'Kultur Uheri' Ondarroan

Bizkaie! 2020-07-22 08:02   Pil-pilean

Garagarrilaren 31tik abuztuaren 30era.

Aritza Aristondo Kultur zinegotzia, Irina Alkorta Bardintasun zinegotzia eta Zunbeltz Bedialauneta alkatea. | Ikusi handiago | Argazki originala

Ondarroako Udalak uda sasoirako Kultur Uheri atondu dau herriak askotariko kultur ekimenez gozau daian. Ekimen horretan, bariku, zapatu eta domeka guztietan egongo dira ikuskizunak, edade guztietarako eta Covid-19aren egungo egoerak behartutako arau eta gomendio guztiak betez, herriko frontoian. Ikuskizun guztiak, familientzako ginkanea kenduta, herriko frontoian egingo dira. Sarrerak garagarrilaren 24tik aurrera egongo dira salgai Turismo Bulegoan.

Aritza Aristondo Natxiondo Kultura zinegotziak esan dauenez, Andra Mari jaiak bertan behera itxitako momentuan hartu zan kultur ekimen bat antolatzeko erabagia: ekimen hau atontzeko arrazoi bi geunzkan mahai gainean: alde batetik herritarrek kulturea konsumiduteko gogoa eta jaietan ezin egin ahal izatea, eta bestetik, kultur arloko profesionalek Koronabirusak eragindako larrialdi egoeran jasan behar izan daben egoera txarra. Oinarri horreek kontuan hartuta eta arau jakin batzuk beteteko beharrak egongo dirala kontuan hartuta sortu zan Kultur Uheri, 15 ekitaldi edo ikuskizunez osotutako egitaraua, astegoien danatan bariku, zapatu eta domeketan eskainiko dana: bariku eta zapatuetako ikuskizunak gazte eta helduei zuzenduta egongo dira eta domeketakoak, umeei. Ikuskizunak, askotarikoak izateaz gan, balore zehatzak lantzeko tresna legez be ikusi dira, Udalak urte osoan egiten dituanei ikusgarritasuna emoteko tresna legez: bardintasuna, euskerea, aniztasuna, topiko sexistak haustea, estereotipoak... Horreez gan umorearentzako tartea be egongo da. Bardintasun saileko zinegotzia dan Irina Alkorta Bedialaunetak azpimarratu dau aitatu baloreen lanketea Udalak urte osoan egiten dauen zeregina dala eta ikuskizunek gai horreek jorratzea lanketa horregaz jarraitzeko beste pausu bat dirala.

Kultur Uheri ekimenak Euskal Herri osotik etorritako kulturgileak batu nahi izan ditu, hango eta hemengo eskaintzea plaza berean batu eta euskal sortzaileen lanak ezagutzera emon: Euskal Herriko hainbat lekutatik etorritako artistak egongo badira be, aparteko garrantzia eman gura izan deutsagu herriko zein eskualdeko sorkuntzeari eta uste dot Lea-Artibai eta Mutrikuko kulturgintzearen ordezkaritza ederra batzea lortu dogula: Biren (Ane eta Nora Agirre), Patxi Saiz, Herri eta Bixi, Iñaki Maruri, Garoa Arizmendi eta Iñigo Larrinaga, Dantzarte, Garazi Etxaburu, Nerea Ibarzabal.... Eta zelan ez, aurten be ez ditugu gonbidau barik itxi gura izan urtero jaietan geugaz egoten diran Mutrikuko Musika Bandea eta Mutriku Soka-Tira Taldea herri kirol ikuskizunagaz.


Zergaitik Kultur Uheri?

Uheri edo ubera, itsasontziek uretan ixten daben arrastoa da, igaro izanaren arrastoa, bidea egin izanarena. Kultureak be arrasto hori ixten dau herritarren artean, konsumidu ostean bidea egiten dauelako herritarren artean be.


Sarrerak

Ikuskizun guztietarako sarrerak garagarrilaren 24tik (barikua) aurrera egongo dira salgai Turismo Bulegoan, 10:30etik 14:30era eta 16:30etik 20:30era. Erosleak ikuskizun bakotxerako lau sarrera erosi ahal izango ditu gehienez. Ikuskizunetarako sarreren prezioak euro bikoak izango dira; euro bat umeen ikuskizunetan. Frontoiko harmailen edukierearen % 60 bete ahalko da Kultur Uheri ekimenean, egungo osasun arau eta gomendioei jarraituz. Ikuskizunaren arabera, salgai egongo diran sarrera kopurua be aldatu egingo da, jarleku gehiago ipinteko aukerea egon daitekeelako zenbait ikuskizunetan: aulkirik ez dagoanean 300 sarrera egongo dira salgai eta jarlekuak dagozanean 340 sarrera; Lur eta Amets filmaren proiekzinoak izango dau sarrera kopururik handiena, 500.

Euria egin ezkero ekitaldiak bertan behera itxiko dira eta horren barri Ondarroako Udalaren ohiko komunikazino bideetatik emongo da erabagia hartzeagaz batera. Bertan behera geratzen diran ekitaldiak beste egun baterako programauko dira, beti be ikuskizuna eskaini behar dabenek ahal dabenean. Gurago dabenek sarreren dirua bueltan jasoteko aukerea izango dabe Turismo Bulegoan.


Egitaraua

Informazino gehiago eta egitaraua begitu hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu