B118, Bertsolari aldizkariaren udako alea plazan
2020-07-20 13:41 BertsolaritzeaXabier Silveirak oholtzara bueltetako erabagia hartu dauenean, zer, eta oholtza desagertu!
Fase eta desfase arteko jantzan josita dator alea, aldizkari honen ia 30 urteko historian etxetik egindako bakarra. Baina egin, egin da, mimo handiz gainera!
Betiko legez Zaldieroak emon deusku ondoetorri umoretsua. Kanpotik atalean bere bertsozaletasunaz berba egingo deusku Oier Sanjurjo lizarratarrak, Osasunako gizonezkoen futbol taldeko kapitainak.
Xabier Silveirak oholtzara bueltetako erabagia hartu dauenean, zer, eta oholtza desagertu! Albiste handia da bertsozaleontzat lesakarra barriro plazan entzun eta ikusiko dogula jakitea eta Alazne Untxalok alkarrizketatu dau.
A zelako astindua emon deutson munduari ditxosozko koronabirusak. Bertsolaritzea ere ez da ez immunea, ez asintomatikoa, eta Maialen Lujanbiok Bertsozale Alkartearen diagnostiko eta osabideen inguruan idatzi dau.
Jon Maiak konfinamendua hasi eta berehala ekin eutson Ixolamendua izenez bataiatu dauen ekimenari, eta bere esperientziaren barri emon deusku.
Bertsopaperak lehen eta orain erreportajea idatzi dau Pello Esnalek eta bere eskutik irakurriko dogu bertsolaritzearen genero honek azken mende bietan izan dauen bilakaerea.
Ander Lizarralde eta Unai Muñoa bertsolariek Erik eta Win antzezlana sortu dabe, Aitor Atxega (musikaria), Imanol Kamio (musikaria) eta Asier Sotagaz (zuzendaritza artistikoa) batera. Buhameak taldeko Unai Muñoak obrearen nondik norakoen inguruan idatzi dau.
Iñaki Arriaranek kontau deusku 1885. urtean Joxpinaxi izeneko andre batek sekulako egurra emon eutsela pelotan gizonezko biri, apustu bat tarteko eta zelan Ramos Azkaratek bertsoak jarri eutsozan jazoera hari.
Patri Urkizu idazlearen Ziri-Bertsoen inguruko erreportajearen lehen zatia argitaratu eben udabarriko alean eta udako honetan beste erdia dator.
Luzia Goñi bertsolari historikoa hil zan joan dan martian eta Gorka Erostarbek basaburuarraren inguruko lan ederra atondu dau. Aupa Luzia!
Kurdistanen be existiduten da ahozko bat-batekotasuna, dengbejî dalakoa. Zinar Ala dengbejêak kontau deuskuz inprobisazino mueta honen ezaugarriak.
K.a.V. mendera egin dau salto Fredi Paiak, Euripides poetea bakarrik ez, bertsolaria be bazala kontetako.
Amaitzeko, Igor Elortzaren eskutik konfinamendua hausteko aukerea izango dogu Durangon zehar antolatu deuskun bertso ibilbidea eginez.
Aldizkari hau zein Bertsolari aldizkariaren beste edozein ale Elkar argitaletxearen bidez eskuratu daiteke, baita aitatu webgunean eskatuta edo administrazioa@bertsolari.eus helbidera idatzita be. Bai webgunean eta bai helbide horretara idatzita be harpide egin daiteke, urtean 29€-ko kuotearen truk.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!