Zuriñe Lopez Vilak eta Jose Javier Val Mejutok irabazi dabe

Bizkaie! 2020-07-07 09:18   Pil-pilean

Bilboko Konparsak kolektiboaren mendi-ginkanan 200 mendizalek parte hartu dabe.

Jose Javier Val Mejuto eta Zuriñe Lopez Vila | Ikusi handiago | Argazki originala

Bilboko Konparsak alkarteak ezagutarazo ditu Txosnaginkane Orientazino-ibilbidearen saridunak. Bagilaren azken astegoieneko ekimen horretan, mendizaleek hainbat objektu topau eta erretratuak egin behar zituen txosnagane mendian, Pagasarri eta Ganekogorta artean. 200 mendizalek baino gehiagok parte hartu eben.

Txosnaginkane orientazino-ibilbidea Bilboko Konparsak taldeak atondu dau, Atxurigorri, Bolintxu Bizirik, Kalderapeko taberna eta Iralako eta Bilbo Zaharreko jai batzordeakaz alkarlanean.

Jarduerea ez lehiakorra izan da, osasun-erispideak eta alkar jagotea oinarri hartuta. Bilboko Konparsak taldeak azaldu dauenez, jarduerearen helburua izan da Bilbo inguruko mendi eta natura espazioak ezagutzea eta disfrutetea, modu libre eta arduratsuan; holan ulertu dabe parte-hartzaileek be, idea polita eta dibertigarria izan dala jakinarazo dabelako.


Irabazleak:

- Ginkanea osotutakoen arteko zozketea:

Zuriñe Lopez Vila / Jose Javier Val Mejuto.

Saria: Persona birentzako otordua Kalderapeko jatetxean.


- Parte hartutakoen arteko zozketea:


Roberto Zabala Herguedas / Bruno Nieto Palacios.

Saria: Bilboko Konparsen materiala.

Txosnagane mendiak hainbat izen ditu, besteak beste, Biderdi, Ganetxiki eta Larrentxu. Pagasarri eta Ganekogorta tontorren artean dago eta 877 metroko altuerea dauka.


Probearen ezaugarriak

Hiru ibilbide ezbardin ezarri ditu antolakuntzeak: lehenengoa, San Adrian auzoan hasi eta Atxurin amaitu, luzeena izan da, 19,17 kilometrokoa (967 metroko goranzko desnibelagaz); bigarrena, Bilbo zaharra auzotik urten eta Iralan amaitu, laburra, tartekoa izan da, 16,6 kilometrokoa (708 metroko goranzko desnibelagaz); azkena, Abusu eta Bilbo Zaharra artean egin eben, 11,2 kilometroko zirkuitua (457 metroko goranzko desnibela). Parte-hartzaileen kopurua 111 taldekoa izan da. Gehienetan bikoteak izan dira, baina batzuetan hirukoteak, laukoteak edo banakoak izan dira. Holan, 200 mendizale baino gehiagok parte hartu dabe.

Ibilbideetan, protagonismo berezia izan dau Bolintxu errekeak, Bilboko paraje natural bakarrenetakoa da eta mendizaleek asko estimautakoa; egunotan, Supersurren lanak dirala eta suntsitzeko mehatxupean dago.

Antolatzaileek ahalegin handia egin eben jente-piloketak ebitetako neurriak hartuta; holan, ekimena hiru egun eta dozenaka orduan banatu eben, parte-hartzaile bakotxak gurago eban momentuan egiteko, gainera. Hiru zirkuitu atondu zituen eta hasiera eta amaiera puntuak ezbardinak izan zituen, ezelako puntu estatikorik barik.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu