1.930.000 euro Iparraldean euskerea sustatzeko egitasmoetarako
2020-07-03 13:35 Euskerea berbagaiKultura eta Hizkuntza Politika Sailak eta Euskeraeren Erakunde Publikoak sinatu dabe akordioa.
Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak eta Iparraldeko Euskerearen Erakunde Publikoak (EEP) 1.930.000 euro inbertiduko ditue 2020an Iparraldean euskerea sustatzeko egitasmoetan. Miren Dobaran Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuordeak eta Beñat Arrabit EEPko presidenteak erakunde bien arteko akordioaren zehetasunak aurkeztu ditue 2020 urterako, Baionan egindako prentsaurrekoan. Eusko Jaurlaritzeak 400.000 euro jarriko ditu eta EEPk 1.530.000 euro. Aurrekontu horri esker euskerazko erakaskuntzea, euskaltegien lana, euskerazko hedabideak eta euskereari lotutako aisialdiko proiektuak bultzatuko ditue.
Gaur goizean aurkeztutako akordioa 2017-2022 aldirako erakunde biek sinatutako hitzarmen-markoaren barruan kokatzen da, 2007tik hona izandako erakunde bien arteko lankidetzen artean azkena. Hitzarmen hori oinarri hartuta, erakunde biek urtero-urtero zehazten dabe zeintzuk izango diran kontuan hartu beharreko erispideak laguntza horreek banatzeko orduan eta, azkenik, garagarrilean jakinarazoten da zelan banatuko dan dirua.
Eusko Jaurlaritzeak eta Iparraldeko Euskerearen Erakunde Publikoak martiaren 31an adostu zituen aurtengo ekitaldiko erispideak eta gaur jakinarazo ditue laguntza horreen zehetasunak. Akordio horregaz batera, era osogarrian, 2017an Eusko Jaurlaritzeak, Nafarroako Gobernuak eta Euskerearen Erakunde Publikoak hizkuntza-politikearen arloko lankidetzea bultzatzeko akordioa sinatu eben, urtero barritzen dan Hiruko Ituna.
Miren Dobaran Hizkuntza Politikarako sailburuordeak Covid-19ak izango dauen eraginaz berba egin dau: Esan beharrik ez dago Covid 19ak eragina izan dauela gure bizitzako arlo guztietan eta lankidetza honi jagokonez be, aldaketak ekarriko ditu: bide eta erronka barriei egin beharko deutsegu aurre alkarregaz. Euskerea bizibarritzeko lanek atzerapausurik jasan ez deien, inoiz baino garrantzitsuago da erakundeen arteko alkarlana, eraginkortasunez ekiteko egoera larri honen aurrean. Hemendik aurrera, buruan izan beharko ditugu era berezian Internetek, sareak eta ingurune digitalak oro har euskereari eskaini leikioen espazioa, eskaini leikiozan baliabideak eta urratu behar dituan bideak.
1.930.000 euroko dirutzea atal bitan banatzen da
798.500 euro ezarri dira Ipar Euskal Herriko eragile jakin batzuk diruz laguntzeko eta 500 euro ezarri dira beste edozein eragile pribatuk aurkeztutako proiektuak diruz laguntzeko, deialdi baten bidez.
Igazko banaketeagaz konparauta, aldaketa nagusia da lehen funtsa areagotu dala (223.500 euro gehiago), orain arte deialdiaren bidez laguntzen ziran eragile batzuk lehen multzora mobidu diralako. Sei eragile izango dira, bost hedabide eta hezkuntzearen arloko eragile bat: Aldudarrak Bideo (web-telebista), Herria (papelezko astekaria), Euskal Komunikabideak (Iparraldeko Hitza papelezko astekaria), Iparla Baigura komunikazinoa (kazeta.eus web kazetarentzat), Errobi Promotions (web irrati elebiduna) eta Udako Euskal Unibersidadea.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!