Raitx bakarlariak irabazi dau 29. Gaztea Lehiaketea
2020-06-26 11:40 MusikeaRakel Arenazaren proiektu personala da.
Normalean baino publiko gitxiago batu da Donostiako Victoria Eugenia antzokian, 29. Gaztea Maketa Lehiaketako finala entzuteko, Covid-19ari aurre egiteko neurriakaitik. Halandabe, euskal musikagintzan hasten dagozan talentu barriak ezagutzeko aproposa izan da hitzordua, lau finalistek euren onena emon dabe eta. Azkenean, Raitx izan da irabazlea.
Maila handiko eta estilo desbardinetako artistak egon dira finalean, antolatzaileek azaldu dabenez, eta hortaz, sari nagusia nori emon erabagitea ez da erraza izan. Xabi Bandini, Izaro Andres eta Xabi Doncel izan dira epaimahaikideak 29. edizino honetako finalean.
Rakel Arenaza donostiar gaztearen bakarkako proiektuaren izena da Raitx. Koban taldeko kide izan zan fase personalago honi ekin aurretik. Apirilean plazaratu eban lehenengo diskoa, sei kanta dakarzana eta Abereek entzungo balute izenburuduna. Gaztea Maketa Lehiaketea irabazita, bultzada nabarmena jasoko dau Raitxek.
Poesian oinarritutako pop elektroniko intimistea lantzen dau Arenazak Raitx proiektuan. Barru-barrutik urtendako poesiak idazten ditu, eta gero musikaz jantzi. Bakardadearen, alkar jagotearen, nork bere lekua topetearen inguruko berbek lehiaketako epaimahaikideak konbentzidu ditue.
Raitxek 5.000 euroko saria eskuratu dau 29. Maketa Lehiaketea irabazteagaitik. Publikoaren Saria, 2.500 eurokoa, Kilimak taldeari emon deutse. Beste finalista biak Deñe eta Kleermon izan dira.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!