'Gorputz traumatizatua espazio batean', Bastidan aurkeztuko dau Oihane Amurriok

Bizkaie! 2020-07-09 08:10   Kulturea

Garagarrilaren 10ean aurkeztuko dau, Bastidan.

Gorputzaren eta artearen arteko hartu-emonei buruzko ikerketa bat da eta Eskualdea programearen esparruan egin da. Oihane Amurrio artistea Raisa Álava eta Mario Paniegogaz batera hautatu eben Arabako Foru Aldundiko Kultura eta Kirola Sailak eta Artium Museoak, Arabako Kulturearen Plan Estrategikoaren barruan. Sorkuntza eta pentsamendu garaikidea arabar gizartera hurreratzea eta landa eremuaren eta uri eremuaren arteko loturei buruzko gogoetea sustatzea da programearen azken helburua.

Kontuak kontu, Oihane Amurrio bilbotar artisteak datorren barikuan, garagarrilaren 10ean, 21:00etan aurkeztuko dau Gorputz traumatizatua espazio batean, Mugako San Andres komentuko hondakinetan (Bastida).

Eregiteari eta gorputzearen eta espazioaren eraginari buruzko gaiek bideratu dabe artistearen azken hilabeteotako lan-prozesua, Bastidaren (familiari lotutako herria) eta Bilboko estudioaren artean: proiektu hau espazioaren (Bastida, nire baratzea) eta nire gorputzaren kartografia legez planteetan dot. Diziplinaz haragoko bilaketa, gogoeta eta ikerketa legez adierazo dau.

Iluntzean aktibauko da ekitaldi performatikoa, zortzi antzezlegaz batera, lagun dituala Bastidako eleizako kanpaiak eta Nasim López-Palaciosek horretarako egindako musika elektronikoko pieza bat.

Performancearen ondoren, barriketaldi bat egongo da, edegia; Maialen Sánchez filosofoak arteak eta artisteak gizartean beteten daben zereginari buruzko gogoetea egingo dau; Fran Zumalabe arkeologoak ingurunearen testuingurura eta historiara hurreratuko gaitu eta Amurriok berak, Nasim López-Palacios musikariagaz batera, bertan diranei hurreratuko deutse Eskualdea programan landutako sorkuntza prozesua.

Gorputz traumatizatua espazio batean Eskualdea programearen aurreko deialdian lortutako bekeari esker egin ahal izan da. Artium Museoak eta Arabako Foru Aldundiak sustatzen dabe programea, sorkuntzea babestu eta sorkuntza garaikidea Arabako Lurralde Historikoko hainbat lekutara eroateko helburuagaz.

Lan horregaz batera, Mario Paniego eta Raisa Álava arabar artisten proposamenak hautatu ziran deialdi berean. Lehenengoak Noraezean dakarsku; Gorbeialdeko kuadrillako mendi-ibilbide seinaleztatuetan egindako izakera artistiko gogoetatsuko esku-hartze multzoa eta Alavak, barriz, Fotonobela lanari esker komikiaren eta zeramika garaikidearen mundura hurreratzen gaitu; azken erakusketa hori garagarrilaren 31ra arte egongo da ikusgai Amurriko La Casonan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu