Karmelitek alde egingo dabe Eibartik 85 urteren ondoren

Bizkaie! 2020-07-02 08:12   Kulturea

Karmelitak 1935eko irailaren 29an heldu ziran Eibarrera.

1951. urtean, eleizearen lehenengo harria ipinten. Argazkia: Ojanguren – Gure Gipuzkoa. | Ikusi handiago | Argazki originala

Txonta kaletik gaur egun eleizea dagoan lekura joan ziran 1941eko abuztuaren 15ean, kaperea eta egoitzea eregita. 1950eko urtarrilaren 10ean hasi ziran eleiza barria eregiteko obrak, 750 m3 inguruko eleizea, sotoan katekesia emoteko gelak, zinema-aretoa, alkarteak batzeko aretoak eta musika-entseguetarako lokalak zituana. Gaur egun, garaje bilakatutako lekuak ditugu.

Inaugurazino-ekitaldia 1956ko garagarrilaren 1ean izan bazan be, Karmengo parrokia 1961eko urriaren 1ean hasi zan martxan, eta ordura arte San Andres bazan parrokia bakarra, Karmengo Amaren eleizak herriaren zati handi bat hartu eban beregan eta parrokia bilakatu zan, bataioak, ezkontzak, hiletak eta gainerako eleizkizun guztiakaz. Danetara, 10.000 bat biztanle inguru zituan bere ardurapean. Eregiteko aktearen arabera, ondokoak ziran Karmeliten parrokiaren muga eklesiastikoak:

Iparraldean mugea egingo dau San Andres parrokiari Lizundiatik Santa Kruz eskolaraino esleitzen jakon hegoaldeko banalerroagaz. Hegoaldean, Bergarako udalerria, Elgeta, Eibar eta Bergara batzen dituan mugarritik Bergara eta Soraluze udalerrietakoetara heldu arte. Ekialdean, Upartiñotik abiatuta eta ondoz ondoko zuzenguneetan Sagarbitxa baserritik 50 metrora igaroten dan irudizko lerroa eta errepide orokorrean dagoan gasolina-zerbitzugunetik aurrera, Salbadoreko ermitarantz jarraitu eta ermitatik 50 metro ekialdera pasauta, iparralde-hegoalde norabidean jarraitu eta Bergara eta Soraluzeko udalerriak eakartzen dituan mugarrira heldu arte. Mendebaldean, San Andres eta San Pio X parrokien sortaldeko mugak ditu. Aurreratik beherako guztia Azitaingo gasolina-zerbitzuguneraino, Ibarkurutze, Pagei, Matxaria, Bidebarrieta kalearen zati bat, Arragueta, Estaziño, eta Bittor Sarasketa be bai, Urkizu aldea eta Txonta ahaztu barik.

Karmelitek lan asko egin dabe urte honeetan guztietan, baina nabarmentzekoa da 1965eko apirilaren 19an martxan jarri zituen eskolak, egunez lanean ebizen gazteek arratsaldez eta gauez ikasi eta lehen mailako ikasketen ziurtagiria eskuratzeko egindakoak. Lehenengo Zuzendaritza Kontseiluaren burua Román Aguirre izan zan, presidenteordea Enrique Franco, Idazkari Jose Mari Kruzeta, diruzain Valentin Jauregui eta bokalak Aita Karmelo, Aita Angel eta Francisca Abendibar eta Dore Urbistondo Irakasleak.

Irakasle ondokoak izan ziran hasierakoak: Francisca Abendibar, Dore Urbistondo, Maria Urkiola eta Guzmán García. Aurrerago, beste hainbat irakasle izan ziran. Urtean ehundik gora ikasle izaten zituen eta dirua Hezkuntza ministerioak, Hezkuntza Ikuskaritzeak, Eibarko Udalak, Foru Aldundiak eta herriko beste hainbat erakundek be jarten eben.

Informazino gehiago hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu