Euskal Wikilarion Kultura Alkarteak gure herria hobeto ezagutzeko hainbat ekimen sustatu ditu

Bizkaie! 2020-07-01 12:20   Kulturea

Tartean da Euskal Herriko Bidaia Gidea be.

Euskal Wikilarion Kultura Alkarteak gure herria hobeto ezagutzeko hainbat ekimen sustatu ditu Euskerazko Wikipedian. Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailagaz dauen hitzarmena erabilita, WikiBizi ekimena landu dau, ondoko ardatzak dituana: Euskal Herriko Bidaia Gidea, ekarpenak onartuko dituana, gaur bertan hasiko dan argazki lehiaketea eta udan egingo diran zuzeneko ekimenak (argazki ibilbideak, dokumentazino txangoak, bisitak museoetara...): Uda hau berezia izango da eta askok eta askok bere ingurua hobeto ezagutzeko erabiliko dabela uste dogu. Euskerazko Wikipediak horretan be lagundu leikela uste dogu, azaldu dabe Euskal Wikilarion Kultura Alkarteko arduradunek.

Covid 19ak sortutako egoerearen aurrean sortu da WikiBizi ekimena, Euskadi hobeto ezagutzeko asmoz: Covid-19ak gure mundua aldatu dau, baita gure herria be. Uda hau oso berezia izango da: bidaia gitxiago egingo dira atzerrira, ez da ia jairik egingo, turismo eredua ezbardina izango da eta holan sortu da WikiBizi, azaldu dabe.

Ekimen barri honen lehenengo pausua Euskal Herriko Bidaia Gida edegia sortzea izan da, bidaia gida edegi horretan udalerri guztiak batu ditue eta oinez egiteko ibilbideak batu ditue: Nahi dauenak parte hartu leike bere udalerriaren inguruko informazinoa hobetzen (zer ikusi, zelan mobidu, non jan...), baita ibilbideak sortzen edo dagozan ibilbideetako erretratuak egiten eta konpartiduten be azaldu dabe. Euskal Herriko Bidaia Gidea konsultau hemen.

WikiBizi proiektuaren bigarren ardatza argazki lehiaketea da, gaur hasi eta irailaren 30era egingo da eta hiru kategoriatan parte hartu daiteke: Naturea, Ondarea eta Kulturea. Lehenengoan, Euskal Wikilarion Kultura Alkartekoek azaldu dabenez, Euskal Herriko natureari buruzko erretratuak bialdu daitekez, baita aitatutako ibilbideetako naturearenak be. Bigarrenean, babestutako ondarearen erretratuak izango dira protagonista, aurreko urteetan WikiLovesMonuments lehiaketan bezela. Azkenik, hirugarrenean, aurreko urteetako jaien, ondare immaterialaren eta, oro har, kultureagaz lotutako erretratuen bila dabiz. Lehiaketearen inguruko informazio guztia esteka honetan konsultau daiteke: wikibizi.eus

Azkenik, WikiBiziren azken ardatza udako zuzeneko ekimenak izango dira: Erretratu ibilbideak, dokumentazino txangoak eta museoakaz euren fondoen ezagutzea bultzatzeko ekimenak egingo ditue; horreen gaineko agendea osotzen dabiz oraindino.


Euskerazko Wikipedia

2001. urtean sortua, munduko entziklopediarik irakurriena da Wikipedia. 306 hizkuntzatan argitaratzen da eta 2003tik euskeraz be argitaratzen da. Euskerazko Wikipediak 362.000 artikulu ditu gaur eta astegunetan 100.000 bisita baino gehiago izaten ditu. Artikulu kopuruaren arabera, Euskerazko Wikipedia 31 postuan dago, malaysierea, turkierea eta armenierearen aurretik (29. postura be heldu da tarteka). Era berean, artikulu garrantzitsuenen sakoneran lehenengo 40 Wikipedien artean be badago. Euskerazko Wikipedia erreferentzia bilakatu da munduko hainbat hizkuntza ez-hegemonikorentzat eta hainbat gaitan aitzindaria da, tartean artikuluen kalidade neurketa automatikoan, Wikidatearen erabileran edo hezkuntza proiektuetan, Txikipedia lako umeentzakio entziklopediari esker.

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak hitzarmena sinatu eban 2017an Euskal Wikilarion Kultura Alkarteagaz, Euskerazko Wikipedian kalidadezko artikuluak sustatzeko asmoz. Akordio horri esker, Euskerazko Wikipediak salto handia egin dau.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu