andresek World Central Kitchen aktibau eban, ez bakarrik AEBetako urietan, baita Espainian be. Pandemiak iraun dauen bitartean, bistan da erakundea hazi, eboluzionau egin dala eta sukaldarien arteko lankidetzarako gune global bilakatu dala. Horrek inoiz ez bezela sendotu dau sukaldaritzatik abiatutako kohesinoa, dinamizazinoa eta laguntzearen antolaketea.

Ameriketako Estadu Batuetan jatetxe kate zabal bat daukan sukaldari asturiar honek dinoanez, sukaldaritzearen sektorean lan egiten dabenek baino ezin leikie lagundu ekonomia suspertzen, komunidadeak berreregiten diran bitartean. WCK orain hamar urte sortu zan, herrialde ugaritan esku hartu dau eta mundu guztiko milaka boluntario eta sukaldari mobilizau ditu. Gainera, chefak urteak daroaz migrazino erreformak eta lan hobekuntzak sustatzen jatetxeen sektorean, sukaldaritzea aldaketa sozialaren eragile izan daitekeelakoan.

 

BCWPk irabazle bat eta 10 aitamen berezi ezagutarazo ditu

Pandemiaren ondorioak arintzen saiatu diran sukaldariek egindako lanak goraipatu nahi izan dira, besteak beste, elikagaien preminea handitzen eta handitzen dagoanean, elikagaiok eskuragarri jartea; testuinguru gogorretan suete solidarioak gidatzea; produktore txikiei eragiten deutsen hornikuntza kateak berrezartzea; sukaldaritzako bertako langileei laguntzak emotea, esaterako, gaur egun hainbeste lekutan tabernak eta jatetxeak zarratu izanaren ondorioak sufriduten dituenei laguntzea.

Hori dala eta, Jose Andres saritzeaz gan, epaimahaiak 10 chefen lana autortu nahi izan dau, 10 aitamen berezi eginez: Mariana Aleixo, Rio de Janeiroko favela handienean Mare de Sabores-ren bidez egindako lanagaitik; Elijah Amoo Addo, Ghanan Food for All Africa-ren bidez ahalegintzeagaitik; Greg Baxtrom, New Yorkeko gremio eta asistentziaren buru izateagaitik; Simon Boyle, Londresen Brigade-ren bidez talde behartsuei emondako laguntzeagaitik; Tracy Chang, bere sormena erabili dauelako, Off Their Plate eta Restore Us-en bidez, AEBetako jatetxeen gaitasunak eta krisiak kaltetutako taldeek elikagaiak eskuratzeko daben preminea konektetako; Ghetto Gastro kolektiboa (Jon Gray, Pierre Serrao, Lester Walker eta Malcolm Livingston chefek osotua), gastronomian aniztasuna eta arraza inklusinoa handitzearen aldeko burruka gogorrean jardunez BLM protestetan sakondu besterik ez dauelako egin; David Hertz, Gastromotiva elikagai banku bihurtzeagaitik eta Brasil eta Mexikoko herri komunidadeetan era guztietako ekimenak bideratzeagaitik, Suete Solidarioak deiturikoak instalau baitzituen; Ed Lee, AEBetan sukaldaritzako langileen alde egindako lan komunitario inspiratzaileagaitik; Juan Llorca, konfinamenduan gurasoei seme-alaben elikaduran laguntzeagaitik; eta Nicole Pisani, boluntarioen sare baten bidez jatorduak eskaini deutsezalako behartsuei.


Basque Culinary World Prize

Saria bakarra da, Eusko Jaurlaritzeak, Euskadi-Basque Country estrategia integralaren barruan eta gastronomian liderra dan Basque Culinary Center erakunde akademikoak emoten dabena. Sariaren bidez, ekinbide eraldatzaileak martxan jarten dituen chefen lana autortzen da, eta 100.000 euroko zuzkidurea dau irabazleak aukeratutako proiektu batera bideratzeko.

Basque Culinary World Prize saria Basque Culinary Centerrek eta Eusko Jaurlaritzeak emoten dabe, Euskadi Basque Country estrategia integralaren esparruan. Herrialde-marka hori, bere indarguneak eta berezitasunak oinarri hartuta, bikaintasunaren erreferente bihurtu da, bizi-kalidadearen eta gizarte-kohesinoaren eredu eta lurralde barritzaile eta lehiakor legez.

Basque Culinary Center mundu-mailako erakunde akademiko aitzindaria da, unibersidade-heziketeari eta gastronomiaren potentzialaren garapenari (hezkuntzea, ikerketea, barrikuntzea eta ekintzailetzeari lotuta) jagokenez. 2009an edegi zan Donostian eta ordutik ahalegin handia egin dau diziplina arteko espazio bat
sortu eta sektorea profesionalizetan laguntzeko.

Sariari esker gastronomiak izan leiken eragina goraipatzen da chefek beren sormena, ezagutzak, lidergoa eta ekintzailetzea erabilten dituenean gizartearen barruan aldaketak eragiteko. Sari honek komunidade gastronomikoaren kolektiboaren ezagutzeari dei egiten deutso, mundu osoko sukaldaritzako profesionalak deskubriduteko eta sektorean esperientzia profesionala dauen edozein chefentzat edegita dago, haren sukaldaritzako kulturea, nazionalidadea edo ospea edozein dala be.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu