Gure Zirkuak 23 saio eskainiko ditu Orion

Bizkaie! 2020-07-06 10:47   Kulturea

Garagarrilaren 17an, Orion ekingo deutso Gure Zirkuak 2020ko bireari.

Gure Zirkuak 23 ekitaldi eskainiko ditu Orion: Garagarrilaren 17tik abuztuaren 16ra. Lehen 8 saioetarako sarrerek izan daben erantzuna ikusita, beste 15 saio egitea erabagi dau taldeak. Sarreren salmentea abiatu eta lehen 48 orduetan 2.000tik gora sarrera saldu dira.

Covid-19aren eraginez ezarritako distantzia eta garbitasun neurri guztiak bermatzeko, Gure Zirkuak karpa handiagoa ekarri dau Portugaldik.

Lehen 8 ekitaldietarako sarrerak salgai dagoz hemen

Lehen bira bietan 65.000 ikusle baino gehiago erakarri ondoren, Gure Zirkua prest da hirugarren urteari ekiteko; inork gitxik esperoko leuken testuinguruan, baina trabei aurre egin eta beste behin be zirkuaren magia zabaltzeko gogo betez Iker Galartzak jakinarazo dauenez.

Covid-19 birusaren eraginez Gure Zirkuak goitik behera moldatu behar izan ditu aurtengo aurreikusitako ibilbide eta helburuak eta egoera barrian behar dan moduan sartzeko hainbat neurri eta erabaki hartu ditu:

- Karpa handiagoa. Osasun agintariek ezarri daben gitxieneko segurtasun-distantzia beteteko helburuz, Gure Zirkuak beste karpa bat ekarri dau Portugaldik; aurreko biretan erabilitakoaren halako bi dana, banakako jesarlekuak izango ditu eta bizikidetza-unidadeen artean gitxieneko 1,5 metroko distantzia fisikoa errespetetea ahalbidetuko dauena.

- Garbitasun-neurriak. Eusko Jaurlaritzearen aginduak eskatzen dauen moduan, garbiketa eta desinfekzino-neurri egokiak hartuko dira saioen artean. Garbiketa eta desinfekzinoa behar bezelakoa izan daiten, Gure Zirkuak eguneko ekitaldi bakarra eskainiko dau oraingoz.

- Udan kokaleku egonkorra. Gure Zirkuak ORIOn, Gipuzkoan abiatuko dau 2020ko birea; oraingoz, eta gauzak ondo, abuztuaren amaierara arte bertan jarraitzeko asmotan. Edozelan be, testuingurua aldakorra danez, saioak apurka-apurka iragarriko dira eta momentuan momentuko osasun-egoerearen arabera erabagiko dira aurrera begirako pausuak.

Egokitzapen honek guztiek ahalegin gehigarria eskatu deutso Gure Zirkuari hirugarren bira honi begira, baina eragozpenei aurre eginda ilusino handiz iragarri nahi ditu taldeak 2020ko lehen 8 saioak, Orioko Mendibeltz futbol-zelaiaren ondoko berdegunean eskainiko dituanak:

- Garagarrilaren 17an, barikuan, 19:00etan.

- Garagarrilaren 18an, zapatuan, 19:00etan.

- Garagarrilaren 19an, domekan, 19:00etan.

- Garagarrilaren 22an, eguaztenean, 19:00etan.

- Garagarrilaren 23an, eguenean, 19:00etan.

- Garagarrilaren 24an, barikuan, 19:00etan.

- Garagarrilaren 25ean, zapatuan, 19:00etan.

- Garagarrilaren 26an, domekan, 19:00etan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu