Euskereak zer indargune, zer ahulgune, zer aukera eta zer mehatxu izan leikez?

Bizkaie! 2020-07-22 09:01   Euskerea berbagai

Euskerearen lekua etorkizuneko euskal gizartean.



Sabino Arana Fundazinoak eta Euskaltzaindiak etorkizuneko euskal gizartea zelakoa izango dan ezagutzeko mintegian, bihar etziko gizartean euskerearen erabilera eremu barriak identifikau nahi izan dira: Euskereak testuinguru gatx eta korapilatsuan zer indargune, zer ahulgune, zer aukera eta zer mehatxu izan leikezan igarteko asmoz antolatu dabe mintegia, euskerearen etorkizuneko erabilera- eremuak identifikau eta horreetan eragin nahiko geunkelako adierazo dau mintegiko sarrera-berbaldian Mireia Zarate Sabino Arana Fundazinoko buruak. Andres Urrutia euskaltzainburuak be etorkizunaz jardun dau bere berbaldi laburrean: Adi egon behar gara gizartean zer mobiduten dan ikusi eta erantzun azkarra emoteko; bihar-etziko Euskal Herria ikusi behar dogu eta etorkizun horretan euskerearen presentzia ziurtatu, baina presentzia bizi eta eraginkorra behar dau izan, ez testigantzazkoa. Horretarako, behar-beharrezkoak dira modu honetako gogoetak. Eta Luis Villasante euskaltzainak Euskararen auziaz liburuan aspaldi idatzitakoa gogoratu dau Urrutiak, euskerearen erabileran jarriz begia: Hizkuntzak, oroz gan, berba egiteko eginak dira, ezpanetan erabilteko eginak. Berba egiteari ixten jakonean hizkuntzea hilobirako bidean sartu da.

Iñaki Iurrebaso EHUko irakasleak ekin deutso mintegiari eta euskerearen egoera soziala aztertu dau, azken hamarkadetako datu demolinguistikoak emonez eta etorkizuneko gako batzuk zehaztuz. Erabilereari buruz gauza jakin bat gogoratu dau, ezagutza-mailearen azpitik dagoala erabilerea (euskaldunak % 28 /erabiltzaileak % 15): Eremu formaletan igon egin da erabilerea, baina ez informaletan. Eremu euskaldunetan jaitsi egin da euskereen erabilerea eta erdaldunetan apur bat igon azaldu dau ikertzaileak. Etorkizunerako hiru gako be zehaztu ditu Iurrebasok: Eremu informalaren garrantzia sekulakoa da eta lehentasuna emon beharko geunskio horri; bestetik, eremu euskaldunetan be erdaldunetan beste ahalegin egin beharko geunke, apur bat ahaztuta izan ditugulako; eta, azkenik, esango neuke ahalegin asko egin dala euskerearen bizibarritzean eta, akaso, horregaitik dago oraindino bizirik euskerea, beraz, ahaleginak biderkatu egin behar dira aurrera egin nahi badogu.

Ondoren, Gorka Espiau Agirre Lehendakaria Center-eko zuzendariak galdera latza mahairatu dau, hausnarketarako bide emoten dauena: Eraldaketa handiak datoz etorkizunean. Pentsetan dogu hurrengo eraldaketa prozesua aurrera eroateko euskerea ezinbestekoa dala? Orain 40 urte erantzuna baiezkoa izan zan. Eta gaur egun?. Eta adibide bat jarri dau, oso argigarria: Orain 40 urte, euskal gizarteak ikusi eban ezinbestekoa zala euskerearen bizibarritzea. Esaterako, Irlandan guztiz kontrakoa jazo zan. Baina Espiauk esan dau gaur egun entzuten diran narratibak ez doazela bide bardinetik eta hori oso larria dala dino: Gauza bat da zer esaten dogun jentaurrean, hau da, euskerearen alde gagozala; gero ezkutatzen dogun bestelako narratibea dago (pentsau bai, baina esaten ez doguna); eta, azkenik, metanarratibea dago, niretzat inportanteena: benetan sinisten dogu hurrengoko eraldaketan euskerea beharrezkoa dala? Erantzuna ezezkoa bada, orduan bai, arazo handia daukagu. Horregatik, adituak nabarmendu dau esperimentazino-zentro bihurtu behar dogula Euskal Herri osoa, euskerea bihurtuz elementu bereizgarria arlo eta esparru diferenteen artean. Euskereak balio erantsia dauela be gogoratu dau Espiauk, kosmobisino propio bati lotuta dagoalako.

Ibon Zugasti Prospektikerreko zuzendariak gaur egungo jokaera globalak aztertu ditu eta hortik tokian tokiko agertokietara egin dau salto. Ondoren, egoera barrien aurrean euskerearen etorkizuneko eszenatokiak alkarregaz eregiteko beharra azpimarratu dau. Horretarako, giza kapitala kontuan hartu behar dala esan dau Zugastik, baita kapital soziala, kulturala, ekonomikoa, politikoa eta, zelan ez, azpiegiturak be. Munduaren erronka globalak be aletu ditu adituak eta, bide batez, horreen konponbideen konplexutasuna.

Euskereari jagokonez esan dau nazinoarteko agendan ezarri behar dogula hizkuntza minorizatuen auzia, bestela, ohartarazo dau gitxi batzuek ezarriko dabela danontzako agendea.

Xabier Barandiaran Deustuko Unibersidadeko irakasleak euskerea etorkizuneko herrigintzearen erdigunean kokatu behar dala esan dau, baina horretarako autortu dau ezinbestekoa dala bizi dogun eraldaketa sakona ondo ulertzea: Hartu-emon espazioak nabarmen aldatu eta zabaldu dira, batez be ekonomia alorrean; gure
nortasun sozial eta kulturalak sekulako eraldaketan sartu dira; mundu politikoan be eraldaketea bizi dogu, nazino-estaduaren krisia eta sistema publikoaren eraldaketarako gaitasuna oso larri dagoz. Beraz, erakunde publikoak ezinean dabiz errealitate barriei erantzun ezinik: zerbitzu-agentzia bihurtu dira gaur egungo egitura publikoak eta eraldaketarako gaitasuna galdu dabe. Marko horren aurrean, Barandiaranek gogoratu dau hizkuntzea ez dala komunikazino tresna hutsa, herri batek dauen erakunderik inportanteena baino: Euskereak mundu bat sortzen dau, sortu deu, baina gure hizkuntzearen etorkizuna buztartuta dago komunidade politikoaren etorkizunagaz eta, era berean, hizkuntzeak itxura emoten deutso komunidade politiko horri, hizkuntzea, besteak beste, interakzinoa eta komunikazinoa dalako, hau da, jarrerak, balioak, jokabideak, mundu oso baten interakzinoa. Beraz, nik nahi dot euskerearen mundua ziurtatzea, libre izateko modu bat dalako.

Euskal komunidadea balioetan, ezagutzan, hartu-emonetarako gaitasunean indartzeaz egin dau berba irakasleak eta abiapunturen bat edo beste azpimarratu dau, hain zuzen, Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzatutako ‘Etorkizuna eraikiz’ proiektua: Egitasmoaren helburua gure herritarrak agenda politiko barriaren jaube egitea da, bardintasuna, aldaketa klimatikoa zein teknologia lehenetsiz. Eta gauzak egiteko beste modu bat dakargu, etorkizunean gizakion arteko loturak landuz. Eta hau guztia garrantzitsua da, gure komunidade politikoari eusteko gaitasuna baldin badogu, gure hizkuntzeak etorkizuna izango dauelako.

Arantza del Pozo Vicomtech enpresako Ahots eta Hizkuntza Teknologien Saileko zuzendariak teknologia aurreratuen garrantzia nabarmendu eta ohartarazo dau euskereak esparru horretan presentzia urria dauela: 'Egunero erabilten ditugu tresna, gailu eta aplikazino barriak eta gailu honeekaz berba egiten dogu, baina euskerea ez dago hor. Etorkizunean ahots eta hizkuntzak erabiliko dira gailuen artean jokatzeko eta hor euskereak egon beharko leuke'. Hausnarketarako idea batzuk be azpimarratu ditu Del Pozok: 'Euskereari onura handia egiten deutse beste hizkuntzetarako lantzen dagozan aurrerapen
teknologikoek'.

Andoni Eizagirre Mondragon Unibersidadeko irakasleak eta Ion Muñoa Deustuko Unibersidadeko irakasleak komunikazino eta sozializazino prozesuak bizi dauen eraldaketaz jardun dabe mintegiko azken txanpan: Eraldaketa sasoian bizi gara, sakon-sakoneko auziak aldatzen dagoz eta ezaugarri bi ditu eraldaketa honek: intragenerazionala dala, hau da, belaunaldi batek eraldaketa bat baino gehiago ezagutuko dituala eta globala dala' aurreratu dau Eizagirrek. Hari beretik tiraka, ondokoa adierazo dau Muñoak, komunikazino eta sozializazino prozesuen sakoneko eraldaketea bizi dogu eta gogoratu dau hizkuntzea erdiguneko elementua dala, bai komunikazinoan, bai sozializazinoan be. Baina euskal gizartea be asko aldatu da azken urteotan eta gizarte-errealidadea geroz eta mediatizatuagoa dagoala onartu dau ikertzaileak. Eta derrigorrezko galderea etorri da ondoren: Holako ezaugarriak dituan espazio komunikatibo orokorrean, ba al dago aukerarik euskerearen etorkizunerako espazio eta aukera barriak jorratzeko?. Erantzunak eta galderak nahasian emon ditue irakasle biek, gogoetarako plaza ugari ezarriz. Bada, zer egin aurrerantzean? Lau puntu aitatu ditue Eizagirrek eta Muñoak: Danontzako bitartekoak sortu ekosistema komunikatibo barrian; dagoan espazio zatikatuan danon elementuak eta erreferentzialtasun barriak topetan saiatu; dagoan espazio zatikatuan elementu propioen produkzinoa sustatu; eta bitartekaritzen hain menpeko ez diran espazio komun partekatuetako sozializazino prozesuak indartu, espazio fisikoa eta egitura sozialak aprobetxauta.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu