Gastronomiaren alde turismoa sustatzeko

Bizkaie! 2020-07-23 08:22   Jan edanak

Gastronomia sano erakargarria da Bilbao Bizkaira hurreratzen diranentzako.

Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak lehentasuna emon deutsee marketin digitaleko jarduerei eta operadore turistikoakaz lankidetzan ibilteari, uda bereziari aurre egiteko. Gastronomia da hainbat kanpainen ardatz nagusia: Michelin izarrek lurraldeko sukaldaritza-ahalmena sare sozialetan erakutsiko dabe Helmuga bat, hamabi izar gastronomiko kanpainen bidez eta Bilbok bat egingo dau Vueling hegazkin konpainiagaz batera Jateko moduko uriak sareari esker.

Bilbao Bizkaiak bere ahalmen gastronomikoa erakutsi eta bidaiariak gonbidauko ditu uda honetan Michelin izarra daben jatetxeetara joan daitezan.

Horreek dira udako protagonista, uria eta lurraldea. Bilbao Bizkaiak gastronomia aukeratu dau bisitariak erakarteko elementu nagusitzat eta jokereari jarraituz, gitxiago etorriko dira nazinoartetik eta gehiago hurreko lekuetataik. Beste urte batzuetan ez bezela, hegazkina gitxiago erabiliko da eta norberaren ibilgailua gehiago eta hori baliogarria izango da turistak bueltan etorri daitezan.

Juan Mari Aburtok eta Ainara Basurkok azaldu dabenez, kanpainek Bilbo eta Bizkaiko sukaldaritzearen handitasuna nabarmentzearen alde egiten dabe: lekuan lekukotik hasi, pintxoak eta sukaldaritza tradizionalera, goi mailako gastronomiatik eta txakolinagaz lotutako enoturismotik igarota. Gastronomia da Bilbao Bizkaira hurreratzen diran bisitarientzat erakargarri handienetako bat eta gainera, uriko eta lurraldeko jarduera ekonomikoan eragin handia dauen osogaia.

Kontuak kontu, 4 kanpaina barri aurkeztu ditue Bilbao Bizkaia Erreserbeagaz bat eginez, barruko turismoa sustatzeko, uriaz eta lurraldeaz gozetako 300 jarduera baino gehiago eskaintzen dituan erreserben ataria. Gainera, beste jarduera bat iragarri dabe bisitarien mobikortasuna errazteko.

Bilbao Bizkaia, bueltauko zara gaikako bideoen kanpaina bat da, helmugako esentzia gastronomia, txakolina, erosketak zein kostaldea ardatz hartuta. Sare sozialetan eta newsletterretan mezu emozionalak emonez bideoek Bilbao Bizkaira egindako bidaia baten esperientziak gogora ekarten laguntzen dabe.

Helmuga bat, hamabi izar gastronomiko mezu nagusia da, kanpaina bi eta goi-mailako gastronomia protagonista bateratzeko balio dauena. Bietan buztartzen dira uriko eta lurraldeko Michelin izarra daben 12 jatetxeen barrikuntzak eta sorkuntzak, sukaldaritza-esperientzia parebakoa bizi nahi daben bisitariak erakarteko. Datorren astean hasiko dira.

Bilbao Bizkaia helmuga distiratsua Madril eta Bartzelonako publikoari zuzendutako kanpainea da.

Dastatu izarrak Bilboko eta Bizkaiko tokiko publikoari zuzenduta dago, etxetik hur daben goi mailako gastronomiaren barri izan deien.

Jateko moduko uriak Vueling konpainiagaz batera egindako marketin-jarduerea da, helmugea sustatzeko, gastronomiaren bidez lau uri konektauta: Sevilla, Malaga, Valentzia eta Bartzelona. Oso bideratuta dago sare sozialetara eta parte hartzen daben beste urietan zuzeneko sustapeneko ekintzakaz osotzen da. Joan dan garagarrilaren 14an hasi zan eta oso kanpaina bisuala da, interes gastronomikoa suspertzea helburu daben mezuakaz batera.

Bilbao Bizkaia gaikako mapa barriak. Uriko eta lurraldeko turismo-bulegoetan lau mapa turistiko barri topauko ditugu uria eta lurraldea zeharkatzeko: Txakolina, Shopping, Drive & Enjoy, City & Experience.

* Michelin izarrak dituen 12 jatetxe dagoz Bilbao Bizkaian: Azurmendi, Eneko eta Eneko Bilbao (Eneko Atxa), Etxanobe Atelier (Fernando Canales), Asador Etxebarri (Bittor Arginzoniz), Nerua (Josean Alija), Zarate (Sergio Ortiz de Zarate), Zortziko (Daniel García), Mina (Álvaro Garrido), Andra Mari (Zuriñe García), Boroa (Ander Unda eta Vitalie Nofit), eta Ola Martin Berasategi (Raúl Cabrera).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu