II. Euskaraldia aurkeztu dabe Bilboko hainbat eragilek

Bizkaie! 2020-07-15 09:19   Euskerea berbagai

Etorkizuna euskeraz be badalako, Bilbo be euskalduna dalako!

Bilboko Itsas Museoan egindako agerraldian aurkeztu da 2020ko zemendiaren 20tik abenduaren 4ra egingo dan Euskaraldiaren bigarren edizinoa atontzeko Bilboko erakunde eta euskaltzaleak egiten dabizen aurrelana. Lehen edizinoan Euskaraldiak izan eban eragina nabarmena izan zan Bilboko kaleetan be eta bigarren edizinoan eragina indartzeko ariketeak elementu barriak izango dituala gogoratu dabe antolatzaileek.

Aurten be herritarrek ahobizi eta belarriprest rolen bidez parte hartzeko aukerea izango dabe eta horrezaz gan, aurten antolatzaileek dei egin deutse era guztietako erakunde, alkarte eta taldeei, euskeraz egiteko guneak identifikau eta babestu deiezan; horretarako, arigune izena hartu daben espazioak sortzen dabiz  bai Bilbon baita Euskaraldia antolatzen dabizen Euskal Herriko gainerako herri eta urietan be. Hizkuntza ohiturak astintzeko bidean herritarren hautu linguistikoaz gan, euskeraz lasai berba egiteko lekuak identifiketea garrantzitsua dala gogoratu dabe antolatzaileek.

Ekitaldia Euskaraldiari Bilbon lehen bultzadea emoteko erabili dabe antolatzaileek. Bilboko alkate Juan Mari Aburtok parte hartu dauen ekitaldian egon dira uriko hainbat erakunde, alkarte eta enpresetako ordezkariak, baita auzoz auzo antolaketa lanetan sartuta dagozan euskaltzaleak be.  Ekitaldian Miren Barañano Karmelo Ikastolako zuzendariak eta Mikel Martinez aktoreak testua irakurri dabe.

Bigarrenez dator aurten Euskaraldia, hizkuntza-ohiturak astintzea eta euskerearentzako guneak irabaztea helburu dauen ariketea. Eta Bilbo, bigarrenez, prest dago ariketeari heldu eta euskeraz biziko dan uria sortzen jarraitzeko. 2018an lortu genduen eta aurten be erakutsiko dogu badala egunez egun euskeraz biziteko hautua egin dauen uria, Bilbo, milaka herritarrek osotutakoa, alkarte, denda, enpresa eta erakundeen artean ehundutako sare zabal batek egituratua.

Orain urte bi, 17.000 bilbotarrek egin eben ahobizi edo belarriprest roletan ibilteko hautua Euskaraldian; hautu kontzientea, gure hizkuntza-ohiturak eta portaerak aztertu eta astintzeko hautua. Ariketeak balio izan euskun ezusteann pasetan jakuzan hainbat jokaeren bueltan kontzientzia pizteko, sakonean eta barruratuak ditugun hizkuntza-ohiturak azaleratzeko eta modu kontzientean aldaketak egiten hasteko etxean, lagunartean, lanean, egunerokoan ditugun hartu-emonetan.

Hizkuntza-ohituretan eragiteak ekitea eskatzen dau eta horregaitik, aurten be, Euskal Herri osoan ariketa sozial kolektibo eta eraldatzailea egingo dogu. Bilbon be prest ditugu aho eta belarriak Euskaraldiaren aurtengo leloak dakarren moduan euskera gehiago, gehiagogaz eta gehiagotan egiteko. Horregaitik, bilbotarroi egiten deutsuegun gonbita bikotxa da:

• Euskaraldiaren lehen edizinoan parte hartu zenduenoie: jarraitu daigun hizkuntza-ohiturak astintzen, jarraitu daigun ahobizi edo belarriprest jokatzen eta gure hartu-emon-sareetan euskerarako espazioa irabazten.

• Aurreko edizinoan parte hartu ez zenduenoi: emon pausua, hautatu ahobizi edo belarriprest rola, ariketeak zuen hizkuntza portaera eta ohituren jaube egiten lagunduko deutsue, zuen ingurua hobeto ezagutzeko aukerea emongo deutsue eta euskera gehiago erabili zeinkiela ikusiko dozue.

Euskaraldiaren bigarren edizino honetan pausu bat gehiago emon gura izan dogu, hizkuntzea ez baita hiztunei jagoken auzia, euskeraz gehiago, gehiagogaz eta gehiagotan egiteko espazio, gune eta funtzinoak euskalduntzea be garrantzitsua da. Horregaitik, aurten ariketara batzeko deia egin nahi deutsuegu era guztietako alkarte, erakunde, komertzio, ostalari, enpresa, kirol talde eta kolektiboei. Bilbo euskalduna ez baitogu persona batzuen portaereagaz bakarrik egingo, era guztietako erakundeen konpromiso eta neurri praktikoak behar ditugu.

Erakunde guztiei eskatu nahi deutsuegu euskeraz lasai berba egiteko espazioak identifikau, sortu eta babestu deizuezala, hau da, ariguneak sortu deizuezala. Erabagi kolektiboak eskatzen ditugu, erakunde moduan euskeraz funtzionatzeko aukera eskaintzen daben espazio eta guneak identifiketea, kide guztien arteko adostasunak bilatzea eta euskeraz egiteko guneak babestea.

Milaka dira Euskal Herri osoan sortzen doazen ariguneak eta Bilbon be euskeraz egiteko guneen mapa zabala osotzen gabiz. Gure uriko erakunde, enpresa, eskola, komertzio, alkarte eta bestelakoei ariguneak sortu eta izena emon daizuen gura dogu, Bilbo euskaldunaren mapea zabaltzen parte hartu deizuen gura dogu.

Urte berezian dator Euskaraldia. Ariketa atontzekoo lanetan gehngozala atrapau gaitu covid-19ak. Gizartea jo eta alkarren artean babestu eta jagotea egokitu jaku; horreek gogoan, Euskaraldiaren bidez hizkuntzak dituan balio guztiak etorkizun hobe bat eregiteko erabili gura ditugu kohesinoa, hurrekotasuna eta hartu-emonak erdigunean jarrita. Euskerea, komunikazino tresna bat baino gehiago, jagon beharrekoa baino gehiago, etorkizuna eregiteko oinarrizko aldagaia dalako.

Ahobizi eta belarriprest roletan sartuko garen bilbotarrok eta euskeraz lasai berba egitekio guneak sortzen dabizen erakundeek pausuak emongo ditugu aurten Euskaraldian. Horretarako antolaketa-lanetan sartuta gagoz auzoz auzo euskaltzaleek osotutako taldeak, Bilboko euskalgintzea osatzen dogun kolektibo eta euskaltzaleak, Bilboko Udala eta beste hainbat erakunde eta erakunde.

Kalez kale, auzoz auzo osotzen dogu Bilbo euskaldunaren, Bilbo euskaltzalearen, geografia. Geografia horretan euskerearentzat eta euskaldunontzat bizileku egonkor eta segurua nahi dogu bilatu. Horretan gabiz eta zuek be bat egitea gura dogu. Etorkizuna euskeraz be badalako, Bilbo be euskalduna dalako!

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu