'Maitena' euskal operea etxera bueltauko da
2020-07-15 12:09 MusikeaEusko Jaurlaritzearen, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Petronor-en laguntzeari esker.
BFAko Euskera, Kultura eta Kirol diputadu Lorea Bilbaok, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailburu Bingen Zupiriak, Petronor Innovación-eko kudeatzaile Elías Unzuetak eta Bilboko Koral Alkarteko kudeatzaile Iñigo Alberdik euskal ondare lirikoa berreskuratzeko kanpainea aurkeztu dabe gaur goizean. Lau erakundeek euren indarrak batu ditue, Euskalopera proiektuari esker euskal ondare lirikoa berreskuratzeko. Horrek IBS Artist-ek eskuizkribuak argitaratzea eta diskoak grabetea ekarriko dau. BOS Bilboko Orkestra Sinfonikoak gogo biziz bat egin dau ekimenagaz, baita inguruko artistak be, hizkuntzearen eta generoaren estetikearen jakitun.
Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren esanetan, ekimen eder hau posible da eragile eta erakundeen arteko alkarlanari esker eta hori garrantzitsuagoa da gagozan momentuan. Era berean, gure kultura-ondarea berreskuratzeak eta zabaltzeak dauen garrantzia azpimarratu dau Zupiriak: Gure kultura-ondarea ikertu, berreskuratu, konserbatu eta jagoteaz gan, zabaldu egin behar da. Gure ondarea zabaltzeko kapaz izan behar dogu. Ekimen honi esker, euskal gizarteak orain mende bat baino gehiagoko euskerazko pastoraltza lirikoa ezagutzeko aukerea izango dau. Duda barik, albiste bikaina da, adierazo dau.
Elías Unzueta, Petronor Innovación-eko kudeatzaileak esan dau: Opereak sustrai sakonak ditu gurean, gizartearen babes eta zaletasunak ahalbidetzen dituan horreetakoak, zer hobe, beraz, berau euskeratik landu eta zabaltzea baino. Operea gurera ekarte hori garengaz eta geure nortasun ikur nagusiagaz buztartzea pausu aberasgarria da, onespenaz gan bultzadea merezidu dauena. Bolada gogorra bizi dogu, koronabirusak astindu gaitu, arlo guztiak jo ditu, baita kulturea eta ekonomia be. Kultura kaltetuenetako izaten da holakoetan, gehiago euskeraz bideratutakoa. Petronorri jagokonez, kulturearen aldeko bere ohiko konpromisoaren isla da, zailtasunen gainetik bere ezaugarrietakoa dana.
Iñigo Alberdik, Bilboko Koral Alkarteko kudeatzaileak, Maitenaren garrantzia azpimarratu dau, Bilboko Koral Alkarteak estreinautako opera-zerrenda oparoan lehenengoa izan zalako. Ahaztuta eta obra txikitzat joa, euskal operearen giltzarri hau fina da oso. Urruntze-aldi baten ostean, barriro be etxean dogu.
XX. mendearen hasieran, Bilboko Koral Alkarteak euskal konpositore garrantzitsu batzuei hainbat eskaera egin eutsen, euskerazko errepertorio lirikoa sortzea helburu. Genero horretako lan adierazgarrienen artean Jose Maria Usandizaga, Charles Colin, Santos Intxausti eta Jesus Guridiren lanak ditugu, besteak beste, Mendi-Mendiyan, Maitena, Lide ta Ixidor eta Mirentxu.
Maitena
Eszenea Mendiburu baserrian kokatua dago, Lapurdiko natura bete-betean. Bertako nagusiak, Piarres nekazariak, Maitena alaba Ganitxekin ezkondu nahi dau, Maitenagaz maiteminduta dagoan gizarte-klase oneko gazteagaz. Baina alabearen bihotza Domingo pilotariak dau hunkitua. Domingo Txirolen semea da, ospe txarreko gizona bera. Maitemindutako bikoteak, aitaren asmoen kontra eta Ganitx etsita itxita, Buenos Airesa joatea erabagiko dau. Bertan, Domingok erantzun ona lortuko dau bere lanbidean. Halan da be, Ameriketan bost urte igaro eta gero, Marinak, senarra eta seme bakarra galdu eta gero, bere jostun-lanbidea baztertu eta jaioterrira bueltetea erabagiko dau. Etxean, aitak oraindino be gaitzesten dauela ikusi eta alde egitea erabagiko dau. Azken momentuan, baina, aitak hausnartu eta geratzeko eskatuko deutso, Ganitxekin ezkontzeko, harek ez dauelako sekula Maitena ahaztu.
Fitxa artistikoa
Charles Colin, musikea.
Etienne Decrept, libretoa.
Bilboko Koral Alkartea, Enrique Azurza.
BOS Bilbao Orkestra Sinfonikoa.
Iker Sánchez, zuzendaria
Rubén Fdez. Aguirre, aholkulari artistikoa / errepertoristea.
Ángel Briz, partitura-editorea.
Miren Urbieta - sopranoa - Maitena.
Marifé Nogales - mezzosopranoa - Chaadiñ.
Mikeldi Atxalandabaso - tenorea - Domingo.
Javier Tomé - tenorea - Batichta.
José Manuel Díaz - baritonoa - Ganich.
Fernando Latorre - baxua - Piarrés.
Estíbaliz Sánchez - sopranoa - Segalaria.
Alberto Abete - tenorea – Segalaria.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!