Udal Bandearen musikea Bilboko Arenalera bueltauko da

Bizkaie! 2020-06-24 08:58   Musikea

Osasun larrialdiaren osteko lehenengo kontzertua gaur, eguaztena, izango da.

Udal Musika Bandea Arenaleko kioskoan (argazkia: Bilboko Udala) | Ikusi handiago | Argazki originala

Bilboko Udalak antolatutako Bilbao Uda 2020 programa zabalaren barruan, Udal Musika Bandeak kontzertua eskainiko dau gaur, eguaztena, Arenaleko kioskoan (19:00). Hortaz, konfinamenduak behartutako etenaren ostean, barriro jentaurrera bueltauko dira bandako musikariak. Berez, hilaren 9an agertu zan Udal Bandea, Azkuna Zentroan, 125. urteurrena ospatzeko ekitaldian, baina hitzordu pribadua izan zan.

José R. Pascual Vilaplana zuzendari titularraren zuzendaritzapean, Bandearen hiru mendeko historia errepasauko dabe Arenaleko hitzorduan. 40 musikari inguru oholtzan dirala, Amilcare Ponchielliren Sinfonia per Banda, Camille Saint-Saënzen Orient et Occident, Gustav Holsten First Suite in e flat for Military Band, James C. Williamsen Symphonic Suite eta J. Vicente Egearen Variaciones Agur Jaunak piezak interpretauko ditue.

Bandearen entzule fidelak Arenaleko gune sinbolikora bueltau ahal izango dira, itxaronaldi luzea amaituta. Izan be, Udal Bandearen agertoki tradizionaletako bat da kioskoa, aire zabaleko kontzertuen egoitzea. Normalean, Bandeak programazino finkoa izaten dau bertan, baina Covid-19ak dana hankaz gora ipini dau.

Jentearentzako aulkiak ipiniko ditue, baina normalean baino distantzia handiagoa egongo da batetik bestera, osasuna babesteko asmoz. Maskarea derrigorrez jantzi beharko dabe entzuleek.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu