Willem Dafoe agertuko da 68. Donostia Zinemaldiaren kartelean

Bizkaie! 2020-07-20 07:55   Zinemea

Donostiako Patio estudioak egin dau lana.

Willem Dafoe (Appleton, Wisconsin, 1955) aktore estadubatuarra izango da 68. Donostia Zinemaldiko –irailaren 18tik 26ra– karteleko irudia. Donostia Zinemaldiak karteletarako diseinu barri bat abiarazo eban 2018an, konposizinoan argazkiak eta marrazkiak buztartuz eta zinematografia garaikideko figura bat txertatuz. Isabelle Huppert aktorea izan zan diseinu barriko lehen irudia, 66. edizinoan eta Penélope Cruz agertu zan igaz. Donostiako Patio estudioak egin dau kartela, Martin Schoeller argazkilariaren irudi batean oinarrituta.

Dafoe lau aldiz izentau dabe Oscar saria irabazteko eta hirutan Urrezko Globoa irabazteko. Donostia saria jaso eban 2005ean, aktorearen ibilbidearen autortuz. Besteak beste, honako zinemagile honeekaz lan egin dau: Michael Cimino, Martin Scorsese, Oliver Stone, John Waters, Paul Schrader, David Lynch, Alan Parker, Abel Ferrara, Lars Von Trier, Wes Anderson, Sam Raimi, Sean Baker eta Robert Eggers.

Dafoe 1988an etorri zan lehenengo aldiz Donostiara The Last Temptation of Christ (Martin Scorsese) aurkezteko. Barriro etorri zan 1997an, Victory (Mark Peploe) filmarekin (Sail Ofizialean lehiatu zen), bai eta 2005ean be, Zinemaldiko ohorezko saririk garrantzitsuena jasoten. Donostia Saria emoteko ekitaldian Before it Had a Name (Giada Colagrande) filma proiektau eben. Azken bisitea 2014an izan zan, Abel Ferrara zuzendariaren Pasolini filmagaz (Perlak).

Ohorea da Zinemaldiarentzat munduko aktorerik onenetako batek, urte askoan begikotasunezko loturea izan dogun batek, Donostia Zinemaldiaren 68. edizinoaren irudia izatea onartu izana, adierazo dau José Luis Rebordinosek, Donostia Zinemaldiko zuzendariak.

Aurtengo edizinoko kartelak Huele de cine sailekoak dira. Donostiako Patio estudioak egin dau. Ernst Lubitschi eskainitako atzera begirako saileko kartela be diseinau eban 2006an, 54. edizinoan. Patioko zuzendari sortzaileak abiapuntutzat hartu dauen kontzeptuak kartelak batzen ditu eta konpartidutako nortasuna emoten deutse, Zinemaldia zinemaren iraganaren, orainaren eta etorkizunaren elkargune izaten laguntzea helburu. Motibo organikoak eta begetalak eta kolorea dira nagusi Zapirainek Zinemaldia irudikatzeko erabili dituan irudietan, lorategi handi bat bezela, era guztietako loreak, sentipenak eta usainak topau daitekez; oso lorategi bizia, lore handi, film handi, baita handi bilaka daitekezan film txikiakaz be.

Patiok komunikazino-zerbitzu osoak eskaintzen ditu 2004tik, hau da, publizidade estrategikoa, zuzeneko marketina, diseinua, irudia, nortasun korporatiboa, social media, ekintza ez-konbentzionalak, web-orrien diseinua eta programazinoa, lan editoriala edo komunikazinoa espazioetara aplikautakoa.

Zinemaldiak jakinarazo dau zein filmek emongo deutson hasierea, lehiaketatik kanpo, 68. edizinoari, Rifkin’s Festival Woody Allenek zuzendu eta urian filmautako pelikulak, hain zuzen, baita Donostia saria Viggo Mortensen aktore eta zuzendari estadubatuarrari emongo jakola be. Ekitaldi horretan Falling filma proiektauko da, Mortensen lehen lana zinemagile legez. Era berean, Urrezko Maskorra irabazteko lehian izango diran sei filmen barri be emon dau Zinemaldiak: In the Dusk (Sharunas Bartas), Asa Ga Kuru / True Mothers (Naomi Kawase), Dasatskisi / Beginning (Dea Kulumbegashvili), Été 85 / Summer of 85 (François Ozon), Nakuko wa ineega / Any Crybabies Around? (Takuma Sato) eta Druk / Another Round (Thomas Vinterberg).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu