Kulturea eta kirola bultzatzeko laguntzinoak onartu ditu Jaurlaritzeak
2020-06-23 13:54 KultureaOndare digitala, ikus-entzunezkoak, sorkuntza lantegiak eta kirol lehiaketak dira lau atal nagusiak.
Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailari jagokozan hainbat gai landu ditue Gobernu Kontseiluan. Besteak beste, kultureari, ondareari eta kirolari lotutako proiektuak bultzatzeko diru-laguntzinoen lau deialdi onartu ditue. Honeek dira lau deialdiok:
- Euskal kultura-ondarea babesteko: Ondarearen alorrean dagoan aberastasuna katalogau eta digitalizetako laguntzinoak dira: Argazkiak, ikus-entzunezkoak, marrazkiak, mapak, kartelak, komunikabideetako txatalak... sartzen dira dokumentazino-lan horretan. 350.000 euro banatuko ditue.
- Ikus-entzunezko produkzinoa: Lau modalidadetan banatuko dabe deialdi hau, alor zehatzetara mugatuak. Fikzinozko film luzeak, aurrekontu txikiko film luzeak, sorkuntzako dokumentalak eta film laburrak dira lau modalidadeok. Igaz 24 proiekturi lagundu eutsen, eta aurten 2.260.000 euro emongo ditue.
- Sorkuntza lantegiak: Kulturgune independenteen jarduna babestuko dabe, arte adierazpenenetan barrikuntzea, talentua, parte-hartzea eta ingurumenagaz hartu-emona bultzatu deiezen. Igaz sei proiektuk jaso eben diru-laguntzinoa; aurten, 560.000 euro banatuko ditue.
- Kirol probetan parte hartzea: Zati bitan banatuta dator deialdi hau. Bata, nazinoarteko lehiaketa ofizialetan (gizon zein emakumeenak) jokatu nahi daben talde, klub eta antzekoentzat da; bestea, emakumeen ligetan parte hartu nahi dabenentzat. 440.000 euro emongo ditue danetara.
EiTB Nafarroan
Bestetik, Gobernu Kontseiluak baimena emon dau Nafarroan EiTB ikusteko hitzarmena luzatzeko. 2016an sinatu eben akordioa Eusko Jaurlaritzeak eta Nafarroako Gobernuak, eta gaur adostutako luzapenak ez dau funtsezko aldaketarik ekarriko. Hortaz, Nafarroan EiTBren irrati eta telebistak ikusten segidu ahal izango da.
Kidetasun historiko, kultural, linguistiko, turistiko eta soziokulturala dabe erkidego biek, alkarlanerako berezko jokereaz gan, hitzarmenean esaten danez. Horrek zilegitasuna emoten deutso erkidego bateko komunikabideak bestean jaso ahal izateari.
Behin Gobernu Kontseiluak oneretxia emonda, jagoken sailetako ordezkari gorenek sinatuko dabe, modu ofizialean, hitzarmenaren luzapena. Kasu honetan, Bingen Zupiria sailburuak Jaurlaritzearen izenean, eta Javier Remirezek Nafarroako Gobernuaren partetik.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!