Raitx: 'Musikea artea da'
2020-07-20 08:10 Barriketan29. Gaztea Maketa Lehiaketea irabazi barri dau.
29. Gaztea Maketa Lehiaketea irabazi dau Raitxek eta hasten dagozan talentu barriak ezagutzeko aproposa izan da hitzordua, lau finalistek euren onena emon dabe eta. Raitxek (Donostia, 1991) 5.000 euro eskudirutan eta Bilbao BBK Live handian kontzertua emoteko sariak eskuratu ditu.
Publikoaren Saria, 2.500 eurokoa, Kilimak taldeari emon deutse eta beste finalista biak Deñe eta Kleermon izan dira.
Xabi Bandini, Izaro Andres eta Xabi Doncel izan dira epaimahaikideak eta azaldu dabenez, sari nagusia nori emon erabagitea ez da bape erraza izan.
Rakel Arenaza donostiar gaztearen bakarkako proiektuaren izena da Raitx. Koban taldeko kide izan zan fase personalago honi ekin aurretik. Apirilean plazaratu eban lehenengo diskoa, sei kantu dakarzana eta Abereek entzungo balute izenburuduna.
1.- Gaztea Maketa Lehiaketea irabaztea upealakoa da sariari erreparauta eta horrek dakarren bultzadeagaitik. Ze gogoeta egin dozu?
Orain arte neugan be ez neban sinistuten, ez neban pentsetan beste persona batzuei egiten dodan musikea gustauko jakenik. Baina diskoa grabau ondoren eta maketa lehiaketako epaimahaikideen lorak eta balorazinoak entzun ondoren, aldatu egin naz, konfidantza handia hartu dot.
Oso barrutik jatort musikea, hori da nire mundua eta neure bururen jaube izatea gauza handia da, hartu dodan eta dogun erregalurik politena. Taldekideok, gure artean entzuten ikasi dogu, eta gure konexino intimoenak honetara ekarri gaitu.
2.- Zein da saria?
Sariak parte bi ditu: Batetik 5000 euroko dirusaria eta, bestetik, urtero bezela BBK Live Festibalean joteko lekua; aurten festibala ez danez normaltasunez egingo, gogo handiz gagoz horren ordez zer jarriko eta ze ezusteko egongo dan jakiteko. Guretzako, musika modu errentagarrian egiteko aukerea da, musika ez
dalako gure ogibidea eta holako bultzadea oso lasaigarria eta motibagarria da.
3.- Apirilean plazaratu zenduan lehenengo diskoa, sei kantu dakarzana eta Abereek entzungo balute izenburuduna (autoprodukzinoa, 2020). Euskerea eta gaztelania buztartzen dozuez kantuetan. Zergaitik?
Nere ama hizkuntzak dira eta ez dago arrazoirik emon beharrik be. Nere barruko bakarrizketeak holan sortu ditu berbak. Kantuak sortzea da atxakia; mantra batek urtetean deust barrutik, momentu personal horretan landu beharreko zeozer lantzeko, edo konpontzeko, edo soluzino bat topetako, betibe norbanako eta
alkar jagotearen, bakardadearen inguruko eta bakotxaren lekua topetearen inguruko ausnarketak eginez.
Beraz, nire barrua jazoten diran gauzen esangurea berbakaz lotuta dagozanez, horreen indarraren arabera sortuko dira berbak, batzuetan euskeraz, beste batzuetan erderaz; baina batez be euskeraz, berben esangurea sakon sentiduten dodalako.
Nabarmenduko neuke etxeko abereek zentzudun bihurtzen dabela proiektua; abereek erantzungo balebe nor edo zer garen? Animaliakaz bizi naz eta norberaren barruko munduaz asko ikasi dot hareekaz.
4.- Zeugaz batera, sintetizadoreetan Esti Beraza (Koban) eta gitarretan Xalba Ramirez (Koban, Physis versus Nomos) dagoz. Jorratzen dozuen musika estiloari jagokonez, zer esango zeunke? Zeintzuk dira zuon ereduak?
Gure ereduak asko dira. Beti musikea entzun eta egin (edo egiteko gogoa ) izan dogu hirurok. Egia esan, bakotxak bere musika estilo faboritoa dauka, baina danetatik entzuten dogu.
Gaztetan, punk rock euskalduna. Jaietan, erromeriak eta euskal kantuak. Bakardadean, edozein gauza entzuteko ausartak gara. Mundu edozein txokotako musikea, elektronikoa, jazza, flamenkoa, trap...
Baina diskoari erreparauta, pare bat artista esan behar badeutsudaz, Daughter edo Jazmine Handam nabarmenduko neuskizu.
5.- Momentu oso personaletan sortutako poesiak musikatzen dozuez, kanta intimistak dira. Zelan sortzen dozuz poesiak?
Poesiak oso momentu personaletan sortzen dira eta danak, barruko apopilo edo arrotz bati edo korapilo bati aurre egin behar izan deutsadanean. Kantu guztietan berbak dira oinarri, mantra bat sentidu, gitarrea hartu, eta berbek eurek dakarre melodia, eta dana doa sortzen.
