Kontzertuak online, 2020ko BBK Live jaialdiaren ordez
2020-06-26 08:51 MusikeaZuzeneko sei kontzertu eta grabazino historikoak streaming bidez emongo ditue garagarrilean.
Covid-19aren pandemiaren erruz, Bilbao BBK Live jaialdiaren 2020ko edizinoa ez da egingo (zehatzago, 2021eko udara atzeratu dabe), baina antolatzaileek ez ditue zaleak ahaztu nahi, eta internet bidezko ordezko programazinoa atondu dabe, BBK Bilbao Live Uda izenpean. Garagarrilaren 9, 10 eta 11n, jaialdia egin behar zaneko egunetan, Kobetan joko dabe sei taldek, zuzeneko publiko barik, eta streaming bidez zabalduko ditue irudiak.
Antolatzaileek ez dabe emon Kobetan joko daben taldeen izenik, aurrerago jakin eragingo ditue. Baina 2020ko edizinoan parte hartzekoak izan diran artistak dirala zehaztu dabe. Aitatutako hiru egunetako iluntzeetan programazino potoloa egongo da, goi mailako musikaz betetako hamabi ordu inguru danetara.
Zuzeneko streaming kontzertuen osogarri, aurreko edizinoetan Bilbon jo daben talde mitikoen kontzertuen grabazinoak berreskuratu eta internetez zabalduko ditue. Hamalau urteko historian makina bat talde pasau dira Kobetako oholtzatik, eta kontzertu gogoangarri hareetako grabazino asko ez dira inoiz emitidu.
Bilbao BBK Live Udako kontzertuak ikusi eta entzuteko bidea jaialdiaren webgunea izango da, streaming bidezko erretransmisinoen atalaren bidez. Bestela, Youtube kanalean be egongo da aukerea.
Horrezaz gan, antolatzaileek aurreratu dabe garagarrilaren 9an hasiko dirala saltzen 2021eko edizinoko sarrerak. Berez, 2020ko egitaraua ia osorik pasauko da datorren urtera. Dagoeneko baieztauta dagoz The Killers, Pet Shop Boys, Bad Bunny, Bicep Live, Bomba Estéreo, Caribou, FKA twigs, Fontains D.C., Supergrass, El Columpio Asesino eta beste asko.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!