MUk eta Mondragon Korporazinoak gradu-amaierako euskerazko proiektuak saritu ditue
2020-06-24 13:44 KultureaAntolatzaileek 1.500 euroko saria emon deutse proiekturik onenari eta 500 eurokoa bigarrenari.
Mondragon Unibersidadeak eta Mondragon Korporazinoak euskeraz egindako karrera-amaierako proiekturik onenei sariak emon deutsee Mondragonek Arrasaten dauen egoitza nagusian. Mondragon Unibersidadeko proiektu bi saritu ditue: Lehen sariaren irabazleak Maider Azkarraga-Urizar Arana, Maria Heriz Altuna eta Ainhoa Urzelai Vicente izan dira, Arizmendi ikastolako Almen gunearentzat egindako Literaturearen emoitzea Batxilergoko 2. Mailan lanagaitik eta 1.500 euroko saria jaso dabe. Bigarren sariaren irabazlea, barriz, Unai Markina Calleja izan da, IK4-Ikerlanentzat egindako proiektu honengatik: Fase anitzeko ibilgailu elektriko baten kontrol estrategien diseinua eta balidazinoa. Kasu honetan, 500 euroko saria emon deutse.
Sariok orain bederatzi urte sortu zirea, Mondragon Korporazinoko Euskera Batzordearen ekimenez, MUko ikasleek lan-munduan sartzeko egin beharreko ikasketa-amaierako proiektuak euskeraz egin eiezan. Korporazioak erronka hori jasoa eban bere Plan Estrategikoan eta 2010ean lantalde bat sortu eban Korporazinoko eta Unibersidadeko kideez osotua, sariak abian jarteko. Esangura horretan, fakultade bakotxeko ordezkari bik eta Korporazinoko batek osotutako epaimahaiak Korporazinoko enpresetan egin eta sariketara aurkeztutako proiektuak aztertu ditue.
Danetara, 571 proiektu landu ditue Mondragon Unibersidadeko Enpresagintza Fakultadean, Goi Eskola Politeknikoan eta Humanidade eta Hezkuntza Zientzien Fakultadean. Horreetatik 220 euskeraz dira, hau da, % 38,9, igaz baino % 20 gehiago. Mondragoneko kooperatibetan 155 proiektu landu ditue eta guztiek maila tekniko handikoak izanik, euskaraz ondoen idatzitakoak izan dira sarituak.
Epaimahaia osotzen daben fakultade bakoitzeko kideak ondokoak izan dira: Eneko Bidegain eta Karmele Perez (Humanidade eta Hezkuntza Zientzien Fakultadea), Rafael Altuna eta Miriam Leibar (Enpresagintza Fakultadea), Xabier Arrasate eta Pedro Urteaga (Mondragon Goi Eskola Politeknikoa) eta Ander Etxeberria (Mondragon Korporazinoa).
Saridunak
Lehen saria: Maider Azkarraga-Urizar Arana, Maria Heriz Altuna eta Ainhoa Urzelai Vicente (Humanidade eta Hezkuntza Zientzien Fakultadea). Proiektuaren izena: Literaturearen emoitzea Batxilergoko 2. mailan.
Laburpena: Batxilergoko 2. mailan, Arizmendi Ikastolako Almen gunean, Euskerea eta Literatura ikasgaian literatureak dauen garrantzia ikertu da. Horretarako, besteak beste, ikasleek erabilten daben materialari erreparau eta ikasleei inkestak pasau jakez. Analisiaz gan, hezkuntza literarioan emoten diran hainbat hutsune eta horren arrazoiak identifikau dira eta horreek gainditzeko proposamenak planteau dira.
Bigarren saria: Unai Markina Calleja (Goi Eskola Politeknikoa). Proiektuaren izena: Fase anitzeko ibilgailu elektriko baten kontrol estrategien diseinu eta balidazinoa.
Laburpena: Master amaierako lan honetan 9 faseko Permanent Magnet Synchronous Machine (PMSM) baten kontrolak aztertu, landu eta baliozkotzen dira. Ibilgailu elektrikoaren aplikazinoan sartuta, motor multifasikoek akatsei aurre egiteko dituen gaitasunak erabilten dira fidagarritasun maila altuko fault-tolerant kontrol bat lantzeko.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!