Maria Intxaustegi: 'Gitxi dira itsasoan sortzen diran loturak baizen estuak'
2020-07-13 08:10 BarriketanUrpeko arkeologa eta ontzi-historialaria.
Maria Intxaustegi Molinak egundoko abenturea bizi izan dau pandemia-aldian. Pandemiaren ondorioz mugak zarratu zituenean, Bark Europa brigantinean nengoan, Antartikako bidaia bateko espedizino-gidari. Zezeilean, Ushuaiara heldu eta pandemia globalari aurre egin behar izan eutsen. Abenturea, sekulakoa: Holandaraino belaz eta eskala barik bueltetea: 81 eguneko bidea, 10.000 milia baino gehiago, harik eta Scheveningeneko portura heltzeko.
Urpeko arkeologa eta ontzi-historialaria da eta doktorego-tesia amaitzen dago EHUn, Erdi Aroaren, Aro Barriaren eta Amerikaren Historia Sailean.
Abentura ederraren gorabehera guztiak kontauko deuskuz Maria Intxaustegik:
1.- Zer lotura dozu Bark Europagaz?
Historian lizentziau eta ikasten nenbilela, urpekari profesional egin nintzan, urpeko arkeologian jarduteko. Aro Modernoko ontzi urperatuak dira nire espezialidadea. Doktorego-tesia amaitzen nenbilela, Bark Europa-ren konpainia nigaz hartu-emonetan jarri eta askatasun guztia emon eustien nabegazino historikoari eta arakatze-bidaiei buruz dakidan guztia transmitiduteko eta euren gabizain-tripulazinoko kide izateko. Eurekaz lehenengo aldiz ontziratu ondoren, esku artean neban hurrengo kontratua, iraunkorra, Antartika aldera espedizino espezializatu bateko gidari izateko. Orain han eta hemen bizi naz: ozeanoetan, hara eta hona eta Europa ontziagaz egindakoaren moduko bidaia batek eskaintzen dituan mirariak erakasten eta lehorrean, ikerketa-proiektuetan buru belarri.
2.- Zelan izan zenduen epidemiaren zabalkundearen barri?
Drake ingurua gengozala eta Ushuaia aldera ginoiazala jakin genduan egoerea larria zala. Birusa bizkor zabaltzen zan eta hasiak ziran mugak zarratzen. Baina gu mikrokosmos batean gengozan, erabat aldendurik. Gure lehentasunak bestelakoak ziran: haizeak, iragarpen meteorologikoak eta nabegazinoa. Hornos Lurmuturra pasau ondoren, lehenengo albisteak izan genduzan mugak zarratu eta eta blokeo posibleei buruz, berrogeialdiak, komuneko papelaren eskasia... Baina, egia esateko, ez ginan asko jaubetu; artean hainbat milia geratzen jakuzan Beagle kanalera heltzeko.
3.- Noiz erabagi zenduen abentureari ekitea?
Martiaren 17an Suaren Lurraldean berrogeialdia ezarri eben eta gu Ushuaian porturatuta gengozan, preso, ezin genduan itsasontzitik urten; bageunkan behar beste jateko eta erregai; beraz, badian ainguratu eta patxadaz balorau genduan egoerea: negu australa gain-gainean egoan edo Itsaso Barera iges egin, baina Txileko mugak eta Pazifikoko ugarteetako portuak be zarratuta egozan. Atlantikorantz, akaso? Martiaren 24an, Eric Kesteloo kapitainak goizeko zortzietan batu gintuan, egunero-egunero lez. Begi urdin hareekaz begira-begira geratu eta argi eta zehatz esan euskun: Bagoaz. Holandara bueltan joan behar dogu.
4.- Holan hasi zan bidaia...
Bark Europa pabilioi-belaontzi holandar bat da eta herrialde haretako gobernuak bertako banderako ontziei porturatzen ixten eutsen. Zer egin bagenkian baina arduratuta gengozan: Ushuaia-Holanda, eskala barik eta bela hutsez, garai batean bezela. Haizeek gidatuta, motorrik barik, izan be, ez genkian gasoila botaterik izango genduan eta geunkana gorde egin behar zan, besteak beste, edateko ura lortzeko. 70 egun inguru emon genduzan itsasoan. Atlantikoa hegoaldetik iparralderaino zeharkatu genduan, erropa-geruzak kenduz, tropikoetara heldu ahala; eta, hortik, barriro be latitudez latitude iparralderantz, Europara, etxera. Tripulazino profesionala baino ez, bidaiari barik: hamabi nazionalidadetako hemeretzi nabegatzaile.
5.- Bidaiaren hasieran eguraldi ona baina ekatxak be izan zenduezan...
Nahi eta nahi ez etorten jataz burura nabegazinoaren zaleen komentario asko eta asko, esanez ikusgarriak dirala itsasoko ekatxak, ze ederra dan itsaso gogorraren hatsa eta haizea arpegia astintzen sentidutea lemeari gogor eusten deutsazun bitartean, itsasoari begira-begira, Poseidoni desafio eginez baina 10 egunetan, eten barik, zazpi eta zortzi metroko olatuak eta 50-60 korapiloko haize bufadak be izan genduzan tarteka eta hori sekulako burruka sikologikoa da. Ez dago itsasoan dabilen gizonik edo emakumerik, ofiziokide bati ekatxa opa deutsonik. Luzeak izaten diran behe-presinoek kalte psikologiko handia eragiten dabe. Eta, jakina, horrek ez dau laguntzen. Adi ez zagozanean, lo egiten saiatzen zara, baina ia-ia ezinezkoa da, sats eginda ez bazagoz behintzat. Zelan edo halan eutsi behar, ez dago besterik. Erropa guztiak busti-bustita, hatsa edo sundea, horixe da itsas zabaleko ekatxa.
6.- Baina barealdia be arazoa da belaontzietan...
Tropikoarteko konbergentzia-eremura heldukeran agertzen dira barealdiak edo doldrum-ak, ingelesez esaten dan moduan. Zer jazoko ete zan XVI, XVII eta XVIII. mendeetako itsasontzietan, aste luzeetan holako barealdietan atrapauta geratzen ziranean? Edateko urik barik, parte meteorologikorik barik eta hozkailurik barik... Egoerea sano larria izango zan tripulazinoarentzat eta ez ahaztu ohikoak izaten zirala matxinadak.
Maiatzaren 28an, antizikloiaren erdigunean, kapitainak motorrak pizteko eta belak batzeko agindua emon eban. Danetara, 7.500 milia baino gehiago egin genduzan 70 egunetan. Zeozelako tristuraz batu genduzan belak eta gabietan gordeten gengozala ondo genkian erabagi zuzena hartu ebala. Etxera bueltau behar genduan, etxera bueltau gura genduan.
7.- Bidaian danetarik izan dozue, baita gastroenteritisa be...
Gura bako entrenamendu bati ekin geuntson ontzian: zelan ebitau birus bat, etxean zain geunkan horretara ohitzen hasteko. Kontua da ze gastroenteritisak jota geratu zirala tripulatzaile pare bat eta jendea gogotik astindu eban. Gastroenteritisak joten zaituanean, akabo eta tropikoetan eta itsasontzi batean lanean bazabiz, okerrago. Zorionez, erdiak edo ondo ibili ginan.
Eguaztenetan, koronaegunkaria jasoten genduan: konpainiak astero-astero bialtzen euskun laburpen bat, 15 eta 20 orrialde ingurukoa; bertan, egoera orokorrari buruzkoak emoten euskuezan, tripulazinoko kideen herrialdeetan arreta berezia ipinita.
8.- Zer moduz bizikidetzea?
Gitxi dira itsasoan sortzen diran loturak baizen estuak. Bizitzan oso jente gitxik ezagutuko zaitu horrenbeste. Holako itsasaldi luze batean, eguneko 24 orduetan besoz beso lan eginez eta intimidade momentuak komunean izanik, ezinezkoa da plantak egitea; era guztietako nortasunak batzen dira eta errespetuz jokatzen ikasten dozu.
Jarduerarik eza da nabegatzailearen arerio handia. Ontzi batean ezin zara aspertu; bestela, txikitxu iruditzen hasiko jatzu eta, ez bazagoz ohituta, erraza da lur jota geratzea. Eta itxikeriaren dinamikan sartu ondoren, gatxa da hortik urtetea. Bitxia da: batzuk nabegetan topetan dogu askatasuna.
Iparralderantz nabegau ahala, gero eta merkataritza-ontzi gehiago ikusten hasi ginan, hegazkinak zeruan... Eta, zibilizazinora zenbat eta gehiago hurreratu, zaborra be bai. Bidoi bat itsasoan galduta, arrantza-sare bat, plastiko txikiak, karabela portugesak be bai. Eta, nahiz eta gustuko izan ez, bizidunak dira, itsas ekosistemako parte. Guk itsasora botaten dogun zaborra heriotzea da, besterik ez.
9.- Zer sentiduten da barriro lurreratzean?
Itsasoratzea ondo dago, baina baita porturatzea be. Donostia kanpoaldean bizi naz, arbolaz inguratuta eta menditik bost minutura; horri esker, bizimodu lasaia da nirea, baina garraio publikoa erabilita erdialdera joateko aukerea erraza da. Eguraldi ona egiten dauenean, asko gustetan jat iluntze partean terrazan jesarri liburu bat eta garagardao bat hartuta eta loreen usaina sentidutea, urrunean Aiako Harria ikusten dodala, nire lurragaz konektetan nau barriro.
10.- Zelako porturatzea izan zenduen?
Ikusgarria izan zan. Bagilaren 16ko goiza zan. Zerua garbi egoan eta itsasoa, bare. Motorrez gindoazen, belak ondo batuta eta guztia prest geunkan porturatzeko. Urrun, Hagako eraikin handiak ikusi genduzan eta, halako batean, itsasontziak hasi ziran hurreratzen. Hasieran pentsau neban estropadea edo lehiaketaren bat izango zala, baina geugana etozan, arrantza-ontziak zein belaontziak, eskuak astinduz. Eta alboetan jarri jakuzan, babesa eskainiz badian sartzen gendozan momentuan. Ezustekoa izan zan, ederra. Kutxa bat arrain fresko be pasau euskuen, ondoetorri mezu legez.
Portuan sartu ginanean, lurreko tripulazino guztia ikusi genduan, baita tripulazinoko kideen senitarteko holandarrak, alemaniarrak eta daniarrak be portuan, ondoetorria emoteko kartelakaz. Geuretzat atondutako fruta eta barazki-postu handi bat be bai. Prentsako kide batzuk be baegozan baina konpainiak ulertu eban oso kantsauta eta hunkituta gengozala; beraz, ez eutsen itxi portura hurreratzen eta eskertu genduauen, gainera.
11.- Zer gogoeta egiten dozu abentura hau bizi ondoren?
Hainbat bizi-esperientzia ezustean etorten jatzuz eta datozen moduan hartu behar dira. Zuok, konfinamenduan eta gu itsasoan; danok bizi izan dogu indar handiko bizipen ahaztezin bat eta espero dot lagungarria izatea hazteko eta natureagaz gehiago konektetako.
Ez gara hilezkorrak: izurriteek hil eta gaixotu egiten gaitue eta gatibu izatea be ez jaku gustetan. Baina modu bikaina izan da biziaren edertasuna eta hauskortasuna be miresteko, gure inguruan eregi dogun mundu artifizial eta digitaletik harago. Izaki bizidun bakarrari be ez jako gustetan konfinamendu iraunkorrean bizitea, zuoi tokau jatzue eta etsigarria, tristea da. Gauza gitxi dagoz askatasuna kentzea lakorik.
Espero dot holakorik ez izatea gehiago baina espero dot ikasi izana inguruan doguna balioesten eta jagoten, kontzientzia hartu izana bizitzea oso baliotsua dala eta edozein momentutan desagertu daitekela.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!