Datorren ikasturtean erakaskuntzearen % 75 aurrez aurrekoa izatea gura dau UPV/EHUk
2020-07-09 12:43 Pil-pileanPresentzialtasun egokituko eredu bat ezarriko dau.
UPV/EHU-ko Gobernu Kontseiluak Erakaskuntza eta ikaskuntza planifiketako orientabideak izeneko dokumentua onartu dau gaurko saioan, erakundeak 2020-2021 ikasturtean izango dituan jarraibideak ezartzen dituana. Orientabide horreetan jasotakoaren arabera, euskal unibersidade publikoak gitxienez erakaskuntzearen % 75 aurrez aurrekoa izatea gura dau, hau da, 4 irakasgaitik gitxienez 3 presentzialak izatea.
2020-2021 ikasturteari erreparauta, EHUko erakaskuntza plangintzan egokitzapen jakin batzuk egin beharko dira aldaketa horreen ondorioz. Gaur onartutako dokumentuan ezarritako orientabideen helburua da erakaskuntza presentzialari eustea baina distantziamendu soziala, edukiera mugatua eta neurri higieniko-sanitarioak ardatz hartuta. Neurri horreek malguak izango dira eta aldatu egin ahal izango dira, egoereak zer bilakaera dauen kontuan hartuta. Edozelan be, dokumentuak oinarrizko premisa bi ditu abiapuntutzat: batetik, presentzialtasun handiari eustea eta kalidadeko unibersidade erakaskuntzea eskaintzea, eta bestetik, ikasleen zein langileen osasunaren babesa bermatzea.
Orientabideek irakaskuntza presentzial egokituko eredu bat aurkezten dabe, hau da, jarduera gehienbat presentziala nabarmenduko da jarduera telematikoagaz eta ikasleen ikaskuntza autonomorako prestakuntza jarduera ez-presentzialakaz.
Orientabideen abiapuntua Errektore Taldearen hasierako proposamena izan da. Proposamen hori unibersidadeko hainbat taldetan aurkeztu eta eztabaidatu da eta talde horreek ekarpenak egin ditue. Oinarrion arabera, osasun agintarien aginduak kontuan hartuta, Euskal Herriko Unibersidadeak neurri honeek ezarri ditu, nahitaez bete beharrekoak:
- Jende pilaketak ebitau, sarrera eta urteera ordutegiak mailakatuz edo ikasgelako gehieneko
edukierak ezarriz.
- Gitxienez 1,5 metroko segurtasun tartea errespetau eta holakorik egin ezin dan kasuetan, maskarea erabiltea.
- Ikasleek ordu bi baino gehiago maskarea jantzita igaro deien ebitau, denpora muga hori gainditzen danean 15 minutuko atsedenaldiak itxita.
- Ikastegien barruan ikasleen mobimentuak mugatu, ahal den neurrian.
- Ikastegi bakotxean egokiak diran babes, garbiketa eta desinfekzino neurriak aplikau.
Erakaskuntzari jagokonez, ekaskuntzea gehienbat presentziala eskola telematikoekin osotzea aurreikusi dabe eta gomendioa da talde eta lauhileko bakotxeko gehienez irakasgai bitan emotea eskolak birtualean bakarrik eta gehienez 15 kreditutan, master tituluen kasuan. Era berean, gomendatzen da eskola presentzialak lehenestea modalidade praktikoetan, azalpen eta maisu izaerako modalidadeen aurrean.
Ebaluazinoari jagokonez, modu presentzialean egin beharko da. Edozelan be, normaltasun barriaren salbuespenezko eta ezusteko inguruabarrak dirala eta, gomendatzen da erakasgai guztietan ebaluazino jarraitua planteetea; holan, hainbat proba, entregetako lan eta ariketa egingo dira eskolaldiak iraun bitartean eta horreen bidez ikasitakoaren ebaluazino jarraitua egin ahal izango da.
Horrezaz gan, erakasgai guztietan ebaluazino ez-presentziala egiteko aukera bat proponidu beharko da.
Erakaskuntza presentzialtasun egokitutako eredura egokitzeak, beharrezkoa danean, baliabide barriak eskatuko ditu: kamerak, mikrofonoak, bozgorailuak, informatikako ekipo barriak, irakasleen formakuntzea indartzea, laguntza itzulgarriak ikasleentzat, ordenagailuak mailegatzeko zerbitzua eta Internetera konektetako laguntzea zailtasun ekonomikoak dituen ikasleentzat.
Aurreikuspen horreek Irakaskuntza Egokitzeko Planean jasoko dira. Plan hori ikastegi bakotxak atonduko dau, kasuan kasuko berezitasunak kontuan hartuta eta ikastegiaren webgunean argitaratuko da.
Nekane Balluerka errektorearen ustez, gaur Gobernu Kontseiluak onartutako orientabideak 2020-2021 ikasturtean erakaskuntzarako oinarrizko tresna izango dira: Bi dira proposamen honen oinarriak –adierazo dau-: presentzialtasuna nagusi izango dan erakaskuntza bikaina bermatzea eta lehentasuna emotea osasun segurtasuneko neurriei. Kontuan hartu da plangintza malgua egin behar dogula ezin dogulako jakin zein izango dan osasun egoerea irailean, urrian edo abenduan; baina edozein egoeratan, positiboa edo negatiboa izan, erantzun egokia emoteko beharrezko aurreikuspenak ezarri geinkez. UPV/EHUko komunidade osoak ahalegin handia egin dau eta eskertu egin gura dot, beste behin. Esan neike 2020-2021 ikasturtea ahalik eta baldintza akademiko eta sanitario onenetan bideratuko dogula.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!