Ez jat abestiak aldatzea gustetan; lehenengo momentu horretan datorrena, holan gelditzen da. In situ sortutako abestiak taldearen aurrera eroan eta berbek esaten dabena beste musika tresnakaz esateko helburuari eutsi eta holako musikea atera jaku.
Nere buruari edo nere hurreko munduari zuzenduta dagoz, beraz, etxean egiten ditut kantuak; belardian, ahuntzen artean, ohean, suetean... Aitatu apopilo hori etorten danean, harrapatzen nauen lekuan. Danetarik dago baina maitasun abestiak dira, maitasunaren didaktikea?...
6.- Berbagilea zeu zara. Zeintzuk dira zure ardurak?
Esan deutsudan legez, jorratzen doguzan gaiak oso personalak dira eta, beraz, berbak adi adi entzutea da onena eta kantuen izenburuak irakurtea be ez da txarra izaten, pnetsetan dozuena baino gehiago esaten da lehenengo pista horreetan. Hortxe dago gakoa.
7.- En el amor no hay cicatrices, ni cortes de manga, ni títulos, ni siquiera besos kantua be agiri da zure diskoan. Zer esaten dozu kantu horretan?
Kantu hau, gogorra emoten dauen arren, autojagote eta alkarjagotearen ingurukoa da. Bizitako maitasun hartu-emonak bizi ondoren, zer nahi dodan eta zer hartzen dodan aintzat erakusten dot. Zer da maitasuna? Ze maitasun nahi dogu gure bizitzan? Zelan aztertzen eta zelan jorratzen dogu maitasuna? Horren inguruko hausnarketea da. Zer da maitasuna zure bizitzan? Maitasunaren didaktikea?... Maitasuna ez da sakradua, beraz, pentsau eta sentidu zer den maitasuna...
8.- Ez zegoen beste aukerarik kantuaren bideoa be plazan dago. Emoitzeagaz pozik?
Super pozik. Bideo bat egin nahi genduan eta Estik Jesus Lacorte ezagutu eban. Jesus, geure antzean, arte kontzientea egin nahi dau bizitzan eta gure proiektua asko gustau jakon. Bere artea gordin ikusi nahi genduan eta berak nahi ebana egiteko esan geuntsan; emoitzea hortxe dago, ederra da; Jesus
kantuaren barruan sartu eta, zer esan, emoitzea, parteen batuketea baino haundiagoa da, eta ez dago azalpen beharrik.
9.- Raitx da bakarkako proiektuaren izena baina aurretik Koban taldeko kide be izan zinan. Zelakoa izan da batetik bestera egindako salto hori?
Koban taldean hasi nintzanean, baneukan bakarkako proiektu hau martxan; Kobankideek nere lehenengo bakarkako kontzertuan (2017an) ezagutu ninduen eta, holan bihurtu nintzan Kobankide. Abeslari bat behar eben eta holan ibili naz urte bian edo. Bitartean, nere kantuak eta bakarkako kontzertuak egiten jarraitu dot. 2018an, Xalba eta Estik proiektu honen distirea ikusi eta nere inseguridade eta ardura guztiak alde batera itxita, hirurok ekitea erabagi genduan, hor etorri zan Raitx eta abestiak banda moduan ausartu eta hasi egin ginan. Horretarako, kutxa Kultur bekea eskatu eta emon egin euskuen...
10.- 2019an, Kutxa Kultur Musika bekea irabazi zenduan. Zer emon edo zer ekarri eutsun sari horrek?
Hasteko, sorpresa handia izan zan, aukeratuak izan ginan, ezelako esperantza barik eta handik eta hemendik jasota, indarrez bete ginan. Urte osoan zehar, musikea prisa barik egiten ikasi eta prozesu natural batean sartu ginan.
Produkzino elektronikoa be ikasi dogu eta hor egon da Joseba Salbide, gure Kobankide laguna be, gure diskoaren produkzino elektronikoa zuzendu dauena.
Instrumentu ezbardinak probau genduzan, bakotxari potentzialik handiena atarateko eta azkenean, pop elektroniko intimistea sortu dogu, Xalba gitarristea, Esti sintetizadoreakaz eta ni abeslari.
Diskoa grabetako dirulaguntzea be oso lagungarria izan da, Gaztain estudioetan grabetako laguntzea emon deusku eta Eñaut Gaztañaga handiarren gainean zer esan behar deutsut...
Musikea ez da konpetentzia, guztiz kontrakoa da, artea. Hori be ikasi dogu. Gure sormen prozesuari ekin eta kanpoko eretxi eta jarrerei ez deutsagu erreparau askorik eta sano identifikau gura sortu dogunagaz. Politena, egiten dozunagaz identifiketea da.
11.- Zuzeneko emonaldirik edo online egitekorik badozue?
Saria emon deuskue oraintsu eta jentea adi-adi izango bada be, geurea erakusten noiz hasiko zain gagoz. Zeozertxu nabarmentzearren: garagarrilaren 24an, Seguran joko dogu, Ganbaran Norbait Dabil proiektuan.
Garagarrilaren 25ean, Donostian dogu hitzordua, Txillida Lekuko Kutxa Kultur programan.
Eta abuztuaren 29koa ez dot ahaztu gura: Bizkaian, Elorrion izango da.
Oharra: Gaztea Maketako argazkiak Dani Gratok egindakoak dira.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!