Bakaikun barnetegiak antolatu ditu Gabriel Aresti euskaltegiak
2020-06-30 12:07 Euskerea berbagaiUdako programazino zabala dakar, osasun neurri guztiak beteta.
Udako eskaintzearen barri emon dau Bilboko Gabriel Aresti euskaltegiak, edade eta maila guztietako ikasleentzat. Bilbon bertan, Bakaikuko barnetegian eta online egin ahal izango dira ikastaro eta barnetegiak, beti ikasle gitxiko taldeetan, segurtasun arauak beteteko.
Ganera, Nafarroako Bakaiku herriko etxeak 30 urte bete ditu Zenbat Gara alkartearen eskuetan, beraz, ospatzeko moduko efemeridea da aurtengoa. Hori bai, gitxienez udagoienera arte ez dabe urteurrena gogoratzeko ekitaldirik egingo, osasun egoerea kontuan hartuta. Barnetegiek ez dabe hutsik egingo, eta ikasleak hartzeko prest dagoz garagarril, abuztu eta irailean.
XIX. mendekoa da Bakaikuko etxea, sasoi baten baserri dotorea izandakoa. 1990ean erosi eban Zenbat Garak, Gabriel Aresti euskaltegiaren barnetegiak han egiteko. Honenbestez, 30 uda bete ditu etxeak euskera ikasle eta irakasleak hartzen, urtero-urtero hutsik egin barik. 2014an erabarritu eben, segurtasun erispide guztiak beteteko.
Txanda bitan banatuta, gazteentzako barnetegiak egingo ditue garagarrilean Bakaikun. Abuztuan eta irailean helduen txandea izango da. Txikia da Bakaiku, mendiz eta naturaz inguratua, eta barnetegia bizgarria izango da herriarentzat, euskerea ikasten dabizan ikasleen ahotsez beteko diralako bertako bazter guztiak, aurreko udetan pasau dan lez.
Bestela, Bilbon bertan be udako ikastaroak ditue ikasleek aukeran. Gabriel Aresti euskaltegiaren geletan egunean bost orduko ikastaro trinkoak egongo dira garagarriletik irailera. B2 eta C1 mailetako azterketak preparetako hiru orduko ikastaroak be eskainiko ditue, goizez zein arratsaldez. Kasu horretan B2 eta C1 maila gaindituta eukitzea beharrezkoa izango da.
Osasun arau zorrotzak ezarri ditue euskaltegira joango diran ikasle zein irakasleentzat, Cavid-19ari aurre egiteko. Sarrera-urteerak modu mailakatuan egingo ditue, piloketarik ez daiten egon, eta, momentu guztietan metro eta erdiko tartea gorde beharko dabe alkarren artean. Ganera, maskarea jaztea derrigorrezkoa izango da.
Azkenik, bide telematikoetatik be euskerea ikasi ahal izango da udan. Orain arteko Boga online autoikaskuntza ikastaroaz gan, internet bidezko aurrez aurreko ikastaroak be badagoz aukeran, hau da, eskola arrunten modukoak, baina ikasgelan izan beharrean, sareko gela birtualean.
Gabriel Aresti euskaltegiaren udako eskaintzearen inguruko informazino gehiago hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!