San Joan haretxa Gorbeiako kurutzean, Bizkaiko punturik gorenean

Bizkaie! 2020-06-24 10:56   Kulturea

Arratian, San Joan goizean, lizar, haretx edo elorri adarrak jarten dira ate eta leihoen ondoan.



San Joan goizean, gaurko lehen argiekaz, Atxondok Zeanuritik Gorbeiako gurutzera igon dau, Bizkaiko punturik altuenera, kurutzean San Joan zugatza jarteko.

Zugatza edo San Joanen landarea, suaren eta uraren ondoan dago eta egun honetako hiru ikurretako bat da. Landa-eremuetan, Arratian adibidez, San Joan goizean, lizar, haretx edo elorri adarrak jarten dira ate eta leihoen ondoan, batzuetan enborrean kurutze txikiak sartuta, Arratiako ateetako batean egindako gaur egungo (2020) argazkian ikusi geinken legez.

Atxondok, Gorbeiagaz maiteminduta, urtero igoten dau: San Joan haretxa kurutzean nahiko altu zintzilikatu behar dot, ganaduak jan ez daian dino ardiak mimoz jagoten dituan zeanuriztarrak.


San Joan egunaren inguruko ohiturak

Kristinautasuna etorri aurretik, eguzki amandrearen omenez egiten ziran –eta diran– jai horreetako hiru osogai nagusiak erabilten ditu herriak orain be: sua ura eta arbolea edo landarea.


Zuhaitza eta landareak

San Joan egun goizean, lizar nahiz elorri-adarrak moztu eta atari nahiz leihoetan jarten dira. Zenbait lekutan, zugatz horreen zurez gurutze txikiak egiten ditue eta pareta-zuloetan sartzen. San Joan bezperan, zenbait herri eta uriko plaza nagusian lizarra nahiz lertxuna jarri eta haren ondoan sua piztu eta haren inguruan jantzan egiten dabe. Leku batzuetan, herriko abadeak bedeinkatu egiten dau San Joan arbolea. Haretxa be izan daiteke arbola hori. San Joan goizean, bestalde, lore-sorta apain eta ederrak batu eta lotu eta eleizara eroaten ditue bedeinkatzeko; urte guztian etxean gordeten da sorta hori, trumoia danean apurtxu bat teilatura nahiz surtara botateko, oinaztura edo tximista etxean sartu ez daiten.

 

Informazino gehiago hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu