Bertsolaritzea protagonista #BilbaoUda2020 programazinoan
2020-07-13 12:55 BertsolaritzeaSantutxuko Basarraten, Euskal Museoan, Bidebarrieta Liburutegian eta Deustuko San Pedro plazan izango dira saioak.
Topaketa bana izango da Santutxuko Basarrate landan, Euskal Museoko atarian, Bidebarrieta Liburutegian eta Deustuko San Pedro plazan, garagarrilean eta abuztuan, bertsolaritzearen inguruan; urian udan zehar #BilbaoUda2020 programazinoaren barruan gauzatzekoak diran kultur proposamenen artean nahitaez egon behar eban bertsolaritzeak be.
Lehenengo topaketea garagarrilaren 15ean izango da, Euskal Museoaren Atarian, Gorria goiburupean, bertsolaritzea eta flamenkoa sustatuz; Miren Amuriza bertsolaria eta Askoa Etxebarrieta La Pulga jantzaria izango dira protagonista. Ikuskizunean biak ibiliko dira kantuan eta jantzan eta, holan, konpartidutako kodeak eregiko ditue bientzako funtsezkoa dan molde batetik abiatuta: koplea. Sinbologia gorria erabiliko dabe hari legez. Sortzaile biak jardungo dira gutako bakotxa edo gu geu gizatalde lez zeharkatzen gaituen gorabeherez eta, horretarako, gitarrearen eta perkusinoaren soinuak hartuko ditue oinarri. Beharrezkoa izango da gonbidapena eta telefono honetara deitu behar da sarrerak lortzeko: 94 415 54 23.
Hurrengo egunean, garagarrilaren 16, eguenean, bertso-saio bat izango da, Euskal Herriko 5 finalistakaz: Julio Coto, Iñaki Viñaspre, Sustrai Colina, Onintza Enbeita eta Beñat Gaztelumendi ibiliko dira kantuan. Bost finalista horreen bertso jaialdiak Araban, Bizkaian, Gipuzkoan, Xilaba ekitaldian (Iparraldean) eta Nafarroan egiten dira. Eta, finalistak, bestalde, Euskal Herriko Bertsolarien Txapelketan ibilitakoak izaten dira lehenago, hau da, lau urtean behin egiten dan final handian. #BilbaoUda2020 programazinoaren barruan, Santutxuko Basarrate Landan batuko dira egungo txapeldunak.
Hurrengo hitzordua abuztuaren 19an izango da, Bidebarrietako Liburutegian, saio oso berezia, izan be, literaturea eta bertsolaritzea eskutik oratuta joango dira, Maialen Lujanbio, Unai Elorriaga eta Karmele Jaio protagonista izango diralarik.
Bertsolari biak Karmele Jaioren agindupean jardungo dira. Idazleak literatur irakurgai batzuk irakurri ostean, hainbat gai proponiduko jakez bertsolariei. Hiru egile, hiru ahots alkarlanean eta ikusleak aukerea izango dau erregistro guztiak batuko dituan programa batez gozetako: umorea, poesia eta kontaketea baina, betibe, bertso saio baten ohiko moldeak hausi barik eta aukerea emonez literaturaz be gozetako.
Lau hitzordu horreen arteko azkenengoa abuztuaren 26an izango da, Deustuko San Pedro plazan; han izango dira Ez da kasualitatea ikuskizunean, Uxue Alberdi, Miren Amuriza, Maddalen Arzallus eta Onintza Enbeita. Bertso-saio musikatua da, lau bertsolari horreekaz batera, musikari bik joko ditue biolina eta gitarrea. Kasu honetan, umorea, olgetea, gogoetea, emakumeen arteko konplizidadea, musikea eta bertsoak buztartzen dira, izan be, lau bertsolariak eta gai-jartzailea emakumeak dira eta apropos, gainera.
Jardunaldi guztiak 19:00etan hasi eta doban izango dira.
Osasun-protokoloak zorrotz beteko dira ekitaldi guztietan, eta maskarea derrigorrezkoa izango da esparru zarratuetan eta edegietan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!