Mundu osoko ikasleak euskerearen uretan sartu dira
2020-07-21 07:55 Euskerea berbagaiHistorian egin dan lehen online barnetegian dabiz.
Pasa dan astean ekin eutsen Aurten Bai egitasmoaren udako online barnetegiari. Historian egin dan lehen online barnetegia da, COVID-19ak eragindako pandemiak holan behartuta; baina, egoerea aurreikusita, ikasleek gogotsu hartu dabe erronkea.
Hamabostaldian mundu osoko unibersidadeetan euskerea eta euskal kulturea ikasten dabizen ikasleak batu ditu: Japonia, Argentina, Finlandia, Polonia edota Ameriketako Estadu Batuak, besteak beste. Barnetegiaren egitarauak egunean hiru ordu hartzen ditu (lekuaren arabera ordutegia aldatzen dalarik, danak batera konektau ahal izateko) eta denpora horretan euskera eskolak, barriketaldiak edota bideo-ikustaldiak egiten ditue. Ikasleak talde bitan banatu ditue, A1 eta A2 mailakoak bereiziz. Astegoienean deskantsua egin eta barriro eutsi deutse lanari.
Benetako barnetegi bategaz konparauezina dala jakinda, ikasleek nahiko ondo daroe esperientzia. Tokioko TUFS Unibersidadeko Anna Saito ikasleak dinoanez, nire unibersidadeko eskola guztiak be online plataforman egiten diranez, ohituta nago, nahiz eta batzuetan konexino falteak irudi eta bideoak ikusteko enbarazu egin. Barnetegiaren izakereaz galdetuta, La Platako Unibersidadetik datorren Patricio Zabalak ondokoa nabarmendu dau: Ez naiz inoiz aurrez-aurreko barnetegi batean izan, baina uste dat alde handia dagoala bataren eta bestearen artean; aurrez-aurrekoan hainbat gauza eregiten dira plataforma digital baten bidez sortu ezin diranak'. Egoereari, ostera, alde ona ikusten deutso Saitok: 'Online plataformeari esker, munduko edozein lekutatik hartu geinke parte eskoletan. Hori gustetan jat.
Halan da guztiz be, ekimen hau euskera mailea hobetzeko oso lagungarri jakela uste dabe biek. Hiztegian, gramatikan, irakurmenean edota idazmenean asko ikasten dabizela dino Zabalak; baina, duda barik, entzumena eta interakzinoa dabe biek gustokoen: Bideoetan personaiek azkar berba egiten dabe eta batzuetan gatxa da ulertzea, baina bideoak barregarriak dira eta niretzat entzumen praktika ona da', dino Saitok. Zabalarentzat, ostera, irakaslearen berbaldiak dira entzumena hobetzeko abagune: 'Haren diskursoetan, egitura eta adierazpen aberats ugari eskaintzen ditu.
Aurten Bai barnetegiaz gan, antzeko beste egitasmo bat be hasi zan pasa dan astegoienean, Euskerea Munduan programeak antolatua eta 10 egun iraungo dituana.
Informazino gehiago hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!