2020-2023ko Auzokide Plana onartu dabe Bilbon

Bizkaie! 2020-07-20 13:21   Pil-pilean

Plan hau herritarren parte-hartzea bultzatzeko daukagun tresnarik garrantzitsuenetako bat da.

Oihane Agirregoitia, Herritarren Arreta eta Partaidetzako Zinegotzia. | Ikusi handiago | Argazki originala

Bilboko Udalak 2020-2023 Auzokide Plana onartu dau, uriko barruti guztietako 56 jarduketa-eremu jasoten dituana, besteak beste, Deustuibarra, Uribarriko goiko aldea, zenbait parke (Europa parkea, Casilda Iturrizar parkea, Floresta lorategia, Eskurtze parkea), Arabella eta Boluetako metro geltokiko sarbideen ingurunea dira udalak gogoan hartuko dituanak.

Juan Mari Aburto Alkateak, Oihane Agirregoitia Herritarren Arreta eta Partaidetzako Zinegotziak eta Asier Abaunza Obretako eta Uri Plangintzako Zinegotziak 2020-2023ko Auzokide Plana aurkeztu dabe gaur goizean udaletxeko Arabiar Aretoan.

Alkateak nabarmendu dauenez, Plan hau herritarren parte-hartzea bultzatzeko daukagun tresnarik garrantzitsuenetako bat da. Helburua bera be garrantzitsua baita: gure auzoen gizarte eta uri-kohesinoa. Aburtok beren-beregi azpimarratu ditu 4 urte honeetarako helburuak: irisgarritasuna hobetu eta arkitekturako oztopoak kenduko ditugu geure kaleetan, uriko berdeguneak eta egoteko espazioak dinamizauko ditugu, adibidez, parkeak, umeen olgeta lekuak, kalean kirola egiteko espazioak... Auzokide Planak 49,6 miloe euroko aurrekontua dauela gogoratuz, Alkateak argi itxi dau herritarrak gogoan egiten dogun inbersinoa da, gure auzokideen lehentasunak entzunez eta erantzuna emonez.

Aurrerantzean, uriko herritarrek, barrutietako kontseiluen bidez, euren kale, plaza, parke edo auzoak hobetzeko lehenetsitako obra-proiektuak zehaztuko dira. 2020. urtekoak lanketa prozesuan dagoz honezkero.

Irisgarritasuna, argiztapena hobetu, kaleak eta uri-altzariak barriztau, parkeak dinamizau, espaloiak zabaldu eta auzoko bihotzak bultzatu dira, batez be, bizilagunek lehenetsi dituen jarduketak.

Urte honetarako 2020-2023ko Auzokide Planera 1,7 miloe batu ditue barruti bakotxeko, hau da, normalean baino 200.000 euro gehiago barruti bakotxeko. Salbuespen gisa eta aurreko agintaldiko zuzkidurea osotzeko 2020ko aurrekontuari gehitu jako. Hurrengo urteetarako -2021, 2022 eta 2023- barruti eta urte bakotxeko 1,5 miloe euro erabiliko dira.

Plan honi esker, Bilboko Udalak auzoen etenbako hobekuntzearen alde egin dau. Danetara, 49,6 miloe euro inbertiduko ditu 2023ra arte. Gainera, bizilagunen parte-hartzea bultzatzen dau, herritarrek eta Bilboko eragile politiko eta sozialek barrutietako kontseiluen bidez lehenetsitako obrak eta jarduketak gauzatuz.


56 Jarduketa-eremu 4 urtean

1. Barrutia: Deustu

Agintaldi honetarako bizilagunek lehenetsitako eremuetako batzuk ondokoak dira: Arangoitiko parkea, Agirre Lehendakariaren etorbidea eta Buenavista auzoko sarbideko oinezkoen segurtasuna hobetzea, Arangoitiko Gorbea kaleko biraketearen erdipeatonalizazinoa eta Deustuko eta San Ignazioko auzoetako irisgarritasun eta argiztapen planak.

2020. urtean, adibidez, hobetu egingo dira Erdikoetxe kalea (dagoeneko lizitazinoan) eta Deustuibarra. Gainera, Elorrietako auzoko bihotzeko lanak hasiko dira.


2. Barrutia: Uribarri

Hasteko dagoz Arabellako eta Zabalbideko urbanizazino proiektuak, baita Uribarri auzoko goiko aldearen irisgarritasun plana be, Bakio, Gorliz, Plentzia, Santurtzi eta Tutulu kaleei jagokena.

Gainera, 2. barrutian agintaldi honetarako lehenetsitako beste eremu batzuk dira Etxezuri kaleko igongailuaren sarbidea hobetzea, funikular inguruaren urbanizazinoa hobetzea Traukoko oinezkoen bideraino eta Zurbaranen irisgarritasuna hobetzea.


3. Barrutia: Otxarkoaga/Txurdinaga

Barruti honetako bizilagunek, agintaldi honetarako, Otxarkoagan Irumineta eta Txotena arteko konexio mekanikoa eta Lozoñoko umeentzako jokoen eremu barria lehenetsi ditue. Txurdinagan, barriz, lehentasuna emon deutse Europa parkearen dinamizazinoari eta Julian Gaiarre-Zirko Amateurretik Boluetako metro geltokira heltzeko eskailerak hobetzeari (azken proiektu hori 4. barrutiarekin konpartiduta dago).

Modu berean, datozen urteetan, 3. Barrutiko ekobulebarra hobetzen jarraituko da.


4. Barrutia: Begoña

Santutxun, ondokoak izango dira lehentasunak: Aranbarri Musikariaren plazea urbanizetako obrak eta Karmeloko plazak hobetzea (biak hasteko dagoz), Cocherito de Bilbaoren ingurunea hobetzea, Arteta Margolariaren kalearen urbanizazinoa hobetzea, eta Eguiluz Sendagilea, Santa Luzia, Santa Zezilia, Juan de la Cosa eta Landaorlegi kaleen urbanizazinoa hobetzea.

Bestalde, Boluetan, Julian Gaiarre-Zirko Amateurreko eskailerak hobetuko dira (3. Barrutiagaz konpartiduta) eta metro geltokiaren sarbideen ingurunea hobetuko da. Begoñan, hilerriaren lur-zatia aisialdirako espazio lez egokitzea aztertu eta gauzatuko da.


5. Barrutia: Ibaiondo

Ibaiondoko barrutiko kontseiluan, lehentasuna izan da La Floresta parkea hobetzea, Ibaizabal Landako eta Ibaieder parkeko auzoko bihotza bultzatzea, Zamakolan eta Urazurrutian urigintzako hobekuntzak egitea, espaloiak handitzea eta barritzea San Frantzisko eta Iturribide kaleetan.

Modu berean, hobekuntza planei helduko jake Atxurin, San Adrianen eta Solokoetxen, eta Buiako uri-berrantolaketea egingo da (auzo-etxearen inguruan).


6. Barrutia: Abando

Rodríguez Arias kalearen ingurua, Elkanoko argiztapena hobetzea eta pasabide beheratuak egitea, Indautxu plazEa hobetzeko plana, Pío Baroja plazEa berrurbanizau eta Casilda Iturrizar parkea hobetzea dira bizilagunek datozen urteetarako lehenetsitako jarduketa-eremuak.


7. Barrutia: Errekalde

Uretamendi eta Betolaza hobetzeko planak egingo dira, baita Artazu Bekoa eta Goikoa eta Peñaskal hobetzeko planak be; Errekalde plazearen ingurua barritu eta bertako pergolan gainaldea jarriko da. Modu berean, Eskurtze parkean agertokia estali egingo da (dagoeneko egina) eta bertako olgeta lekua eta kirolgunea barrituko dira. Gainera, Betolaza 51n espaloiak zabaldu eta Gordoniz kalea barrituko dira.


8. Barrutia: Basurtu/Zorrotza

Lehentasunak dira Santiago auzoko irisgarritasuna, Sabino Aranako umeen olgeta lekua estaltzea, Altamirako irisgarritasun integraleko plana (lizitazinoan dago), Olabeaga hobetzeko plana, Zalbidea estratako espaloiak zabaltzea, eta Zorrozgoiti bidean oinezkoen ibilbide segurua sortzea.

Modu berean, Kastrexanako eskola zaharretan plaza bat, estalitako espazio bategaz egiteko azterlana eta plazea eregitea berretsi dabe, baita La Base futbol-zelai zaharreko aldi baterako aprobetxamenduen azterlana egitea eta eregitea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu