Raisa Alavaren 'Fotonovela' proiektuari esker zabalduko da Amurrioko La Casona
2020-07-03 11:57 KultureaAmurrioko La Casona erakusketa-aretoa garagarrilaren 3an zabalduko da barriro be.
Raisa Álava artista arabarraren lanagaz beteko dira barriro be Amurrioko La Casona erakusketa-aretoko hormak, garagarrilaren 3tik aurrera, COVID19k eragindako etenaldiaren ondoren. Eskualdea programako produkzino artistikorako deialdian hautatutako Fotonovela proiektuaren eskutik izango da bueltea. Amurrioko herritarrakaz batera egindako prozesu parte-hartzailea oinarri hartuta sortu da erakusketea eta bertan berbakera grafikoak eta zeramikoak izango dira ardatz, narratiba modu barriak sortzeko.
Amurrioko La Casona erakusketa-aretoa garagarrilaren 3an zabalduko da barriro be, Raisa Álava artistaren (Zuaza, 1990) Fotonovela erakusketeari esker. Álava izan zan, Mario Paniego eta Oihane Amurriogaz batera, Eskualdea programearen produkzino artistikorako deialdian hautatutako hiru artistetako bat. Arabako Foru Aldundiak eta Artium Museoak sustatua da programea eta artea eta pentsamendu garaikidea Arabara hurreratzea dau helburu.
Erakusketea garagarrilaren 31ra arte egongo da ikusgai eta joan dan urtearen amaieran abian jarritako sorkuntza-prozesu baten emoitzea erakutsiko da bertan: Nire proposamena herritarrakaz batera lan egiteko espazio bat sortzearen idea eban oinarri, Amurrioko herritarrak proiektuaren protagonista sentidi eitezan. Igazko zemendian eta abenduan egindako zeramika-tailer batzuen bidez egin genduan lan hori, eta tailer horreek izan ziran, hain zuzen, azken hileotan landu dodan sorkuntza-prozesuaren abiapuntua azaldu dau Álavak. Era horretara, artisteak beregan hartu dau lan artistikoa baldintzatu dauen prozesu kolektibo baten emoitzeari erantzuteko erronkea.
Prozesu horren guztiaren ondorioz, artistearen beraren lan grafiko eta zeramikoaz gan, tailerretan parte hartutako personek egindako piezak ikusiko dira erakusketan. Zeramika garaikidetasunera hurreratuz esperimentau dau artistak, proportzinoaren eta konposizinoaren hierarkia eta kode tradizionaletatik urrun dagoan barritze-lengoaia bat bilatuz: Marrazkia abiapuntu harturik, komikitik datozen elementu errepikakorrak erabilten ditut. Forma bakotza banakatzen saiatzen naz kode barri bat asmau arte, grafia edo elementu figuratibo moduan (gorputzaren zati bat, adibidez). Ariketa horri esker, narratiba modu barriak sortzen saiatzen naz, gorabeheratsua danaren eta zentzurik ez dauenaren bidez dino Álavak.
Erakusketea martitzenetik domekara bisitau ahal izango da, 10:00etatik 14:00etara eta martitzenetik barikura 17:00etatik 19:00etara (garagarrilaren 10ean, 11n eta 12an izan ezik, aretoa zarratuta egongo baita euskal hauteskundeak dirala-eta).
Raisa Álava Robina (Zuaza, 1990)
Artistea eta ilustratzailea da. UPV/EHUn eta Bartzelonako ELISAVAn egin ditu Arte Eder ikasketak. Bilbon bizi da. Jasotako beken artean nabarmentzekoak dira AirWro (Polonia), Maison des Auteurs (Angulema), Irudika, Eskualdea (Artium) eta BilbaoArteko egungo egoitzea. Erakusketen artean aitagarriak dira: Si aparezco aparezco/ momentuz ez Bizkaiko Foru Aldundiaren arte bisualak sortzeko laguntzeagaz egindako lanaren emoitzea eta Ride the Lightning La Taller-en. Taldeko erakusketen artean nabarmentzekoak dira The Doll CERCOn (Zaragoza) eta Lo que tú ves no es lo que yo veo, Harriak programearen barruan, Zumaian.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!