Euskaltzaindiak bere Hiztegia eguneratu dau

Bizkaie! 2020-07-13 08:07   Euskerea berbagai

Azken sei hilebeteotan 719 forma barri jaso ditu.

Euskaltzaindiak 719 forma barri jaso ditu azken sei hilebeteotan eta moldaketa zein barrikuntza guztiak hiztegiari erantsi deutsoz. Euskaltzaindiak etenbarik osotzen eta barrikusten deu hiztegia eta urtean bitan sareratzen ditu barrikuntzak. 2016an, bigarren argitalpena papelean plazaratu ebenetik eguneratzen dau urtean bitan eta 2020ko bigarrena da orain sareratu dana.

Beraz, azken sei hilebeteotan 719 forma barri jaso dira Euskaltzaindiaren Hiztegian (41 sarrera eta 678 azpisarrera) eta 647 osatu edo findu ditu: Hiztegia handitzen eta lehendik dagoana osotzen eta fintzen gabiz azken boladan. Forma barri-barriakaz batera buztartu behar dira tradizinokoak; horreetako asko adibide lez jasoak genduzan baina bistaratze-saio bat egin dogu azpisarrera lez jasota, jenteak erraz topau daizan, azaldu dau Miriam Urkia Euskaltzaindiaren Hiztegiko arduradunak.

Egun, 39.292 sarrera, 8.786 azpisarrera eta 66.396 adiera ditu Euskaltzaindiaren Hiztegiak (2016an 37.894 sarrera, 6.969 azpisarrera eta 61.499 adiera zituan).


Forma barriak

719 forma barri sartu ditue Hiztegian, tradizinokoak asko eta asko, esaterako: Bretoierea; odolgarbi; lehengo lepotik burua; leher eta zapart egin; opilari su egin edo mandotik astora erori: Esaera zaharrak berreskuratu dira, eta 2019an hasitako bideari jarraituz, euskal ondarea agirian jarteko saioa egin dau Euskaltzaindiak beste behin, azpimarratu dau Miriam Urkia euskaltzain osoak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu