Migel Zeberio: 'Egunean 7 edo 8 ordu egin beharko doguz oinez'
2020-07-06 08:10 BarriketanUrmugako zuzendari artistikoa.
Urmuga mendi ibilaldi musikatua, Euskal Herri osoa zeharkatuko dauena atondu dabe, 19 egun, garagarrilaren 14tik abuztuaren 1era, mendebaldetik ekialdera. Angulon hasi eta Hiru Erregeen Mahaiko tontorrean amaitu, Urduña-Tologorritik Isabaraino. Herrietan eta mendi tontorretan musika saio berezi eta ikusgarriak eginez. Mendizaleak, Felipe Uriarte orain 40 urte Everesteko Tximist euskal espedizinoko kideak gidatuko ditu. Migel Zeberio da zuzendari artistikoa eta Miren Zeberio, barriz, Et Incarnatus Orkestrako ordezkaria.
Lehenengo etapan Aiaraldean ibiliko dira, Angulo eta Altube lotuko baititue.
Gauza asko, beraz, Migel Zeberio, Urmugako zuzendari artistikoagaz jorratzeko.
1.- Nondik nora sortu da Urmuga?
Orain pare bat urte edo hasi ginan ideari bueltak emoten. Felipe Uriartek atondutako 6000 metroan be oxigenoa euskereari proiektua be bageunkan gogoan, Himalaiara joian gazte taldeari agur esateko ekitaldi musikatua be eskaini genduan eta eta horri tiraka etorri da Urmuga zeharkaldia, Felipe Uriartek berak urruneko lur eta tontorretan gogoeta sakon batzuk egin ondoren. Aurrera edo atzera egin jarrereak be burukomina eragin badeusku be, logistika kontuak, diru-laguntzinoak eta bestelakoak tarteko, azkenean aurrera goaz eta pozarren gagoz.
2.- Urmuga mendi ibilaldi musikatua da, makinatxu bat kilometro eta mendi aurretik dituana. Euskal Herri berdea eta sikua, iparrekoa eta hegoaldekoa, urak Kantaurira eta Ebroren bidez Mediterraneora daroazana... Mendirik mendi, zenbat kilometro izango dira?
Batek jakin... Egunak kalkulau doguz, 19, hain zuzen be. Egunero zazpi, zortzi ordu edo egingo doguz oinez eta, beraz, 400 bat kilometro izango dira. Mendizaleak, maila fisiko bikainagaz, bildurrik bako lagunak behar doguz.
3.- Tontorrei jagokenez, 9 dira, besteak beste, Tologorri, Anboto, Intzako Torrea, Hilarrieta, Orhi eta Hiru Erregeen Mahaia. Desnibela be gogoan hartzekoa. Zeintzuk izan daitekez punturik gogorrenak?
Desnibelari erreparauta, mila bat metro edo izan daitekez batez beste. Pirinioetan izango doguz gorabehera gogorrenak baina Anboto eta Hilarrieta ahaztu barik. Luzeena eta gogorrena Hiru Erregeen Mahaia izango da eta hantxe amaituko da Urmuga eta, beraz, egunetako nekea han igarriko da gehien.
4.- Et Incarnatus, Migel Zeberio, Felipe Uriarte, mendi ibilaldia, osogai horreek danak zelan buztartu dira?
Nik neuk musikea dot pasino baina naturea eta mendirik mendi ibiltea be asko gustetan jat eta aspaldiko laguna da Felipe Uriarte; egia esan behar badeutsut Felipe Uriarteren ekarpena upealakoa izan da, maila geografikoan Euskal Herria zati bitan bereiztea, iparra eta hegoa, Urmuga zeharkaldiaren idea be uriarterena izan da, zuzendari teknikoa da bera eta oso pozik gabiz.
Sorlan enpresa bizkaitarra be gure lantaldean dago, Komunikazino estrategia, markearen nortasuna eta horren jarraipena lako gaien ardurea dauena. Kontuan hartu, egun batzuk baino ez dira geratzen ibilaldiari ekiteko eta arin-arinka gabiz dana atontzen.
5.- Kontzertuak mendian eskaintzea be sano ederra da. Julen Reketa zeugaz batera ibili da kontzertuak egiteko leku aproposak bilatzen. Bizkaian, Diman, Balzolako kobazuloan eskainiko dozuena berezienetakoa izan daiteke. Zugarramurdin zein Mairuelegorretan be egiten dira kontzertuak barruan eta ederrak izaten dira. Urmugan zenbat kontzertu izango dira, kontzertuak ala saio txikiak? Zein nabarmenduko zeunke?
Zugarramurdikoa zein Mairuelegorretakoak ondo gogoan doguz, sano hunkigarriak. Diman, Balzolako kobazulokoa aitatu dozu eta kobazuloaren ondoko errekasto baten inguruan izango da, eguraldiak ixten badeusku, Hertzainak taldeko Josu eta Gari lagun doguzala. Tologorri inguruan be beste kaontzertu bat eskaintzekotan gagoz, Aralarren pare bat, Aizkorriren inguruan be bai, Orhi, Irati, Baigorrin, Eñaut Elorrietak kantauko dau eta Hiru Errege Mahaiaren bueltan izango dira musika saioak eta Urmugakoak txikiak edo akustikoak baino kontzertu-kontzertuak izango dira. Hori bai, aitatu herri edo lekuetan jenteak laguntzea eskertuko geunke.
6.- Mikel Urdangarin. Txomin Artola eta Niko Etxart lako musikariak be tartean izango dira...
Bai. Aitatu dozuzan horreez gan, besteak beste, Donostiako Orfeoia, Oreka TX, Maddi Oihenart, Miren Narbaiza, bertsolariak, saltsa handia atondu dogu, ia eguraldiak ez deuskun kalterik egiten.
Lantaldeari eta babesari jagokonez, ondo gabiz, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiak, Eusko Jaurlaritzea be batu jakuz, EiTB, Hazi, Irizar eta beste batzuk baina inork geugaz bat egin gurako baleu, badago aukerea oraindino.
7.- Julen Reketa mendizale laudioarrak eta Felipe Uriarte gidari lana egingo dabe, Uriarte zuzendari teknikoa be izango da. Felix Uriarte, goi mendietan, Everesteko Tximist espedizinoan iblitakoa da eta Oxigenoa Euskarari 6000 metroan ere proiektuan ibilitakoa. Zelakoa izango da Uriarteren ekarpena?
Julen Reketa mendizale laudioarra oso jatorra da, lehenengoz etxekoakaz joan zan mendira eta aurrerago goi mendietan be ibilitakoa da, Gasherbrum II (8035 m) mendiaren tontorra izan zan 8 mila metrotik gora zapaldu eban lehenengoa baina hor ibili da, besteak beste, Everest, Broad Peak, Kangchenjunga, Pamirren zein Himalaian. Mendia maite dau. Geugaz be makinatxu bat lan egin dau eta egitea tokauko jako; bikote polita osotuko dabe Reketak eta Uriartek, ia ez garen galtzen bidean...
8.- Bost ibilbide antolatu dozuez, asteburupasa zein hemeretzi egunetara bitartekoak...
Donostiako Club Vasco de Camping taldeak baeukan zehaztuta urmugearen zeharkaldia eta gure beharra izan da egokitzea, hortik eta hemendik interesetan izan jakuna berreskuratuz. Hortik aurrera, badago aukerea zatika edo etapaka egiteko zehetasun guztiak geuk emonda: egun bakarrekoa, astegoienekoa, egun bikoa, aste osokoa, sei egunetakoa eta 19 egunetakoa. Zehetasunak, baldintzak eta informazino gehiago behar izan ezkero, begitu hemen.
9.- Zenbat kideko taldea izango da egokiena?
Guk geuk 15 edo izatea pentsau dogu. Baina egoerea ez da normalizau, aterpetxe asko zarratuta edo datozen egunetan zabaltzekotan dagoz eta holan sano gatxa da plangintzak zarratzea.
10.- Parte-hartzaileentako asegururik edo laguntzino teknikorik aurreikusi dozue?
Mendizaleak Euskal Mendi Federazinoaren txartela izatea da normalena eta horri esker mendizaleak asegurua bermatuta dauka. Tarte txikirako dan legez, Herriak eta Mendiak tarteko dirala, akaso, zeozertxu asmauko leukie baina bakotxak bere buruaren jaube egitea espero dogu.
11.- Izena emon nahi dabenek oraindino aukerea dabe horretarako, www.urmuga.eus webgunean. Ezinbestekoa da hamalau urtetik gorakoa izatea parte hartu ahal izateko. Bestelako baldintzarik?
Arlo fisikoari erreparauta, bakotxak neurtu eta balorau beharko dau norberaren egoera fisikoa baina jakin deiela egunean 7 edo 8 ordu egin beharko doguzala mendian gora eta behera. Aitatu webgunean, zeharkaldiko egun bakotxeko grafikoa eta bestelako informazinoa topauko dozue eta hor begitutea baino ez dago.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!