Garagarrilaren 14an egingo dabe Batzar Nagusia
2020-07-08 08:10 BertsolaritzeaBizkaiko Bertsozaleren hitzordua, barriz, garagarrilaren 11n izango da.
Pandemiak eraginda bertan behera itxi behar izan zituen martiaren 15ean egitekoa zan hitzordua; orain, barriz, batzarrera joan gura izan ezkero, izena emon behar da astelehenetik aurrera; modu telematikoan be jarraitu ahal izango dabe bazkideek.
Martiaren 14ko astegoienaren atarian, egoerearen larritasuna ikusita, Euskal Herriko Bertsozale Alkarteak Senperen egin behar eban Ohiko Batzar Nagusia bertan behera ixtea erabagi eban. Hitzordua ipinteko aukerea ikusita, beti be beharrezkoak diran distantzia eta garbitasun neurriak hartuta, garagarrilaren 14an, martitzenean, egingo da batzarra Amasa-Villabonako Subijana etxean, Euskal Herriko Bertsozale Alkartearen egoitzan bertan, 18:00etan.
Danetara, 35 lagunentzako lekua dago eta, beraz, aurrez izena emon beharko da parte hartzeko: bagilaren 29tik garagarrilaren 10era, hain zuzen be, webgune honetan bertan astelehenetik aurrera egokituko dan izen-emote orria beteta edota +34 688 818 852 telefono zenbakira deituta. Batzarrera etorterakoan, Subijana etxearen atzeko atetik sartu beharko dabe bazkideek eta maskareagaz etorri behar da aretora sartzeko eta urtetako.
Bertatik bertara parte hartu barik, Internetetik jarraitu nahi bada, izango da aukerea: horretarako, bazkideek bertsozale@bertsozale.eus helbidera idatzi behar dabe asmoaren barri emoteko.
Bizkaiko Bertsozaleren batzarra, garagarrilaren 11n
Euskal Herriko alkartearen batzarra eta Bizkaiko Bertsozale Alkartearen Ohiko Batzar Nagusia be atzeratu egin behar izan zituen baina azken erabagiaren arabera, garagarrilaren 11n izango da, Gernika-Lumoko Astran, 10:30ean hasita.
Kasu honetan be, parte hartzeko izena emon behar da: bagilaren 29tik garagarrilaren 10era emon ahal izango da, webgune honetan Bizkaiko atalean egokituta izango dan izen-emate orria beteta edota +34 94 681 27 11 telefono zenbakira deituta.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!