‘Uda Kulturaz Blai’ lehen aldiz Durangon
2020-06-25 09:09 KultureaJaialdia zabaltzeko, garagarrilaren 3an, MARIACHI LOS CAZAHUATES + AFRIKA iragarri ditue antolatzaileek.
Aurtengo udea ezbardina izango dela dakigun arren, kulturearen aldeko apustu sendoa egingo dau Durangoko Udalak, izan be, garagarrilaren hasieratik irailaren hasierara arte, Uda Kulturaz Blai programazioa aurkeztu barri dau herriko hainbat eragilegaz alkarlanean. Danetara, arte eszenikoetako (musika, jantzak, antzerkia,..) 38 ekitaldii eta kultureagazn lotutako 59 ekimen egingo dira aurtengo udaldian.
Euskal Herriko kulturgintzako izen esanguratsuak izango dira Durangon udan zehar, besteak beste, Olatz Salvador eta Sara Sozaya emakumeen presentzia nabarmena dauen musika saioetan, Haatik eta Dantzaz jantza konpainiak edota Markeliñe eta Zanguango antzerki konpainiak, besteak beste. Gainera, edade tarte guztietarako pentsautako ekitaldiak antolatu dira.
COVID-19ak sortutako krisi hau erronka legez ulertu dogu Durangoko Udalean eta garrantzitsua iruditu jaku baldintza honeetan durangar guztiei aisialdi eta kultura jarduera ezbardinak eskaini ahal izatea. Gainera, Euskal Herriko eta Durangoko kulturgileak babesteko balio izango dau. Kulturearen aldeko apustu sendoa egin dogu uda honetarako eta emoitzea begibistakoa da, adierazo dau Ima Garrastatxu alkateak. Kulturearen aldeko babes hori erakusteko, igaz gastatutako 25.000 euroak gogoan hartuta, aurten 95.000 eurokoa izango aurrekontu orokorra.
Segurtasun neurri zorrotzak
Erronka nagusia COVID-19aren eraginez eskatzen diran segurtasun neurriak modu oso zorrotz batean betearazotea izango da: Oso zorrotz betearazoko dituela adierazo dabe antolatzaileek eta horretarako hainbat neurri hartu ditue. Nahiz eta aurrekontuaren zati eder bat babes neurrietan joan, ahaleginak ondo merezidu dauela uste dogu. Holan, gehienez be, jesarrita egon beharko daben 250 personentzako aforoak izango dira eta garagarrileko ekitaldietarako hiru gune seguru aukeratu dira: Landako eta Kurutziaga ikastetxeetako olgetalekuak (euria egin ezkero estalpean egingo dira) eta Plateruena Kafe Antzokiko kanpoaldea. Abuztuan, barriz, herriko auzo eta plazetan egiteko asmoa dabe antolatzaileek, beti be segurtasun baldintzek ixten badabe. Gainera, Udalak maskarillak erosi ditu ekitaldi bakotxean banatzeko eta sarreran eskuak hidrogelagaz garbitu beharko dira.
Saio guztiak doban izango dira baina aforoa kontroletako asmoz sarrerak aldez aurretik hartu beharko dira ohiko bideetan. Astean asteroko sarrerak banatuko dira, hau da, ezingo dira aldez aurretik programa osoarenak eskuratu. Modu horretan, antolatzaileek ahalik eta jente gehiagorengana heldu nahi dabe. Gehienez be sei ikusletako taldeak antolatuko dira, hau da, lagun arte mugatuan gozetako aukerea egongo da, baina taldeen artean segurtasun tarteari eutsiko jako.
Gainera, Uda Kulturaz Blai ekimenagaz, herriko kultur sareari bultzadea emon gurai izan deutse antolatzaileek. Udalagaz batera lanean ibili dira San Agustin Kulturgunea, Arte eta Historia Museoa, Bizenta Mogel Biblioteka, Udaleko Inmigrazino Zerbitzua eta Nagusien arloa edota Plateruena Kafe Antzokia, besteak beste. Gainera, herriko kulturgileei be euren txokoa eskainiko jake, hori dala eta, Durangoko Orfeoiak, L’atelier eskoleak, Ganso&Cia-k, Ekuru eta Iparbeltzak musika taldeak eta Denboraren Bankua-k be parte hartuko dabe programazinoan.
Kulturearen aldeko neurriak
Udako programazio honetaz gain, kulturgintzak bizi duen egoera latza xamurtzeko hainbat neurri hartu ditu Durangoko Udalak. COVID-19k arazo ugari sortu ditu hainbat sektoretan, tartean kulturalean, eta gobernu talde honek apustu sendoa egingo du horri laguntzen saiatzeko, kulturarik gabe ez baitago Durangorik. Horregatik, herriko hainbat sektorerekin batera egindako Berraktibazio Planak oso kontuan hartu du sektore hori, azaldu dabe Ima Garrastatxu alkateak eta Julian Rios alkateordeak.
I. Uda Kulturaz Blai. Egitaraua (97 ekitaldi)
Musika, jantza, antzerkia, zirkoa, bertsoak, bingo ganberro eta tailerrak dira nagusi, danetara 97 ekitaldi, garagarrilaren 4tik irailaren 5era izango dan ekimenean.
Jaialdia zabaltzeko, garagarrilaren 3an, MARIACHI LOS CAZAHUATES (Landako Eskolan, 19:00etan) + AFRIKA (Plateruean Kafe Antzokian, 21:00etan) iragarri ditue antolatzaileek.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!